TANIA JORAJURÍA GÓMEZ

 

Garun-ordenagailu interfazeek emandako seinaleak prozesatzeko tresna berriak aztertu ditu bere tesian

Tania Jorajuría Telekomunikazio ingeniariak bere tesia defendatu du Nafarroako Unibertsitate Publikoan

 

Tania Jorajuría Gómez telekomunikazio-ingeniariak, Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) defendatutako doktoretza-tesi berrian, aztergai izan ditu garun-ordenagailu interfazeek (BCIak, ingelesezko sigletan) emandako seinaleak prozesatzeko tresna berriak. Interfaze horiek garuneko jarduera irakurri eta deskodetzen dute. Carmen Vidaurre Arbizu ikertzaileak eta Marisol Gómez Fernández irakasle eta ikertzaileak eta NUPeko ISCko kideak zuzendu dute doktoretza-tesia.

Tesiaren egileak azaldu duenez, BCIak erabiltzen ahal dira, beste gauza batzuen artean, komunikazio-tresna berri gisa, kanpoko gailu bat kontrolatzeko, pazienteei neuroerrehabilitazioan laguntzeko, eta baita neuromarketinean ere. Bestalde, zenbait BCI mota daude seinaleak atzemateko moduaren arabera. Zehazki, Tania Jorajuríak ikertu ditu elektroentzefalografia-seinaleak prozesatzen dituzten BCIen arazoak. Buru-azalean paratutako elektrodoen bidez lortutako seinaleak dira.

Tesiaren egileak azaldu duenez, BCIak baldintza kontrolatuetan probatzen dira normalean. Nolanahi ere, “laborategitik kanpo behar bezala funtzionatzea funtsezkoa da, batez ere ikertzaileek aplikazio klinikoetan erabiltzen dituztenean. Beraz, ezinbestekoa da BCIak kanpoko perturbazioen aurrean sendoak izatea”, esan du. Esaterako, lagun batek BCI bat kontrolatzeko ariketa mentalak egiten ahal ditu pentsatzen, hitz egiten edo entzuten ari den bitartean. Hain ohikoak diren baldintza horiek jarduera bat sortzen dute garunean, eta jarduera horrek seinaleen sailkapena zailtzen du, baldin eta BCIa ez bada sendoa perturbazio kognitibo horien aurrean. Beste adibide bat litzateke gorputz-adarren baten errehabilitazioan paziente bat irudimen motorreko zereginetan aritzea bere gorputzeko beste atal batzuk mugitzen dituen bitartean. “Berriz ere, perturbazio motor horiek BCIaren jardunari eragiten ahal diote baldin eta BCIa laborategitik kanpo benetako baldintzetan probatu ez bada”, zehaztu du ikertzaileak.

 

Tresna berriak seinalearen prozesamendurako

Aipatu denez, bere doktoretza-tesian, Tania Jorajuríak tresna berriak garatu ditu BCI seinaleen prozesamendurako. Tresna horiei esker, BCIak sendoagoak dira perturbazio kognitibo eta motorren aurrean. Zehazki, BCIentzako prozesatzeko bi metodo berri proposatu ditu. “Steady-state visual evoked potential” izeneko seinaleetan oinarritzen dira, eta ongi funtzionatzen dute segundo bakarreko iraupena duten seinaleekin. “Tesian erabilitako metodoak egungo teknikekin alderatzean, frogatu genuen tesian erabilitako metodoek antzeko funtzionamendua edo hobea zutela aztertutako konfigurazio guztietan. Gainera, prozesatzeko hiru metodo berri ere proposatu dira erritmo sentsorio-motorretan oinarritutako BCIen fidagarritasuna hobetzeko, induzitutako perturbazio motorren eraginpean. Berriz ere, metodo horiek emaitzak hobeak dituzte dauden algoritmoek baino”, zehaztu du NUPeko doktore berriak.

“Bestalde, badakigu erabiltzaileen ehuneko handi batek ezin dituela behar bezala erabili egungo BCIak. BCIen efizientziarik eza izenez ezagutzen den fenomeno horrek beharrezkotzat jotzen du ikertzaileek aurretik esatea zer errendimendu izango duen parte-hartzaile berri batek.  Parte-hartzaile baten jarduna aurreikusteak ikerketa-baliabideak aurreztu litzake, beti urriak baitira, eta algoritmoak diseinatzen lagundu lezake, BCIen fidagarritasun operatiboa handitzeko”, azaldu du Tania Jorajuriak. “Tesi honetan, aurresale berri bat garatu dugu erritmo sentsorio-motorretan oinarritutako BCIen errendimendua kalkulatzeko. Aurresale hori eraginkorragoa da literaturan aurkitutakoak baino, eta bi elektrodo baino ez ditu behar; beraz, oso egokia da egoera esperimentaletarako, lagun asko miatu behar direnean”, esan du.

 

Tania Jorajuríaren CV laburra

Tania Jorajuría Telekomunikazio-ingeniaria da NUPen (2015). Doktoretza-tesia, egonaldia egin zuen Max Planck Institute for Human Cognitive and Brain Sciences-en (Leipzig, Alemania).

Bere ibilbide profesionalaren parterik handienean, softwarearen ingeniaritzan jardun du Tania Jorajuríak. Hegaldi-kontroleko algoritmoak garatzeko lanetan aritu da FuVeXentzat, miaketa- eta terapia-tresnen programatzailea izan da Davalor Saluden, NUPeko kontratupeko ikertzailea eta sistema adimendunetako ingeniaria Nafarroako Industriaren Elkartearentzat. Egun, software-ingeniariaren lanetan aritzen da Tracasa Instrumentaleko I+G+b sailean.

 

Argazkia: Tania Jorajuría, NUPen.