EUSKARALDIAREN AURKEZPENA, IKUSPEGI ZIENTIFIKO BATETIK IKUSIA

Larunbatean, azaroak 10 zituela, Facebook-ek oroitarazi zidan duela 3 urte Iruñeko Planetario aurrean egindako argazki bat zintzilikatu nuela, zeinetan EUSKARALDIA osatzen zuten hizkien letrak eutsiz Iruñea eta inguruan zientzia eta teknologia alorretan jarduten zuten hainbat lagun euskaldun agertzen ziren. Izan ere, duela 3 urte ospatu baitzen Euskaraldiaren 1. edizioa eta hura aitzakia-edo hartuta, besteak beste, ordura arte (edo betidanik) euskaraz egiten ez zelako uste hori aldatzeko asmoarekin zientziaren mundu zabalean genbiltzan batzuk elkartu eta gure aletxoa ipini nahi izan genuen. Pozgarria izan da bilakaera, hasiera hartan 7 lagun nafar euskaldun, argazkia ateratzeko unean, 20 bat inguruan eta 3 urteren buruan 65eko taldetxo bat osotzea lortu baitugu.

Urte hartako azaroan beteko zituen Iruñeko Planetarioak 25 urte; Euskaraldia ekimenaren sortzearekin bat sartu zen berau ere helduaroan, eta ordutik hona (eta aurretik ere) euskarari eskainitako lekuari aitortza egitearena ongi deritzot, esaterako, ikastetxeei STEAM arlotan aholkularitza programa eta jardueratan hainbat zientzialari euskaldun baitabiltza Planetariok lagunduta.

Pasadizo gisa, argazkia Twiterren ere zintzilikatu, ETBtik ikusi eta ‘Eguraldia’ saioaren amaieran izaten diren euskal geografiako toki ezberdinetako argazkiekin batera erakusteko baimena eskatzeko idatzi zidaten mezu bat. Tira, meteorologia ere bada zientziaren adarretako bat. Behintzat argazkia ona irudituko zitzaienaren zutenaren seinale; argazkigintzak ere edukiko zuen hor bere balio zientifiko eta teknologikoa… Eta noski, ETB iristen den leku guztietan ikusi ahal izan zuten Iruñean, izarren behatokiaren eraikinaren aurrean, lagun talde bat bildu zela EUSKARALDIA hitza osatzen zuten borobiltxo koloredunak eskutan eusteko denok batera.

Planetarioko euskarazko eskaintzaz gain, artikulura ere ekarri nahi dut egunotan ikusgarri dagoen Nafarroako Unibertsitateko Zientzia Museoak EHUko Kultura Zientifikoko Katedrarekin elkarlanean “Zientzia kalean” izeneko egitasmoa, non, Iruñean zehar, billabesa geltokietako markesina hainbatetan eguneroko gauzen atzean (ogia, fruta, autoa, sakelakoa,…) dagoen zientzia erakusten den, edonorentzat ulergarri, intuitibo eta hortaz erakargarri suertatzen diren infografia formatuan diseinatuta, euskaraz eta gazteleraz. Beste ekimen interesgarria ere NUPek aurten abiatu duena, ‘Zientzia puntu-puntuan’ izenekoa, podcast bitartez gaurkotasunezko gaien inguruko grabazioak jasoz modu ulergarrian esandako azalpen zientifikoekin eta sarean zintzilikatuz, edonorentzat eskuragarri egon daitezen.

Berriro denboran atzera eginez, 2017 urteko maiatzean hain zuzen, UEUk, ikerlari euskaldunen ikusgarritasuna bultzatzea, beraien arteko ezagutza sustatzea eta euskarazko zientzia ekoizpena areagotzea xedetzat daraman Ikergazte Kongresuaren 2. edizioa Iruñean ospatzea deliberatu zuen. Euskal lurralde guztietatik bertaratukoak NUPeren El Sario eraikinean elkartu ziren hemengoekin, denetara 150 ikerlari inguruk parte hartu zuten euskarazko jardunaldiotan. Iruñeko kongresu honetan Jose Ramon Etxeberria maisu handia entzuteko ohorea ere eduki genuen, irekiera hitzaldietako bat berari egokituta.

Atzo bertan, Planetario aurrean egindako argazkiaren egunetik 3 urtetara, gauzatu zen euskaldunon hiri buruzagiko Burgoetako plazan honokoan, Euskaraldiaren 3. edizioaren aurkezpena iragartzeko argazki ofiziala, bertan euskal lurralde guztietatik Euskalgintzako eta Erakundeetako hainbat pertsona bertaratu zirelarik. Eguraldia polita atzokoa, lekua ere aparta, beraz argazkia dotorea. 1. edizioa, aurrenekoak izaten ohi direnez, probatzeko, gaizki egindakoak gure buruari barkatu eta ongi egindakoetatik ikasteko balio behar izango liguke; bigarrenak, etxealdian harrapatu gintuen, eta besterako ez bazen ere, sareetan argazkiak batera eta bestera hedatu eta teknologia berriak euskaraz ere hauspotzeko balio izan zigun. Hirugarreneko ariketak, tartean xomorro edo bestelako erauntsirik ez bada, heldu den urteko azaroaren 18tik abenduaren 2a bitartean burutu ahal izango ditugu gure kaleetan zehar; eta bestela, adimen artifizialaren zirrikituetan zehar murgilduta moldatzen halabeharrean ikasi dugunez, ingurune birtuala baliatuko dugu.

Beste hizkuntzetan garatutakoaren aldean, euskarazkoan oraindik badaukagu aurretik bidea jorratzeko, eta sarritan haizeak ere ez du gure alde jotzen. Ordea, nago gure txikitasunetik ekinez ari gatzaizkiola duintasunez eusten, eta euste horretan dugula orain erronka; ‘Hitzez ekiteko garaia’ dugularik, ekin diezaiogun hitzez baita zientziaz ari bagara ere.

https://labur.eus/a7Vme