GAU BELTZA UDAZKENEKO ERRITOA, LAPURDIN INDAR HANDIZ

Udazkeneko erritoen artean, hau da, udazkeneko ekinozioaren inguruan egiten den erritoen artean, Gau Beltza dugu garrantzitsuenetako bat, dudarik gabe. Udazkena Sugaarren aroa da, eta ekaitzak, haizea eta tximistak izaten dira nagusi. Urtea badoa bere bidetik, eta neguan hilko zaigu, eguzki zaharrarekin batera. Abenduan eguzki berria, Eguberria deitu izan duguna, piztuko zaigu zeruan, eta hasiera emanen zaio urte berriari, hau da, eguzkiak zeruan eginen duen ibilaldi berriari.

Badira hamar bat urte Hegoaldeko herrietan Gau Beltza izeneko errito zaharra berpizten eta indartzen hasi zela. Betirako galduta ematen zuena aitzina doala ikustean, denok harritzen gara. Euskaldunok horrelako gauzetarako trebeak eta burugorrak gara, dudarik ez. Hegoaldetik Lapurdira pasatu zen duela bizpahiru urte, Baionara, Itsasura, Hendaiara, Urruñara…, eta jakin badakigu, beste zenbait herritan usadio zahar hau arrapizteko asmoa dagoela. Baina zer da Gau Beltza? Eta nondik dator?

Urruñako plazan. 2023

Udazkena, uda eta neguaren arteko aroa.

Antzinatean, Europa osoan naturaren zikloekin loturiko sinesmen animistak zabalduta zeudenean, jai erritual ainitz egiten zituzten solstizio eta ekinozioetan, edota ilargiaren aldien ardatz ziren egunetan. Ilargi beteko gauetan ere horrelakoak egiten zituzten. Laborantzak indar handia hartu zuen arbaso zaharren bizimoduan eta uztekin edota ereiteko aroekin loturiko erritoak eta egun bereziak sortu zituzten. Gure mintzairan dugu horren adierazle diren izen ugari: jorraila, loraila, ereinaro, uztaila, garagarrila, garila, iraila, azaroa, hazila, lotazila….. eta abar.

Hasieran urtea bi arotan banatzen zuten: uda eta negua, eta berantago, tarteko bi aro berri sortu zituzten: udaberria eta udazkena. Urriaren bukaera aldean uzten bukaerarekin loturiko bestak ospatzen zituzten. Uztek banatzen zuten antzinako nekazal gizartearen bizimodua, nolabait erraiteko. Uzten aroa amaitzean negua zetorren. Ordura arte indarrean izan zen natura neguko loaldirako prestatzen hasia zen. Eguzkiaren indarra apaltzen ari zen, urteko eguzkia pittaka-pittaka hiltzen ari zen, eta neguburuan, hau da, neguko solstizioan, Eguberri deitzen zuten egunean, sortzekoa zen eguzki berriaren zain zeuden. Bitartean, negu luzean, Ilargiaren indar ezkorrak ziren nagusi.

Kuia barne-piztuak bidegurutzeetan

Bizitza eta heriotza euskaldunen iruditerian.-

Europako herri zaharren sinesmenetan bizidun guztien barnean bizi-indar bat zela pentsatzen zuten. Bizi-indar horrek buruan zuen aterpe. Euskaldun zaharrek gogoa deitzen zioten bizi-indar horri. Gorputza hiltzean, gogoa libratzen zen beste bizidun baten barruan sartzeko. Gure gogoak etengabeko ziklo horretan sar zitezen baziren hainbat errito eta ohitura. Erleek laguntzen zituzten gure hildakoen gogoak betiereko gurpil horretan sar zitezen. Argizaiolak ere horretarako pizten zituzten.

Euskaldun zaharrek uste zutenez, ortzadarreko bidea zen hartu beharreko xendra, ama-lurra eta ilargia uztartzen zituena. Urriaren bukaera zen beraz, garairik egokiena, gogoek bide hori har zezaten. Uzten amaiera aldi horretan, hainbat jai eta usadio ziren, bai Euskal Herrian eta bai Europa zahar osoan. Urriaren bukaerako egun erritualetan familiaren gogoei dei egiten zieten, bide zuzenetik abia zitezen. Bide horretako bazterretan ezkutaturik ziren indar ezkorrak uxatzeko ere, hainbat errito egiten zuten.

Izpiritu gaiztoengandik babesteko mozorro eta arropa zaharrez janzten ziren, horrela jantzirik, izpiritu txar baten itxura harturik, ezagutuko ez zituztelakoan eta min eginen ez zietelakoan.

 

Gau Beltza Hendaian. 2023. Argazkiak: Ximun Adurriaga

Erromatarrek Europa konkistatu zutelarik, ohitura eta errito zahar horiek ezagutu eta bereganatu zituzten. Horrela urriaren bukaerako eta azaroaren hasierako egunetan uzta jaiak ospatzen hasi ziren. Inperioko erlijio berria, hau da, kristau erlijioa Europa osora zabaldu zutenean, jai pagano zaharrak bereganatu eta birmoldatu zituzten. Eguzkiaren sortze eguna zen Eguberri Jesus Haurraren sortze eguna izatera pasatu zen. Udaburua Jondoni Joanerekin lotu zuten, udaberriko ekinozioa Garizumarekin eta udazkenekoa San Migelen inguruko jaiarekin. Uzten bukaera ospatzen zituzten egunak desagertu ziren, eta haien ordez, Domu Saindua eta Hilen Eguna ezarri zituzten.

Domu Sainduaren bezperan, hau da, urriaren azken gauean, Izpiritu edo gogoen gaua ospatzen zen Europan. Zeltek ere erritual eta jai handiak egiten zituzten gau horretan. Britainiar Uharteetan tradizio handia zen gau honen inguruan, eta irlandarrek eta eskoziarrek eraman zuten Halloween izeneko besta Ipar Amerikara. Eta hortik orain, janzkera kontsumista eta materialista onartezinaz jantzirik, itzuli zaigu Euskal Herrira. Izatez eta itxuraz ez du zer ikusirik gurean XX. mendera arte ospatu izan dugunarekin. Zeren eta, giristinoek eraberriturik zabaldu zutenez geroztik, Euskal Herriko luze-zabalean Arimen edo Animen Gaua ospatu baitugu urriaren 31ren inguruan. Oraindik badira gure geografia osoan, gazteak zirelarik, besta horretan parte hartu zutenak eta egiten zutenaren berri ematen digutenak. Are eta gehiago, Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat herritan, azken urte hauetan Arimen Gaua berpizteko ahaleginetan ari dira, baina euskal usadio zaharrari jarraituz.

Itsasun. 2023.

Gau Beltzari buruzko datuak eta gogoetak.

Oier Araolaza dantzari eta antropologoak sekulako lana egin du Arimen Gaueko oihartzunak eta lekukotasunak biltzen. Berari esker, jakin badakigu mozorro eta arropa zaharrez janzteaz gain, arbiak eta kuiak ezartzen zituztela bide bazterretan. Arbi eta kuia horiek hustu ondoren, begiak eta ahoa irudikatzen zituzten zuloak egiten zizkieten, eta barruan piztutako kandelak jartzen zituzten. Gazteak biltzen ziren eta jan-edanean ibiltzen ziren, mozkortu arte. Gehienetan gaztaina erreak jaten zituzten. Etxez etxe eta baserriz baserri kantuz eta eskean ibiltzeko ohitura zen.

Gaur egun, deus gutti gelditzen zaigu uzten bukaerarekin loturiko besta horietatik. Urriaren 28an, San Ximun eta San Juda izeneko eguna oroitzen dugu urtero, horixe baita giristinoek egun honi ipini zioten izena.

Nire ustez, aitzinateko jai haiekin loturik egon daiteke etatradizio zaharrak dioenez, hortxe bukatzen zen uda eta negua hasten. Tradizio zahar horretatik abiaturik, Gabriel Arestik olerki bat idatzi zuen, gero Xabier Letek musikatu eta zabaldu zuena, eta gaur gure artean oso zabaldua dena. Kantuak udaren bukaeraren eta neguaren etorreraren berri ematen digu. Ikus dezagun

San Ximun eta San Juda,
joan zen uda eta negua heldu da.

Halloween izeneko jai amerikarra zabaltzen ari zaigu gaurko euskal gizarte materialista-kontsumista honetan. Zein txotxoloak garen! Guk badugu gure jaia, Gau Beltza edo Arimen Gaua deitu izan duguna, beti urriaren 31ren inguruan ospatzen zena, eta gaur egun, Euskal Herriko herri askotan berpizten ari dena.

Baionan 2023.

Ene irudikoz, Gau Beltza Gipuzkoan, Araban eta Bizkaian galdu zen 1936ko gerlarekin batera. Gerla galdu genuelarik, gauza ainitz galdu genituen, eta zenbait errito isildu edo galdu egin ziren, hau horietako bat izan zelarik. Nafarroako Pirinio aldeko ibarretan, Nafarroako iparraldean eta Iruñerrian, iduriz, hirurogeiko hamarkadaren azken urteetan galdu zen, horregatik badira oraindik kantu zatiak eta errito zahar batzuk oroitzen dituzten adineko herritarrak. Iparraldean, galera lehenago gertatu zela uste dut, XIX. mendeko bukaeran aski galdua zen, baina Lehen Mundu Gerlarekin azken arrastoak eta oroitzapenak galdu zirela erran dezakegu.

Gaur, berriz, beste zenbait usaia zaharrekin gertatu den bezala, hau ere berpizte aro batean sarturik dagoela erran daiteke. Hegoaldean hainbat herritan piztua da, eta Iparraldean jadanik, Lapurdiko herrietan, Baionan, Itsasun, Hendaian, Urruñan, Kanbon, Ezpeletan, Senperen, Basusarrin… arrakasta handiz, egiten dute azken urte hauetan. Udazkeneko sua da gure gogoan.