UNAI MIQUELEIZ ERBURU

 

Zenbait kirol mailatako atleten lasterketako biomekanika eta horrek errendimenduarekin eta lesioekin duen lotura aztertu du bere tesian

Unai Miqueleiz Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako gradudunak bere tesia defendatu du Nafarroako Unibertsitate Publikoan

 

Unai Miqueleiz Erburu Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako gradudunak Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) defendatutako doktoretza-tesian aztertu du zenbait kirol mailatako atleten lasterketako biomekanika eta horrek errendimendu-aldagaiekin eta kirol-lesioekin duen lotura. Roberto Aguado Jiménez NUPeko irakasleak zuzendu du haren ikerketa, eta egileak kirolarien analisi biomekanikorako software bat garatu du, kirolarien lesio-kopurua jaisten eta kirol-erendimendua handitzen laguntzen duena.

Bere tesian, ikertzaileak azelerometria erabili du, pertsona batek mugitzen denean duen azelerazioa aztertzen duen teknika bat. Metodologia horren bidez ikusi zen denbora-pasako lasterkariek ia ez dutela aldatzen urrats-maiztasuna (urrats-kopurua minutu bakoitzeko) beren entrenamendu-inguruneetan aire zabalean lasterka ari direnean. Nolanahi ere, urrats-luzera aldatzen dute (zenbat distantzia egiten dugun urrats batetik bestera, metrotan adierazita) zenbait faktorek sortutako abiadura-aldaketetara egokitzeko, hala nola lurraren desnibela edo nekea, besteak beste. Horrez gain, denbora-pasako lasterkariek abiadura konstantean egiten dutenean lasterka korrika egiteko zinta batean, urrats-maiztasuna zertxobait handitzeak kostu energetikoa gutxitzea dakar. Aire libreko lasterkaz ari garela, denbora-pasako lasterkariak efizienteagoak izanen lirateke urrats-luzeraren ordez urrats-maiztasuna handituko balute, aire libreko lasterkak berezkoak dituen abiadura-aldaketetara egokitzeko.

Bestalde, doktoretza-tesian erabilitako azelerometroak duen neurketa-akatsa aztertu zen, erabilitako beste edozein neurketa-tresnari aplika dakiokeena. Izan ere, tesiaren egileak azaltzen duenez, aldagai jakin batean denboran aldaketak gertatzen direnean (aldagai biomekanikoa kasu honetan) edo aldagai horietan taldeen arteko aldeak aztertzen direnean, aurkitutako aldeek handiagoak izan behar dute beti erabilitako tresnaren neurketa-akatsa baino. “Hala ez balitz, ezin liteke ondorioztatu aldaketa edo aldeak benetakoak direla”, azaldu du Unai Miqueleizek.

Tesiaren egileak neurketa-akats hori erabili zuen ikertutako aldagai biomekanikoetan sexuen eta atletismo-modalitateen arteko aldeak aztertzeko. “Esaterako, ikusi zen gizonek emakumeek baino urrats-luzera handiagoak eta urrats-maiztasun txikiagoak dituztela lasterka egitean”, azaldu du Unai Miqueleizek. Horrez gain, masa-zentroaren desplazamendu bertikala (zenbat igo eta jaisten den gure masa-zentroa lasterka egitean) handiagoa zen gizonetan, baina masa-zentroaren alboko desplazamendua (zenbat mugitzen dugun gure enborra alboetara, lasterka egiten dugun bitartean) handiagoa zen emakumeetan, aztertutako abiaduretarako (9-21 kilometro orduko). “Oro har, emakumeek gizonek baino gehiago mugitzen zuten enborra abiadura txikietan, eta alderantziz abiadura handietan, eta horrek harremana izan lezake kostu energetikoarekin, lesioekin eta kirol-errendimenduarekin”, esan du.

 

Tesiaren egilearen CV laburra

Unai Miqueleiz Erburu Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako graduduna da eta bai Kirolen Arloko Ikasketen, Ikerketen eta Medikuntzaren Zentroko (CEIMD) eta bai Club Atlético Osasunako fisioterapeuta. Goi mailako kirolariekin lan egiten du bere jarduera profesionalean.

 

Argazkia: Unai Miqueleiz, NUPeko Osasun Zientzien Fakultateko ekitaldi-aretoan.