NUPEKO BOST IKASLEK “MILUZ” IZENEKO APLIKAZIOA GARATU DUTE ETXETRESNA ELEKTRIKOAK KONEKTATZEKO PREZIORIK ETA ORDURIK ONENAK ZEIN DIREN KALKULATZEKO

“MiLuz” aplikazioaren garatzaileak, NUPeko campusean. Ezkerretik eskuinera, zutik, Miguel Ángel Sánchez, Patxi Andueza eta Alejandro Zancas; eserita, Tyurkiyan Dzhemalova eta Javier Mc Conaghy

Beste ikasle batzuek ostatu eta diskoteketako asteko eskaintza eta promozioak biltzen dituen aplikazio bat diseinatu dute Ingeniaritza Telematikoko Proiektuak izeneko irakasgaian

Patxi Andueza, Tyurkiyan Dzhemalova, Javier Mc Conaghy, Miguel Ángel Sánchez eta Alejandro Zancas Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Telekomunikazioaren Teknologien Ingeniaritzako Graduko ikasleek “MiLuz” aplikazioa garatu dute. Elektrizitateak une jakin batean zer prezio duen adierazten du, eta etxetresna elektrikoak pizteko unerik onena zein den kalkulatzen. Ingeniaritza Telematikoko Proiektuak izeneko irakasgaian egin dute lan hori, eta beste ikasle batzuek Iruñeko ostatu eta diskoteketako asteko eskaintza eta promozioak biltzen dituen aplikazio bat diseinatu dute, “JaiaApp” izenekoa.

Ingeniaritza Telematikoko Proiektuen irakasgaia Eduardo Magaña Lizarrondok ematen du, NUPeko Ingeniaritza Telematikoko irakasle eta Institute of Smart Cities (ISC) institutuko ikertzaileak. Irakasgai horretako lanak egiteko, ahal dela, ideia berritzaileren bat aurkitu behar dute ikasleek, edo lehendik baden zerbait hobetu, eta prestakuntza teknologikoaren ikuspegitik beti. Prototipoa bizkor egiteko modukoa izan behar da, oraingo garaira eta baliabideetara egokitua, eta emaitza funtzionala izan behar du.

MiLuz” aplikazioak argindarraren prezioa bistaratzen du, eta, beraz, lagungarria da erabiltzaileek kalkula dezaten zein diren ordurik onenak aurrezteko. Aplikazioaren garatzaileen esanean, “erabiltzaileei aurrezteko modua ahalik eta gehiena erraztearren erabaki genuen aplikazio hau sortzea”.

Izan ere, tresnari begiratu hutsarekin jakiten ahal da une bakoitzean argiak zenbat balio duen eta maximoak eta minimoak zein diren. Egun jakin bateko prezioak ez ezik, aurreko eta hurrengo egunekoak ere erakusten ditu, eta, beraz, “aproposa da garbigailua edo beste etxetresna elektrikoren bat konektatzeko preziorik onena noiz den kalkulatzeko”, garatzaileek diotenez. Aplikazioak aukera ematen du, gainera, jakinarazpenak ezarri, eta aldian behin ohartarazpenak egiteko; hala, etxetresna elektrikoa pizteko ordurik onena aprobetxatuz, aurreztu eginen dugu elektrizitatearen fakturan.

Android gailuetan instalatzeko da aplikazioa, eta PlayStoretik eta https://miluzapp.es webgunetik deskargatzen da.

JaiaApp”, asteko eskaintzak

JaiaApp” aplikazioaren sortzaileak Mario Jiménez Pérez, Diego López-Davalillo González, Alejandro Márquez Gorricho eta Ignacio Margallo Navarro dira, Telekomunikazio Teknologietako Graduko laugarren ikasmailakoak denak. Iruñeko ostatu eta diskoteketako asteko eskaintzak eta promozioak biltzen dituen aplikazio bat da, Android gailuetarako diseinatua.

Establezimenduek sare sozialetan eta lokaletan bertan egiten dituzten eskaintzei eta iragarkiei buruzko informazioa ematen du. Bi leiho ditu aplikazioak: batean, egunean eguneko eskaintzak eta promozioak ikusten dira, egutegi batean; bestean, berriz, aplikazioko establezimendu guztiak ageri dira, eta haietako bakoitzak egin izan dituen eskaintzen zerrenda.

Aplikazioaren garatzaileek azaldu dutenez, “Iruñeko eta inguruko ostatuak sartu ditugu lehenbiziko fase honetan, prototipo funtzionala egin nahi baikenuen, baina proiektuak aurrera egin ahala leku gehiago sartzeko asmoa dugu”. Izan ere, “lehenbiziko bertsio honekin, erabiltzaileei zer iruditzen zaien jakin nahi dugu. Ez dugu interes komertzialengatik egin aplikazioa; aplikazio funtzional bat garatzen ikastea genuen helburua, eta taldean lan egitea”.

Gaur egun —diote—, eskaintzarik eta promoziorik onenak bilatzeko, ostatuz ostatu iragarkiei begira ibili behar dute haien kontsumitzaileek, edo sare sozialetan azkenaldian zer argitaratu duten begira. Pentsatu genuen interesgarria irudituko zitzaiela beharbada tresna bat edukitzea, informazio hori guztia bilduko zuena, eta edukia erraz ikusteko eta erabiltzeko modua emanen ziena aplikazio baten bidez”, zehaztu dute.

Ezkerretik eskuinera, “JaiaApp” aplikazioaren egileak: Ignacio Margallo Navarro, Alejandro Márquez Gorricho, Diego López-Davalillo González eta Mario Jiménez Pérez