MENDIKO JAINKOSA (Qu Yuan)

 

 

Mamua edo Jainkosa dela bide diote,

agertzen dena eta desagertzen dena,

misteriotsua, mendi artean,

huntzaz jantzirik,

kuskulazko gerriaz.

Irri arin eta gozoa ezpainetan,

begiak maitasunaz beterik.

“Nola ez nau ene mutilagunak gurturen,

horren polita eta liraina banaiz!”

Kanelazko adarrez txirikordaturiko ikurra.

Magnoliezko zalgurdiz doa,

lehoinabar gorriminak tira eginez,

azeri eme jainkotiarrez lagundurik.

Orkideez ederturik, liliak hartzen ditu,

lurrin guzietakoak, bere maitearendako.

“Sakonenean bizi naiz,

banbu oihanean,

non zerua inoiz sumatzen ez baita.

Bidea hagitz zaila da,

eta berant heltzen ari naiz.

Bakarrik, mendi gailurrean,

poliki pausatzen direla ikusten ari naiz,

lainoak ene oinen azpian.

Ekia ezkutatzen dute, eta gaua dirudi.

Ekialdeko haizea dabil.

Euria tantaka ari du.

Ene urrutiko maitasunaren zain nago,

itzuleraz ahantzirik.

Denbora doa, eta urteak.

Loraturiko adina beti ukanen dut?

Jainkoen Mendian,

Bizitzaren Landareak biltzen ari,

zure zain zazpikia naiz, huntzen artean.

Zergatik horrenbertze luzatzen zara?

Zure aferek atxiki egiten zaituzte?

Mendietan bizi,

bere lili lurrintsuak bezain aratza naiz,

edaten dudan iturria bezain garbia,

lerren nahiz altzifreen azpian.

Enegatik ez ukan

zalantza izpirik ere.

Ortzantzak eta tximistargiak.

Uholde-urak.

Gaua guziz iluna.

Ziminoak auhendatu egiten ari dira.

Haizeak orro egiten du, hostoak kolpatuz.

Zuregan oldozten dut, baina alferrik.

Koaita eragiten didazu ez bertzerik”.