IMANOL PICALLO GUEMBE

 

Bere tesian ikertu du nola optimizatu hari gabeko sentsore-sareen estaldura ingurune ez-homogeneoetan, galerak eta interferentziak minimizatuz

Imanol Picallo Telekomunikazio ingeniariak Nafarroako Unibertsitate Publikoan defendatu du tesia

 

Imanol Picallo Guembe Telekomunikazioaren Teknologien ingeniariak haririk gabeko sentsoreen (WSN, Wireless Sensor Network) sareen hedapen optimoa nola lortu ikertu du Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) defendatu duen doktoretza-tesian, haien estaldura maximizatuz eta galerak eta interferentziak minimizatuz. Tesiaren izenburua “Analysis and Implementation of Wireless Communications Systems and IoT with Human Body Interference in Inhomogeneous Environments” da, eta Francisco Falcone Lanas NUPeko katedradun eta ISCko zuzendariak eta Peio Iturri López ikertzaileak zuzendu dute. Tesiak nazioarteko aipamena du, eta kalifikaziorik onena lortu du: bikain “cum laude”.

Tesiaren egileak azaldu duenez, ikerketaren abiapuntua da 5G sareen hedapena, gizartearen komunikazio-eskari handiaren eskakizunak betetzeko. Horrek, hari gabeko IoT (Internet of Things) gailuen hazkunde handiarekin batera, komunikazio-sistemen arteko balizko interferentziak eragingo ditu. “Horrez gain, hari gabeko gailu kopuru handia ez ezik, horiek komunikatzeko darabiltzaten ingurune-motak ere kontuan hartu behar dira. Ingurune horiek estatikoak edo dinamikoak eta erradioelektrikoki konplexuak dira, komunikabideen sakabanatzaile ugari daudelako, hala nola zenbait tamaina eta formatako objektuak, edo hiri baten barruan mugitzen diren ibilgailuak”, esan du Imanol Picallok. Tesi honetan, aipatu denez, ingurune horiek modelatu, ezaugarritu eta baliozkotu dira WSN sareen hedapen optimorako, eta horrela estaldura handitu eta galerak eta interferentziak minimizatzen dira.

 

Ikerketaren garapena

Aipatutako helburua lortzeko, barruan garatutako 3D-Ray Launching (3D-RL) simulazio-tresna determinista erabili da, eta irrati-plangintzako eta kanalaren modelaketako zereginetarako balio izan du. “Software tresna honek oreka bat eskaintzen du emaitzetan zehaztasun handia lortzearen eta efizientzia konputazional egokia izatearen artean. Horrez gain, kontuan hartu da pertsonen presentziaren inpaktua eta nola eragiten dion komunikazio-esteken zerbitzu-kalitateari (QoS, Quality of Service). Modelaketa maiztasun-eremuan zein denbora-eremuan egin da, eta horri esker, ibilbide anitzeko hedapena modu egokian ezaugarritu da, eta hori da horrelako inguruneetan dagoen fenomenorik garrantzitsuena”, azaldu du Imanol Picallok.

“Horri guztiari esker, hari gabeko komunikazio-sistema ugari hedatu dira hasi eremu pertsonaleko sareetatik (WPAN, Wireless Personal Area Networks) eta eremu zabaleko sareetara (WWAN, Wireless Wide Area Networks), hiri/eskualde adimendunen esparruan kokatutako testuinguruetan (Smart City/Smart Region)”, azaldu du tesiaren egileak. Horri esker, hainbat aplikazio garatu dira, hala nola saskibaloi talde baten edo golf jokalarien entrenamenduak monitorizatzea, logistika industrialeko planta batean karga kokatzea, errealitate areagotuko gailuak (AR) hedatzea desgaitasuna duten pertsonen esperientziaren kalitatea hobetzeko Baluarteko Kongresu Jauregian eta Entzunaretoan (QoE, Quality of Experience), eta pazienteak monitorizatzea Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko (NOU) Zainketa Intentsiboetako Unitate batean (ZIU).

Azkenik, egitura erradiatzaileak diseinatu, fabrikatu eta probatu dira, IoT sistema eta inguruneetan jarduteko gai diren material malgu eta jasangarrien gainean tinta uzteko teknika berrien bidez. “Zehazki, txipik gabeko soluzio horiek produktuen trazabilitatea ahalbidetzen dute hainbat sektoretan, hala nola packagingaren industrian, eta horrela aztarna ekologikoa murrizten da”, ondorioztatu du NUPeko doktore berriak.

 

Imanol Picallo Guemberen CV laburra

Imanol Picallo Guembe Telekomunikazioaren Teknologien Ingeniaritzan graduatu zen NUPen 2016an, eta Telekomunikazio Ingeniaritzako Unibertsitate Masterra egin zuen Madrilgo Carlos III Unibertsitatean (UC3M) 2019an. Tesian, bi ikerketa-egonaldi egin zituen, bata Vigoko Unibertsitatean eta bestea Monterreyko Teknologikoan.

Funts publiko eta pribatuekin finantzatutako zenbait ikerketa eta garapen proiektutan parte hartu du, guztiak ere industria, ospitale, kirol edo eguzki parkeetan haririk gabeko komunikazio sistemen ezaugarritzean eta hedapenean zentratuak, baita energia transferitzeko sistemen (WPT, Wireless Power Transfer) edo zarata elektromagnetikoa arintzeko material jasangarrien diseinuan ere.

50 ekarpen inguru ditu JCR/SJR nazioarteko aldizkari indexatuetan (Journal Citation Reports eta SCImago Journal Rank Scopus) eta kongresuetarako ekarpenak. Zehazki 18 artikulu Q1 eta Q2 kuartiletan, eta horietatik 7tan lehen egile gisa, eta liburu bateko kapitulu bat lehen autore gisa Springer argitaletxean eta 27 ekarpen nazioarteko konferentzietan. Bere ikerketa-interesak honako hauek dira: erradio-hedapena ingurune ez-homogeneoetan, giza gorputzaren interferentzien analisia, hari gabeko sentsore-sareak eta komunikazio-sistemak, eta IoT delakoari aplikatutako elektromagnetismoa. Bestalde, irakasle lankidea izan da doktoretzako zenbait ikastarotan.

 

Argazkia: Imanol Picallo, NUPen.