JAVIER BELOSO LEGARRA

 

Bere tesian txipei aplikatutako teknika berriak ikertu ditu haien kontsumoa jaisteko eta elikatzen dituzten baterien iraupena luzatzeko

Javier Beloso Telekomunikazio ingeniariak Nafarroako Unibertsitate Publikoan defendatu du tesia

 

Javier Beloso Legarra Telekomunikazio masterra daukan ingeniariak Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) defendatutako doktoretza-tesian ikertu ditu zirkuitu integratuetan aplikatutako teknika berriak (hizkeran arruntean txipak), haien kontsumoa jaisteko eta elikatzen dituzten baterien iraupena luzatzeko.  Tesiaren izenburua “Amplificadores CMOS Energéticamente Eficientes para Sistemas Alimentados por Batería” da, eta NUPeko irakasle Antonio López Martínek eta Carlos A. de la Cruz Blasek zuzendu dute. Bi irakasleak NUPeko ISC Institutuko ikertzaileak dira.

Tesiaren egileak azaltzen duenez, txipa, funtsean, material erdieroale batean oinarritutako gailu bat da, tamaina nanometrikoko zirkuitu batzuk integratzen dituena, eta erabilera anitz ditu. “Dakigunez, txipen erabilera oso hedatuta dago gizartean, hasi erabilera handiko aplikazioetatik (telefonia mugikorra, ordenagailuak edo kontsumorako ekipo elektronikoak) eta aplikazio espezifikoagoetara, hala nola seinale biomedikoen neurketa edo espazioko komunikazio-sistemak”, zehaztu du Javier Belosok.

“Gailu horien ezaugarri komun bat da eramangarriak izatea, eta horrek independentzia handia ematen die funtzionamenduan”, azaldu du tesiaren egileak. “Hori dela eta, ohikoa da bateriak erabiltzea sistema horiek elikatzeko, eta horrek sistemen funtzionamendua eta eramangarritasuna bermatzen du. Bateriek elikatzen dituzten sistemen funtsezko alderdi bat da baterien iraunkortasuna. Horri esker, gailuak ahalik eta modu autonomoenean jarduten du”, azaldu du.

Alde horretatik, doktoretza-tesiaren helburua zen zirkuitu integratuetan aplikatutako teknika berriak ikertzea, kontsumoa jaisteko eta baterien iraupena luzatzeko. Espezifikoki, teknika horiek aplikatu dira anplifikadore izeneko bloke elektroniko oinarrizko batean. Izenak adierazten duenez, gailu horrek seinale bat neurtzen du, eta irteeran anplitude handiagoarekin ematen du. “Azpimarratu behar da, anplifikatzeaz gain, beste funtzionalitate batzuk ere badituela. Horrenbestez, gailu horiek kontsumoari dagokionez optimizatzea oso ikergai aktiboa da, eta etengabe eguneratzea eskatzen du bere aplikagarritasuna dela eta ”, ziurtatu du tesiaren egileak.

Teknika horien erabilera frogatzeko, hainbat konfiguraziotan diharduten anplifikadoreen prototipo batzuk proposatzen dira. Kontsumoa optimizatzeko asmoz, polarizazio-tentsio oso baxuekin elikatu dira, esaterako, 1 volt, eta horrek mikrowatt gutxi batzuetako potentzia kontsumitzen du”, azaldu du Javier Belosok.

Azterketa eta analisi teorikoaz gain, zirkuituen simulazioa, fabrikazioa eta egiaztapen esperimentala egin da, eta tekniken bideragarritasuna frogatu da.

 

Javier Beloso Legarraren curriculum laburra

Javier Beloso Legarrak Telekomunikazio Ingeniaritzako Gradua eta Masterra egin zituen NUPen, doktoretzaz gain. Doktoretza-tesia egiten ari zela, ikerketa-egonaldi bat egin zuen Leuven-eko (Belgika) IMECen (Interuniversity Microelectronics Centre).

Bere ikertze lana Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Saileko garapen mikroelektronikoko taldean eta NUPeko ISC Institutuan egin du, eta kontsumoan efizienteak diren zirkuitu integratuen diseinuan aritu da. Zenbait ikerketa-proiektutan parte hartu du, eta ekarpenak egin ditu bai aldizkari indexatuetan bai nazioarteko ponentzietan.

 

Argazkia: Javier Beloso Legarra, NUPen.