KALEAN DA “ALDIRI ARKITEKTURA ETA ABAR” ALDIZKARIAREN 41. ZENBAKIA: URA GARA.

Ura gara. Gu, gure ingurua, gure mundua. Gure gorputzaren % 70 inguru ura da, eta portzentaje bertsuan Lurraren azalera urez estalita dago. Ura ez da ditugunen artean beste baliabide bat, oinarri-oinarrizko baliabidea baizik, funtsezkoena. Sarritan ahazten dugun auzia da hau, bai arkitektura egitean, bai eta lurraldea kudeatzean ere. 

Ura ondasun produktibo gisa ulertu ohi da, eta horren arabera egiten da bere kudeaketa. Uraren Kultura Berria, 90eko hamarkadan sortutako gizarte-mugimendu izatetik, ura kudeatzeko modu berriak defendatzen dituen filosofia da egun, edozer gauzaren gainetik, ura, ura eskura izatea, beste edozeren gainetik eskubide dela defendatzen duena.

Urak guztian du eragina: energiaren sorkuntza eta kudeaketan, gure eta inguruaren osasunean, gure egunerokotasunean. Baina baita beste eremu ez hain fisikoetan ere: alor identitarioan, kasu. Euskal Herrira etorrita, ezin dugu gure izana, gure paisaia edo ingurua, burdinolak eta ondoren errotak eragiten zituen ura gabe ulertu. Edo burdin mea garbitu edo garraiatzeko ezinbestekoa zen modu bateko edo besteko ura gabe. Gure identitatean ere eragin zuzena du urak, zein litzateke gure izaera, euririk gabe? Telebistako iragarkiaren lemak dioen moduan (askotan gertatzen ez den moduan, euskaratik pentsatutakoa hau), «ura da, gu gara».

Udako Euskal Unibertsitateko dendan dago eskuragai: http://www.ueu.eus/denda/ikusi/aldiri_41__ura_gara

Aurki izango da kalean ere hurrengo zenbakia (42): Doktrinazio arkitekturak. Ez ahaztu, “Arkitekturek gure gorputzak adoktrinatzen dituzte”.