FRANCISCO FALCONE LANAS IRAKASLEA DA NUPEKO SMART CITIES INSTITUTUAREN ZUZENDARI BERRIA

ISC institutuaren zuzendaritza-talde berria. Ezkerretik eskuinera: Asier Marzo, Francisco Falcone eta Luis Serrano

Luis Serrano Arriezu eta Asier Marzo Pérez irakasleek laguntzen diote Institutuko zuzendariorde eta idazkari gisa hurrenez hurren

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Saileko irakasle Francisco Falcone Lanas da Smart Cities Institutuaren buru (ISC) 2021eko maiatzaz geroztik. Zuzendaritza-taldeko beste kideak Luis Serrano Arriezu sail bereko irakaslea eta Asier Marzo Pérez Estatistika, Informatika eta Matematika Saileko irakaslea dira, Institutuko zuzendariorde eta idazkari hurrenez hurren.

ISCren diziplina anitzeko taldea NUPeko zazpi sailetako ehun ikertzailek baino gehiagok osatzen dute. Institutuan, hainbat gai jorratzen dira, hala nola datuen analisia eta seinaleen prozesaketa, gauzen Internet, jasangarritasuna eta efizientzia energetikoa, plataforma sentsoriko eta elektronikoak, komunikazio sistema aurreratuak eta prozesuen optimizazioa. Institutuak 150 proiektutan hartu du parte 2016-2020 aldian (14,5 milioi eurotik gorako finantzaketa), eta 230 OTRI kontratu baino gehiago sinatu ditu (4,6 milioi eurotik gora).

Francisco Falconeren curriculuma

Francisco Falcone Telekomunikazioko ingeniaria eta doktorea da NUPen. 2003an hasi zuen karrera Unibertsitatean, irakasle elkartu gisa lehenbizi eta unibertsitateko titular gisa 2011tik. 2009an NUPen spin-off baten sortzaileetako bat eta lehenbiziko kudeatzailea izan zen, Tafco Metawireless enpresarena. 2019tik, NUPeko Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Sailaren zuzendaria da, Unibertsitatean beste kargu batzuetan aritu ondoren. 2018an irakasle bisitari izan zen Kuwait College of Science and Technology zentroan (KCST), Kuwaiten.

Bere ikerketa-esparrua elektromagnetismo aplikatua da, batez ere haririk gabeko komunikazio-sistema, testuinguru-ingurune, gailu pasibo eta “wireless power transfer” motako sistemei aplikatua. Francisco Falconek 205 artikulu baino gehiago idatzi ditu ISI-WOK aldizkari indexatuetan, eta 400 hitzalditik gora eman ditu nazioarteko eta Espainiako kongresuetan. Horretaz gainera, bi liburu eta sei liburu-kapitulu idatzi ditu. Finantzaketa publiko nahiz pribatuko 80 proiektu baino gehiagotan hartu du parte. Gaur egun, zenbait aldizkariren editore elkartua da: “IEEE Antenas and Wireless Propagation Letters” (2016tik), “IEEE Sensors Letters” (2017tik) eta “Scientific Reports” (2021etik).

Bestalde, ikerketa-sari batzuk ere irabazi ditu, hauek besteak beste: CST Best Paper Award 2003an eta 2005ean, Telekomunikazio Ingeniarien Elkargoaren 2005eko Saria Doktoretza-tesi Onenari, NUPeko Zientzia Esperimentaletako Doktoretza Saria (2004-2006), Juan López de Peñalver 2010eko Saria Ikertzaile Gazte Onenari, Ingeniaritzako Espainiako Errege Akademiaren Saria eta Berrikuntza Teknologikoaren XII. Talgo Fundazioaren Saria (2012). Gainera, komunikazio onenaren saria ere eman diote nazioarteko zenbait biltzarretan, ECSA eta ISSI biltzarretan esaterako.