NUPek 2021eko Ikerketa Sariak eman dizkie ikerketa-ibilbide eta ekarpen zientifiko hoberenei
Teknologiaren edo ezagutzaren transferentziaren emaitza hoberena ere saritu da ekitaldi instituzional horretan
Pablo Sanchis Gúrpide Ingeniaritza Elektrikoko katedradunak eta Fernando Lera López Ekonomia Aplikatuko katedradunak irabazi dituzte Nafarroako Unibertsitate Publikoaren 2021eko Ikerketa Sariak, ikerketa-ibilbide osoa nabarmentzeko ematen direnak, eta Idoia Labayen Goñi Fisiologiako irakasle titularrak eta Izaskun Villarreal Olaizola Ingeles Filologiako irakasleak, berriz, 2019. eta 2020. urteetako ekarpen zientifiko hoberenen sariak. Ekitaldi horretan, 2019an edo 2020an bukatutako proiektu edo kontratu baten emaitza gisara teknologia edo jakintza transferitzeko emaitzarik hoberenaren saria ere eman da, eta Mikel Galar Idoate Konputazioaren Zientziako eta Adimen Artifizialeko irakasle titularrak irabazi du.
2021eko Ikerketa Sariak Olibondoak eraikineko gradu-aretoan eman ziren, Ramón Gonzalo errektorea buru izan zuen ekitaldi instituzional batean, eta ikerketa-ibilbide pertsonalik eta ekarpen zientifikorik hoberenak nabarmendu zituen NUPek horrela. Errektoreak agurra eta ongietorria egin ondoren, Francisco Javier Arregui San Martín Ikerketako errektoreordeak sarien esleipenaren ebazpena irakurri, eta, gero, diplomak banatu zituzten.
Sariek 2.800 €-ko diru-esleipena dute kategoria bakoitzerako, eta, transferentzia teknologikoaren emaitzarik hoberenaren sariaren kasuan, proiektuan parte hartu duten bost ikertzaileen artean banatu da zenbateko hori.
Pablo Sanchis katedradunak eskerrak eman zituen aitortza jaso duten ikertzaile guztien izenean. “Uste dut guztion izenean ari naizela esaten badut ikerketa-karrera ez dela erraza. Bokaziozko karrera da, eta, horregatik hain zuzen, ahalegin handia eskatzen du, askotan ingurukoei eragiten diena”, esan zuen. Aipamen berezia egin zien “familiari eta gurasoei, belaunaldi horren ahaleginari eta lanari esker beharrezko aberastasuna sortu baitzen unibertsitate hau posible egiteko, besteak beste”.
Bere hitzaldian, ikerketak desafioei aurre egiteko duen eginkizuna aldarrikatu zuen, baita talde lanaren balioa azpimarratu ere; “talde lanean aurrera egiten dugu —adierazi zuen—, eta elkarrekin gai gara ezagutza zientifikoan eta gizartearen garapenean laguntzeko”.
Diplomak banatu ondoren, Ramón Gonzalo errektoreak itxiera eman zion ekitaldiari, eta saridunei eskerrak eman zizkien “Nafarroako Unibertsitate Publikoa Nafarroako erakunderik garrantzitsuenetako bat izan dadin egiten duzuen ahaleginagatik, dedikazioagatik eta lanagatik”. Gogora ekarri zuen ezen erakunde akademikoa Espainiako unibertsitateen artean liderra dela eskualde garapenari egindako ekarpenean, eta ikerkuntzaren aldeko apustua funtsezkoa dela NUPen. Irakaskuntzaz eta ikerkuntzaz gain, ezagutzaren transferentzia eta dibulgazioa azpimarratu zituen, “horiek sustatzen segitu behar baitugu gizarteak jakin dezan zer egiten dugun eta gure lanak nola eragiten duen garapen ekonomiko eta sozialean”.
Ikerketa-ibilbide gailenak
Esan bezala, bi ikerketa-ibilbide pertsonal ere aitortu ziren: Zientzia Zehatz, Biologiko, Mediko eta Teknologikoen arloetako ikerketa-saria Pablo Sanchis Gúrpide Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Saileko Ingeniaritza Elektrikoko katedradunari eman zioten, eta Giza eta Gizarte Zientzien, Zientzia Juridikoen eta Zientzia Ekonomikoen arloetakoa, berriz, Fernando Lera López Ekonomia Saileko Ekonomia Aplikatuko katedradunari.
Ondoren, 2019. urtean Zientzia Zehatz, Biologiko, Mediko eta Teknologikoen arloetan egindako ekarpen zientifikorik hoberenaren saria Idoia Labayen Goñi Osasun Zientzien Saileko irakasleari eman zioten, “From conception to infancy – early risk factors for chilhood obesity” izeneko artikuluarengatik, zeina beste ikertzaile hauekin batera idatzi baitzuen: Elvira Larqué, Carl Erik Flodmamrk, Inge Lissau, Sarah Czernin, Luis A. Moreno, Angelo Pietrobelli eta Kurt Widhalm.
Bestalde, 2020. urtean Giza eta Gizarte Zientzien, Zientzia Juridikoen eta Zientzia Ekonomikoen arloetan egindako ekarpen zientifikorik hoberenari dagokionez, saria Izaskun Villarreal Olaizola irakaslearentzat izan zen, “The effect of collaborative wirting in an EFL secondary setting. Language Teaching Research” artikuluarengatik, Nora Gil-Sarratea irakasle eta ikertzailearekin batera idatzitakoarengatik.
Azkenik, teknologiaren edo ezagutzaren transferentziaren emaitza hoberenaren saria “Detección de defectos estéticos mediante Deep Learning III” izeneko kontratuaren parte-hartzaileentzat izan zen: Mikel Galar Idoate, Mikel Elkano, Mikel Xabier Úriz, Daniel Paternain, Iris Domínguez eta Humberto Bustince.
You must be logged in to post a comment.