MIURA 1 SUZIRIA

Ezkerretik eskuinera, Iñigo Ederra, Jorge Teniente eta Juan Carlos Iriarte ikertzaileak, NUPeko campusean

Sateliteak jaurtitzeko balio duen lehenbiziko suziri espainiarraren hiru antenak diseinatu dituzte NUPeko zenbait ikertzailek eta Anteral spin-off enpresak

Behin baino gehiagotan erabiltzen ahal den suziria da Miura 1, eta aurtengo bigarren seihilekoan izanen du estreinako hegaldia

NUPeko Smart Cities Institutuko ikertzaile talde batek eta Anteral spin-off enpresak Miura 1 suziriaren hiru antena lauak diseinatu dituzte, Espainiako lehenbiziko satelite-jaurtigailuarenak, alegia, zeinak 2022ko bigarren seihilekoan izanen baitu estreinako hegaldia. PLD Space enpresa elxtarrak, Miura 1 suziriaren arduradunak, suziriaren abionika garatzeko eskatu zion GMV fabrikatzaileari, eta, hark, bestalde, Anteral enpresa nafarrari eman zion antenak diseinatzeko ardura. Suziriaren eta lurreko kontrol-estazioaren arteko komunikazio etengabea bermatu behar zuten antena horiek.

Zehazki, Iñigo Ederra Urzainqui, Jorge Teniente Vallinas eta Juan Carlos Iriarte Galarregui NUPeko Antenen Taldeko ikertzaile eta Smart Cities Institutuko kideek (ISC) hartu dute parte suziriaren hiru antenen diseinua eta prototipoa egiteko prozesuan. Miura 1 suziria 150 kilometroko altuera maximoa lortzeko dago prestatua, eta bere helburu nagusia satelite txikiak espaziora eramatea da; izan ere, gailu mota horiek gorantz ari dira aplikazio berrien etengabeko garapenari esker.

Antenetako batek telekomandoko eta telekontroleko funtzioak betetzen ditu: jaurtikiaren egoerari buruzko informazioa transmititzen du, eta, kontrolgunetik, aukera ematen du beharrezko parametroak aldatzeko; beste antena batek suziriaren posizioa monitorizatzen du GPS bilaketaren bidez, eta hirugarrena larrialdietarako da.

Proiektua 2022ko bigarren seihilekoan burutuko da, aurreikuspenen arabera orduan eginen baita jaurtigailuaren proba-hegaldia.

Proiektuaren desafioak

Iñigo Ederra ikertzaileak azaldu duenez, “antena horiek eraikitzea prozesu konplexua eta zorrotza da, eta zenbait prototipo desberdin lantzea eskatzen du, hasierako diseinuan behar diren aldaketak eta doikuntzak egiteko”. Alde batetik, Miura 1 suziriaren dimentsioak, bolumena eta azalera kontuan hartuta diseinatzen dituzte antenak; bestetik, maiztasun-banda guztiak estali behar dituzte, eta une oro bermatu jaurtigailuaren konektagarritasuna.

Jaurtigailuen hegaldietan —azaldu du Ederrak—, segimendu-estazioarekiko posizioa asko aldatzen da. Suziriaren kokapena, norabidea eta orientazioa edozein direla ere suziriak lurreko estazioarekin etenik gabeko komunikazioa izatea da gure helburua, eta, horretarako, ezinbestekoa da antenek norabide guztietan igortzea”. Gainera, antenek tenperatura tarte zabal batean behar bezala funtzionatzen dutela bermatu behar dute, eta fidagarritasunari eutsi hutseko baldintzetan lan egitean.