NUPen prestatzen ari diren Bigarren Hezkuntzako biharko irakasleak Biologian aplikatutako errealitate birtualean trebatu dira
Esther Gonzálezen ekimenak NupLab taldearen laguntza du, eta taldeko kide dira Asier Marzo, Óscar Ardaiz eta Amalia Ortiz
Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Bigarren Hezkuntzako Irakasletzako Masterreko ikasleek prestakuntza saio batean hartu zuten parte duela gutxi, Biologia gelan errealitate birtualeko aplikazioak nola erabili ikasteko. Biologiako Osagarriak irakasgaian izan zen, Esther María González García NUPeko Zientzien Saileko irakaslearen eta Biologia Aplikatuko Diziplina Anitzeko Ikerketarako Institutuko (IMAB) kidearen ikuskaritzapean. Jarduera errealitate birtualeko betaurrekoekin egin zen, eta horretarako NupLab taldearen laguntza izan zuten. Talde horretakoak dira Asier Marzo Pérez, Oscar Ardaiz Villanueva eta Amalia Ortiz Nicolás irakasleak (horiek guztiak NUPeko Smart Cities Institutukoak, ISC), eta gailu berritzaile interaktiboak sortzea ahalbidetzen duten teknologietan ikertzen dute.
NUPeko Bigarren Hezkuntzako Irakasletzako Unibertsitate Masterrak lanbide hauetan aritzeko gaitasuna ematen du: Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Hizkuntzetako irakasle. Jarduera honetan parte hartzen duten irakasleek azaldu dutenez, “errealitate birtualaren aplikazioa bereziki interesgarria da Biologia eta Geologiako espezialitatean, non Bigarren Hezkuntzako curriculumean jasotako kontzeptuetako asko korapilatsuak eta abstraktuak baitira adin horretako ikasleentzat. Ikasleak testuinguru natural edo mikroskopikoetan murgiltze aldera errealitate birtualaren erabilera aztertzea lagungarri izaten ahal da edukiaren integrazio eraginkorrago baterako, eta, hortaz, ikasleek esparru horretan dituzten gaitasunak hobetzeko”, esan dute.
Arrazoizko prezioko tresnak
Irakasleek aipatzen dutenez, egun “errealitate birtualeko betaurrekoek arrazoizko prezioak dituzte, eta litekeena da bigarren hezkuntzako ikastetxeen tresna izatea. Baina betaurrekoak erabiltzeko, irakasleek aldez aurretiko prestakuntza jaso behar dute eta estrategia mota horrek eskaintzen ahal dituen onurak zein diren jakin. Inguruneek bideo-jokoaren estetika izaten ahal dute edo irudi eta benetako pertsonaiak erabiltzen ahal dituzte 360 º-ko eta interaktibitateko bideoekin. “Tresna horren erabilerari esker ikaskuntza benetako eta esperientzial bat gertatzen da, ahazten ez dena eta ikasgelako hormak haustea ahalbidetzen duena. Estrategia horrek aukera ematen du biharko irakasleei erakusteko badaudela erabiltzen ahal diren ikasteko modu konplexu eta dibertigarriak”, esan dute.
“Errealitate birtualeko aplikazioen bidez ikasleak egiazkoa dirudien eta ikaskuntza indartzen duen ingurune simulatuko ezagutza interaktibo eta praktiko batean murgiltzen ahal dira. Azken urteetan, tresna hori zenbait esparrutan garatu da, eta egun aukera ematen du murgiltze esperientziak eskaintzeko eta zenbait testuingurutan erabakiak hartzea praktikatzeko”, ondorioztatu dute.
Be the first to comment on "BIOLOGIAKO OSAGARRIAK"