Nerea Ariz eta Evelyn Vanegas NUPeko ingeniariek irabazi dute Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedraren poster lehiaketa
NUPeko beste bi egresatuk, Nerea Arriazuk eta Judit Otazuk, bigarren saria eskuratu dute ingeniaritzako ikasketa amaierako lanengatik
Nerea Ariz Alquegui NUPeko Industria Ingeniaritzako masterdunak eta Evelyn Dayanara Vanegas Tenezaca NUPeko Telekomunikazioaren Teknologien Ingeniaritzako graduatuak irabazi dute Emakumeek Zientziaren eta Teknologiaren Arloetan egindako Ikasketa Amaierako Lanei buruzko Poster Lehiaketaren IV. edizioa, Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedrak antolatua. Sari gisa 900na euro eskuratu dituzte. Orobat, Nerea Arriazu Ramosek (Industria Ingeniaritzako masterduna) eta Judit Ortazu Redínek (Informatika Ingeniaritzan graduatua) bigarren postua lortu dute lehiaketa horretan, eta, beraz, 450na euro eskuratu dituzte.
Lehiaketaren finala Nafarroako Kutxa Fundazioaren Kultur Zentroan, Civicanen, Ikertzaileen Gau Europarrean (Iruñea) izan zen. Erakunde akademikoak antolatu zuen, eta Zientziarako eta Teknologiarako espainiar estatuko Fundazioak (FECYT) eta Nafarroako Gobernuaren Cosmos 22 programak finantzatu zuten.
Gurutze Pérez Artieda Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedraren zuzendari eta NUPeko Smart Cities Institutuaren ikertzaileak (ISC) banatu zituen sariak.
Saridunak, banaka-banaka
Nerea Ariz Alqueguik bere master amaierako lana defendatu zuen. Lan horretan, sorgailu termoelektriko bat diseinatu eta optimizatu zuen, Timanfaya Parke Nazionalean ezartzeko eraikia (Lanzarote), zeinak, jatorri bolkanikoko bero geotermikoa aprobetxatuta, energia berriztagarria sortzeko helburua zuen. Proiektuak ISC Institutuko ikertzaile eta Ingeniaritza Saileko irakasle hauek izan zituen zuzendari: David Astrain Ulibarrena katedraduna eta Miguel Araiz Vega irakaslea.
Bestalde, Evelyn Dayanara Vanegas Tenezacak gradu amaierako lana aurkeztu zuen, laborategiko aplikazioak egiteko detekzio optikoko sistema baten diseinuari eta optimizazioari buruzkoa. ISC Institutuko bi ikertzaile izan ziren zuzendariak: Rosa Ana Pérez Herrera Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Saileko irakaslea, eta Mikel Bravo Acha.
Bigarren sariei dagokienez, Nerea Arriazu Ramosek bere master amaierako lana laburbiltzen zuen poster batekin parte hartu zuen. Bertan, kontrol prediktibo bat egin zuen potentzia handiko “offshore” haize-sorgailu gama berriari aplikatuta (itsasoan kokatuak). ISC Institutuko bi ikertzaile aritu ziren lanaren zuzendari: Javier Samanes Pascual Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Saileko irakaslea, eta Leyre Rosado Galparsoro.
Azkenik, Judit Otazu Redínek gradu amaierako lana laburbildu zuen bere posterrean; lan horretan, IVFARC algoritmoa optimizatzeko tarte-baloratutako multzo lausoak sortu zituen. Lan horren zuzendaria José Antonio Sanz Delgado izan zen, Estatistika, Informatika eta Matematika Saileko irakasle eta ISC Institutuko ikertzailea.
Hauek izan dira beste finalistak: Ainhoa Albistur Ahechu (Industria Ingeniaritzako Masterra), Lorea Albistur Ahechu (Industria Ingeniaritzako Masterra), Sara León Ecay (Nekazaritzako Ingeniaritzako Masterra), María Razquin Triguero (Industria Teknologien Gradua) eta María Senosiáin Corera (Industria Teknologien Gradua).
Emakumeek Zientziaren eta Teknologiaren Arloetan egindako Ikasketa Amaierako Lanei buruzko Poster Lehiaketaren IV. Edizioan gradu edo master amaierako lana 2021-2022 ikasturtean defendatu duten NUPeko emakumezko ikasleek har zezaketen parte, betiere lanen edukia zientziaren eta teknologiaren esparrukoa bazen. 2022-2023 ikasturtean NUPeko masterretan matrikulatuta dauden emakumeek ere hartzen ahal zuten parte, beren gradu amaierako lana beste unibertsitate batean defendatu bazuten ere.
Emakume gehiago zientzian eta teknologian
NUPek eta Nafarroako Gobernuak 2019an sortu zuten Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedra. Katedraren xedea da emakumeek zientzian eta teknologian parte har dezaten bultzatzea, emakume kopurua handiagotuz ZTIM titulazioetan (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematika), bai eta arlo horietako ikerketa sustatu eta haietan genero ikuspegia sartzea ere.
Haren jardueren artean azpimarratzekoak dira Emakumeari, Zientziari eta Teknologiari buruzko urteroko jardunaldiak, eta Yo quiero ser científica antzezlana, non NUPeko ikertzaile emakumezko batzuek historiako emakume zientzialari garrantzitsu batzuen paperean sartzen diren.