IRUÑALDIA JAIALDIA

Euskaraz sortutako kultura garaikideko erreferentziazko sortzaileak eta talentu berriak izanen dira Iruñaldia jaialdiko protagonistak azaroaren 18tik 23ra, Alde Zaharrean

Musika, dantza, literatura, antzerkia edo bertsolaritzaren inguruko hamar bat proposamen landuko dira Iruñeko bederatzi gunetan

Datorren hilabetean Iruñaldia jaialdia estreinatuko da Iruñean, euskaraz sortutako kultura garaikidea bertako publikoari gerturatzeko. Sei egunez, azaroaren 18tik 23ra, Alde Zaharrak euskal kulturaren proposamen berri eta ausartenak bilduko ditu, musika, dantza, literatura, antzerki eta bertsolaritzaren arloan. Programa osoa irunaldia.eus webgunean kontsultatu daiteke.

Kondestablearen jauregian aurkeztu dute jaialdiaren lehen edizioa Maider Beloki Unzu Kulturako, Jaietako, Hezkuntzako eta Kiroleko zinegotziak, Amaia Ocerin Ladrero Loraldiko komunikazio-arduradun eta jaialdiko antolatzaile-laguntzaileak eta Maitane Bueno Zabalza Laboral Kutxako zuzendariak, ekitaldiaren babesleak. Iruñean euskalgintzan eta kulturgintzan diharduten beste lau eragile ere elkarlanean aritu dira: Katakrak, Karrikiri Iruñeako Euskaldunon Topagunea, Laba eta Zaldiko Maldiko. 

Iruñaldiaren ospakizunak euskal sortzaile erreferenteak eta hainbat diziplinatako talentu berriak elkartuko ditu Iruñeko bederatzi gunetan. Jaialdia azaroaren 18an hasiko da, astelehenean, bi emanaldi berezirekin. Petti Bera eta Ana Galarraga artistek Frankestein agurgarria disko-liburua aurkeztuko dute, Elkar argitaletxearen eskutik. Ondoren, Udaletxeko plazan Iruñaldiaren inaugurazio-ekitaldia eginen da, Duguna Iruñeko Dantzariak eta Broken Brothers Brass Band taldearen baterako emanaldiarekin eta Sustrai Colina eta Sarai Robles bertsolariekin. Musika, dantza eta bertsolaritza uztartuko ditu emanaldiak.

Hurrengo egunean, azaroaren 19an, Bilboko Pabiloi 6 Gazte Konpainiak Egun zoragarriak antzezlana eskainiko du Gayarre Antzokian, Patxo Telleriak Alfredo Sanzol idazle nafarraren testua oinarri hartuta idatzitako euskarazko bertsioan. Komedia ganberro eta sentimental horrek, eszena laburren eta umorez zipriztindutako puzzle emozional gisako baten bidez, adiskidetasunari, harreman pertsonalei eta eguneroko bizitzatik kanpo proiektatzen ditugun fantasiei buruzko hausnarketa egiten du.

Azaroaren 20an, asteazkenarekin, Angel Erroren Itzulpena (Itzulpena) liburua aurkeztuko da, Pettiren kontzertu akustikoarekin batera, Karrikiri Iruñeako Euskaldunon Topagunean (Xabier kalea 4). Hasieran, Angel Errok bere azken sorkuntza ekarriko du, Itzulpen-Itzulpena. Idazleak landu duen sormenik bitxiena da, lan horrek proposatzen duen hizkuntza-jolasagatik. Bigarren atalean, poesiatik musikara jauzi eginen da, Pettiren bakarkako proposamenarekin; gitarra lagun duela, pentsamendua, poesia eta melodia uztartuko ditu ekarriko duen proiektuak.

Literatura, musika, performancea eta dastatzea

Azaroaren 21eko (osteguna) lehenengo proposamena Maria Oses eta Idoia Asurmendiren eskutik etorriko da; Munstroen bila: ohe azpian aurkitutakoak ikuskizuna aurkeztuko dute, Laban (Gazteluko plaza 2). Bi emakume horiek aspaldiko lagunak dira, eta urte hauetan hainbat abesti sortu dituzte elkarrekin; horietako batzuk ez dute, ordea, inoiz argirik ikusi. Egindako lan horiek berrartu, berrikusi eta berrasmatu, eta orduan amaitu gabeko piezak sortu dituzte ikuskizun honetarako. Hitzaren eta musikaren arteko elkarrizketari tiraka, ohe azpiko munstroak esnatu dira eta oholtzara gonbidatu dituzte.

Ostegun horretan, Maialen Lujanbio bertsolaria Katakraken (Kale Nagusia 54) izanen da RR proposamen performatiboarekin. Bertsolaritza, hitza eta ikus-entzunezkoak uztartzen ditu lan horrek. Hitzekin eraikitako errezitaldi bat da, hizkuntza modu plastikoan erabiltzen duena: soinuz, testu idatziz, hitz lauz, bertsoz… eta aurrez grabatutako soinuekin eta pantailako proiekzioekin elkarreraginean. Hurbileko zaizkigun gaiez mintzo da, Maialen Lujanbioren eztarritik.

Azaroaren 22an, jaialdiak Bozak esperientziaren emanaldi berezia eskainiko du, Iruñaldirako bereziki sortutako Loraldia jaialdiaren ekoizpen propioa. Kondestablearen jauregiko agertokian, hiru lurraldetako hiru emakume: Nerea Erbiti, Lide Hernando eta Maialen Errotabehere. Hiru abeslari eta hiru estilo erabat ezberdin. Nafarroak Nerea Erbiti ekarriko du, jazz munduan eroso mugitzen den abeslaria, eta Ion Celestino eta Joseba Tapiaren bandetan ohikoa dena; nafar kantu zaharrak ere ikertzen eta abesten ditu. Lapurditik dator Maialen Errotabehereren ahots liluragarria, grabatu berri duen diskoa aurkeztera; soula eta pop alaia ditu gustuko Nafarroa Beherean jaiotako abeslari honek. Gipuzkoatik Lide Hernando datorkigu, hainbat urtez Liher taldeko ahots izan ostean bakarkako ibilbideari ekin diona: Bele izena du bere oraingo proposamenak, eta musika estilo berriak lantzen ditu: popa, soula, funkya… Ezinbesteko hitzordua gaur egungo euskal musikan murgildu nahi duenarentzat.

Eskaintza hirukoitza jaialdiari amaiera emateko

Azaroaren 23an, larunbatean, hiru proposamen ezberdin izanen ditugu jaialdiaren lehen edizioari amaiera emateko. Goizean, Zaldiko Maldikon (Ansoleaga kalea 9), doako ardo- eta musika-dastaketaz gozatu ahal izanen da, Baztango Xurie upategia eta Mikel Inun musikaria protagonista direla. Baztango Xurie upategiak Arizkunen ditu mahastiak; 2019ko uztaz geroztik ardotzen dute mahastietan bildutako mahatsa, ardo naturalak sortuz. Mikel Inunek, berriz, 2014an kaleratu zuen lehen diskoa eta harrezkero, ez dio utzi ez sortzeari ez bide berriak urratzeari. Bestetik, ez da pop musikara mugatua sentitu; gai propio zintzoak eta zuzenak lantzen hasi zen, eta, ondoren, hainbat poetaren letrak musikatu ditu (Itxaro Borda, Miren Agur Meabe…). Baina erritmoa, umorea eta freskotasuna beti izan dira Inunen nortasuna ezagutzeko elementu garrantzitsuak, eta haren musika proposamen berriek bide eta helburu horiek izaten jarraitzen dute.

Arratsaldean, Udaletxeko plazan, Kukai Dantza Konpainiak Gelajauziak koreografia eskainiko du, duela bederatzi urte Cesc Gelabertek eta Jon Mayak sortutako lana, bi MAX sari irabazi zituena. Orain, Kukaik egokitzapen txiki bat egin du, eta formatu txikiago batean eskainiko du.

Eta Iruñaldiaren azken emanaldia Ai, gure juaneteak lana izanen da, Mikel Laboaren abestiak egungo giza animalia baten begiradatik emanen dituena. Patxo Telleriarena da obra, eta hainbat musika eta estilotako bakarrizketak uztartzen ditu. Harekin batera, Adrián García de los Ojos eta Maider López izanen dira taula gainean. Emanaldia Nafarroako Antzerki Eskolan izanen da (San Agustín kalea 3). Ai, gure juaneteak ikuskizun eszeniko hibridoa da, hitzak eta musika uztartzen dituena, aktore-musikari baten eta bi musikari-aktoreren bidez. Antzezlanaren testua Mikel Laboaren abesti batzuen berrinterpretazio erabatekoa da.

Iruñaldia