GAITASUN FUNTZIONALAK

Ezkerretik eskuinera: Nicolás Martínez Velilla, Mikel Izquierdo, Mikel López Sáez de Asteasu eta Fabricio Zambóm-Ferraresi ikertzaileak (argazkia: Navarrabiomed)

Ospitalean dauden 75 urtetik gorako pazienteek gaitasun funtzionalak berreskuratu dituzte doitasunezko ariketa fisikoko programa bati esker

Hala frogatu du Mikel Izquierdo Redín eta Nicolás Martínez-Velilla NUPeko eta Navarrabiomedeko ikertzaileek koordenatutako ikerketak

NUPeko, Nafarroako Unibertsitate Ospitaleko eta Navarrabiomed zentroko zenbait ikertzailek ikerketa batean ondorioztatu dutenez, “3 egunez bana-banako ariketa fisikoko programa bat egiteak arindu egiten du ospitalean egotearekin lotutako desgaitasuna 75 urtetik gorako pertsonengan”. Nicolás Martínez-Velilla eta Mikel Izquierdo Nafarroako Gobernuaren eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren ikerketa biomedikoko Navarrabiomed zentroko ikertzaileek koordinatu dute ikerketa, eta haren emaitzak Estatu Batuetako Medikuen Elkartearen aldizkarian argitaratu berri dira, “Journal of the American Medical Association” izenekoan.

Batik bat adinekoek dute ospitaleratzeko arriskua, baita narriadura funtzional eta kognitiboa sufritzekoa ere. Alta eman eta urtebetera, ospitaleratutako paziente geriatrikoen erdiek baino gehiagok ez dute berreskuratu ospitaleratu aurreko maila funtzionala, eta pertsona horiek arrisku handiagoa dute zahar etxe batean sartu behar izateko, baita hiltzeko ere.

Ikerketa honek aurrekoen emaitzak egiaztatzen ditu, hots, ospitaleratutako pertsonentzat osagai anitzeko ariketa fisikoko programa bat oso eraginkorra izan daitekeela eguneroko bizitzako jarduerak egiteko gaitasuna ez galtzeko. Beren egoera kognitiboak, bizi-kalitateak eta bestelako alderdiek ere hobera egin zuten.

Ikertzaileek azaldu dutenez, emaitza horiek bidea erakusten dute ospitaleratze medikoko unitateek beren paradigma tradizionala alda dezaten, hain zuzen eritasunari bakarrik erreparatu beharrean ospitaleratze tradizionala (ohean egotean oinarritu izan dena) pazientearen egoera funtzionalari negatiboki eragiten dion seinale klinikotzat joko duen paradigma batera.

Honakoa hauek dira lanaren egileak: Mikel Izquierdo eta Mikel López Sáez de Asteasu, NUPeko Osasun Zientzien Sailekoak; Fabricio Zambóm-Ferraresi, Navarrabiomedeko ikertzailea Nicolás Martínez-Velillarekin batera, zeina Nafarroako Unibertsitate Ospitaleko Geriatria Zerbitzuaren burua ere baita; Pedro Abizanda, Albaceteko Ospitaleguneko Geriatria Zerbitzuaren burua; Javier Gómez-Pavón, Madrilgo Gurutze Gorriaren San Jose eta Santa Adela Ospitaleko Geriatria Zerbitzuaren burua; eta María Fiatarone-Singh, Sidneyko Unibertsitateko Osasun Zientzien Sailekoa (Australia).

Ikerketak zenbait erakunderen finantzaketa jaso du, Nafarroako Gobernuarena, Espainiako Gobernuarena, Europar Batasunarena eta “la Caixa” eta Nafarroako Kutxa fundazioena.

Doitasunezko ariketa fisikoa

Ikerketan parte hartu duten lagunek 3 egunez indar-, oreka- eta ibilketa-ariketez osatutako bana-banako eta kontrolpeko programa bat gauzatu zuten ospitalean, norberaren ahalbideetara egokitua, baita beren eritasunen fase akutuan ere. Parte-hartzaile bakoitzaren egoeraren arabera, gaitasun muskularraren % 30 eta % 60 bitarteko intentsitateko entrenamenduak zehaztu ziren, hankak eta besoak lantzeko ariketak egiteko. Saioek hogei minutu irauten zuten, eta egunean bi aldiz egin behar izaten zituzten (goizez eta arratsaldez), ondoz ondoko bost, sei edo zazpi egunez (asteburuak eta jaiegunak barne), adinekoentzako ariketa fisikoaren arloko aditu batzuek banan-banan ikuskatzen zituzten bitartean.

Ariketa fisikoko programa hori VIVIfrail entrenamendu programatik egokitu zen, Europako zazpi herrialdetan arrakastaz probatu baitzen hauskortasun arazoak dauzkaten mila bat lagunekin. Ikerketa hura paziente bakoitzaren zirkunstantzia klinikoetara egokitua egon zen beti, eta “argi gelditu zen ezen, haien hasierako osasun egoeran konplikazioak eragin ordez, hauskortasuna prebenitzeko lagungarria zela, baita ospitaleko egonaldi pasiboari lotutako arazoak deuseztatzeko faktore bat eta eritasuna gainditzeko motibaziobide bat ere”, laburbildu dute Nicolás Martínez-Velilla eta Mikel Izquierdo ikertzaileek.

Gure ikerketak erakutsi duenez —azaldu du Mikel Izquierdo katedradunak—, osagai anitzeko ariketa fisikoko bana-banako esku-hartze berritzailea, intentsitate ertaineko erresistentzia-entrenamendua barne hartzen duena oso epe laburrean (hiru egunekoa batez beste), egingarria da, eta arindu egiten du ospitaleratzearekin lotutako desgaitasuna. Horrek zabaldu egin ditu aurreko ikerketetako aurkikuntzak, zeinetan ospitaleratutako adinekoen beste talde batean eguneroko bizitzako jarduerak bortizki murriztea saihestu baitzen”.

Ikertzaileek ondorioztatu dutenez, adineko pazienteen edo paziente hauskorren eguneroko bizitzako jarduerak hobetzeko, mugikortasuna sustatze hutsa edo ohetik altxatze hutsa baino modu intentsiboagoan heldu behar zaie pazienteei, eta programa hori inplementatzeko egunen kopurua eta ariketen intentsitate moderatua faktore garrantzitsuak dira ospitaleratutako adinekoen onurak optimizatzeko.

Batzuetan —erantsi dute—, uste dugu hobekuntza teknologikoek edo azken tratamendu berritzaileek gure problema guztiak konpon ditzaketela, baina ez gara ohartzen ospitaleratzeak sortzen duen desgaitasunak eragin handiagoa eduki dezakeela ospitaleratzea bera bultzatu zuen eritasunak baino. Alde horretatik, behin eta berriz azpimarratzekoa da ariketa fisikoak gaixotasunen prebentzioan eta tratamenduan izan dezakeen eragin positiboa”.