SENDABELARRAK

Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) arabera, landare bat sendabelarra izateko, organo batean edo gehiagotan eragin terapeutikoa duten osagaiak eduki behar ditu edo, bestela, sintesi kimiko-farmazeutikorako baliagarriak diren osagaiak. Erakunde horrek, bestalde, sendabelarren erabilpena biziki aholkatzen die munduko herrialde guztiei. Ardura horren adierazgarriak dira argitaratzen dituen sendabelarren gaineko dokumentu piloa (gomendio-arauak, kalitate-kontrola, kontserbazio-jarraibideak, segurtasun eta eraginkortasunaren inguruko ikerketak zein balorazioak, sendabelar askoren monografiak eta abar).

Landareak betidanik erabili izan dira sendatzeko. Oro har, duela gutxi arte landareak bakarrik erabiltzen ziren gaitzei aurre egiteko. Fitoterapia sendabiderik garrantzitsuena izan da denboraren hasieratik. Baliabide naturalak erabiltzen ditu gaitzak sendatzeko.

Herrialde aberatsetan konposatu sintetikoak garatu ahala sendabelarrek galdu zuten indarra. Hala ere, azken urte hauetan, zenbait gaitzi aurre egiteko, berriro ere, sendabelarrak erabiltzen hasi dira. Egunez egun, gero eta gehiago, gainera. Egun, jende askok zenbait gaitzi aurre egiteko sendabelarrak erabiltzen ditu.

Sendabelarretara itzultzea lagundu du jakiteak zenbait gaitz sendatu ahal direla medikamentu sintetikoak hartu gabe, halaber, gaur egungo sendabelarren ezagutza kimikoa, farmakologikoa eta klinikoa, baita sendabelarrak hartzeko modu berriak eta horien kalitate-kontrol zorrotzagoak ere.

Nahiz, oro har, sendabelarren albo-ondorioak medikamentu sintetikoenak baino arinagoak izan, horrek ez du esan nahi kalte egiten ahal ez dutenik. Sendabelarrak ondo hartu behar dira eta hartzeko bideak ere ongi aukeratu, gaitzen sintomak aztertu ondoren. Sendabelarrak ez dira behar baino gehiago goratu behar, ezta horien ahalmenak gutxietsi ere. Gaitz bati aurre egiteko eraginkorrak direla frogatu duten sendabelarrak hartu behar dira, beste edozein medikamentu bezalaxe.

Sendabelar asko mendetan zehar erabili izan dira. Gaur egun, horietako asko erabiltzen dira. Era berean, oraingo medikamentu anitzen konposizioan jatorri begetala duten osagai asko izaten dira. Zalantzarik gabe, sendabelarrek zerbitzu bikaina eskaintzen diote gizarteari.

Sendabelarren ikasketak, beste jakintzagai askoren ikasketak bezalaxe, amaigabeak dira. Amaigabeak bezain erakargarriak eta txundigarriak. Gero eta gehiago ikertzen da. Landare askoren eragin farmakologikoa zientifikoki frogatu izan da. Bestalde, ikerketa-lanen ondorioz landareen eragin farmakologiko berriak aurkitzen dira. Teknika desberdinen bidez analisi asko egiten dira: mikrobiologikoak, pestizida-kontrolak, printzipio eraginkorren kontzentrazioak eta abar. Halaber, teknologia aurrerabideak direla eta, forma galeniko berriak, kalitate handikoak eta seguruak lortzen dira.

Antzinatik iritsi zaizkigun sendabelarren gaineko ezaguerak oso garrantzitsuak dira sendabelarrak ikertzeko, horien osagai edo printzipio eraginkorrak bilatzeko eta horien eragina aztertzeko. Gaur egun, sendabelar askoren osagaiak eta eraginak oso ongi ezagutzen dira, eta bidea ematen dute ikertzen jarraitzeko.

Horiek horrela, bada, aurrerantzean, sendabelarrei buruz idatziko dugu, agertuko den beste txoko berri batean. Itxaro dugu idazkiak gustura irakurriko dituzula eta onuragarriak izango zaizkizula. Ea asmatzen dugun.

Pello Iturria Sarasibar