AITZIBER CALLEJA SATRUSTEGUI

 

Aitziber Calleja NUPeko doktoregaiari ikertzaile gazte onenaren saria eman dio Nitrogenoa Nekazaritzan Modu Efizientean Erabiltzeko Sareak

RUENA Sareak ikertzailearen lana oso originala eta berritzailea dela nabarmendu du, eta potentzial handia duela nekazaritzaren sektorean aplikatzeko

 

Aitziber Calleja Satrustegui Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) doktoregaiari ikertzaile gazte onenaren aintzatespena egin dio Nitrogenoa Nekazaritzan Modu Efizientean Erabiltzeko Sareak (RUENA) sariketa horren lehenbiziko edizioan, Sarearen 19. bileraren barnean, Zaragozan. Zehazki, Sarea osatzen duten zortzi enpresa babesleek, lanaren ebaluazioa egitean, bereziki originala eta berritzailea izateagatik eta nekazaritzaren sektorean aplikatzeko potentziala izateagatik nabarmendu dute Callejaren lana, hain zuzen nekazaritzan nitrogenoaren erabilera era efizienteagoan erabiltzen laguntzeagatik.

Sarea estatuko zenbait erakunde akademikotako eta ikerketa-erakundetako ikerketa-talde batzuek osatzen dute, baita ongarri nitrogenatuen enpresa fabrikatzaile nagusiek ere, eta ongarri nitrogenatuen erabilera efizientean interesa duten pertsona guztiak elkarrekin konektatzea du helburu, izan ikerketa-taldeak, nekazaritza-zabalpeneko taldeak eta talde teknikoak; halaber, nekazaritzaren sektorerako ezagutzaren eta teknologien transferentzia erraztu nahi du.

 

Aitziber Callejaren ibilbidea NUPen

Aitziber Calleja Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) IMAB institutuko doktoratu aurreko ikertzailea da. Doktoretza-tesian Idoia Ariz NUPeko Ramón y Cajal ikertzailea eta Cristina Cruz Lisboako Unibertsitateko irakaslea izan ditu zuzendari, eta barazki hostodunetako nutrizio nitrogenatuari buruzko ezagutza fisiologikoa sortzea izan du helburu, baratzeko sektorera transferitzeko modukoa izan dadin. Tesiak, zehazki, modulatzaile metaboliko batzuk aztertzen ditu, lagungarriak izaten ahal direnak nitratoaz bestelako nitrogeno forma batzuetan oinarritutako ongarriak (adibidez amonioa) barazki hostodunen hazkuntzan erabil daitezen (adibidez espinaken, errukularen edo borrajaren hazkuntzan).

Aitziber Callejak azaldu duenez, nutrizio nitrikoari loturiko problemetako bat da gizakien elikaduran “antinutriente” gisa ulertzen diren konposatu batzuek joera dutela barazki batzuetako ehun jangarrietan metatzeko. “Antinutriente” horiek osasunean izaten ahal duten inpaktuagatik, Europako Batzordeak muga legalak ditu ezarriak konposatu horietako batzuek ehun jangarrietan duten edukiari dagokionez. Neurri hori barazki hostodunen labore batzuei aplikatzen zaie, adibidez espinakari, errukulari eta letxugari; izan ere, konposatu horiek neurri handiagoan pilatzeko joera dute barazki horiek. Paradoxikoki, barazki hostodunek intolerantzia handia dute nitratoa ez diren nitrogeno organikoaren beste forma batzuen aurrean, amonioaren aurrean esaterako; hain justu, forma horiek nitrogenoaren alternatiba ona izan litezke antinutriente horien edukia murrizteko. Labore horiek amonioarekiko duten intolerantziak bultzatuta, nekazari eta ekoizleek, baratzezaintzan, nahiago izaten dute oinarri nitrikoa duten ongarriak erabili, eta, hala, urteko sasoi edo eskualde jakinetan ez dute lortzen ongarrien mailak Europar Batasunak ezarritakoetara jaistea.

“Modulatzaile metaboliko batzuk erabiltzea, nire tesian erabiltzen ari naizen hau adibidez, lagungarria da amonio-nutrizioak barazki hostodun batzuetan sortzen duen sentiberatasuna arintzeko, Europar Batasunak araututako ‘antinutrienteen’ edukia murrizten baitu eta baratzezaintzaren sektorean amonio-oinarria duten ongarriak erabiltzea bultzatzen baitu”, erantsi du Aitziber Callejak.

 

Argazkia: Aitziber Calleja, NUPen.