Aitor Erce ekonomialaria, NUPeko Alumni Nabarmenaren IX. Sariaren irabazlea
Zor publikoaren kudeaketan adituak nazioarteko erakunde eta unibertsitateetan egindako ibilbidea aitortu dute
Aitor Erce Domínguez (Zizur Nagusia, 1975) Ekonomian lizentziaduna eta doktorea izan da Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Alumni Nabarmenaren IX. Sariaren irabazlea. Zor publikoan aditua, nazioarteko ekonomia-erakunde aipagarrietan egindako lana eta Europako eta Estatu Batuetako unibertsitateetako irakaskuntza- eta ikerketa-lana uztartu ditu. 2019az geroztik, bere aholkularitza-enpresa zuzentzen du Foru Komunitatean, eta aholkularitza ematen die mundu mailako entitateei, hala nola Nazioarteko Diru Funtsa eta Munduko Bankua.
Alumni Nabarmena sariaren bidez, egresatuen garapen pertsonal eta profesionalean Unibertsitateko prestakuntzak zenbateko garrantzia duen erakutsi nahi du Nafarroako Unibertsitate Publikoak, eta, beraz, zer-nolako onurak dakartzan Unibertsitatean egindako inbertsio publikoak. Ohorezko sari bat da, eta ez du esleipen ekonomikorik.
Erabakian, epaimahaiak nabarmendu du Aitor Erceri saria eman zaiola “nazioarteko garapen sozial eta ekonomikoari eta bere esparruko garapen zientifikoari egindako ekarpenagatik, bai eta nazioarteko testuinguruan lortutako proiekzio profesionalagatik ere”. Laster ekitaldi instituzional bat eginen da saria emateko.
Dena NUPen hasi zen
Aitor Erce Ekonomian lizentziatu zen NUPen 2000. urtean, espediente onenaren sariarekin. Bi urte geroago, Ekonomia eta Finantzetako Masterra amaitu zuen Madrilgo Finantza eta Diru Ikasketen Zentroan, eta 2006an, Ekonomian doktoratu zen Florentziako (Italia) Europako Unibertsitate Institutuan, zor publikoaren krisien kudeaketari buruzko tesi batekin.
2006 eta 2013 bitartean, ekonomialari seniorraren lanetan aritu zen espainiar estatuko bankuan, eta handik Europako Egonkortasun Mekanismoan (MEDE) sartu zen. Gobernuarteko erakunde horrek Luxenburgon du egoitza, eta euroguneko krisian Europako gobernuei eskainitako maileguak kudeatzen ditu, eta Europako Batzordeak edo Europako Banku Zentralak hartzen dituzten erabaki ekonomikoei euskarria ematen die. MEDEn, ikertzaile seniorra izan zen hasieran, eta 2017 eta 2019 artean, ekonomialari nagusia. Aitor Ercek MEDEk euroguneko zor publikoaren merkatuak monitorizatzeko erabiltzen dituen tresna teknikoak garatzen lagundu zuen.
2019az geroztik, ikertzaile independente eta politika publikoen aholkulari gisa dihardu, eta, horren ondorioz, zor publikoaren jasangarritasuna aztertzeko tresnen garapenari buruzko aholkularitza eskaini die Europako Parlamentuari, Nazioarteko Diru Funtsari, Garapenerako Banku Interamerikarrari, Garapenerako Afrikako Bankuari edo FERDI (Nazioarteko Garapena Aztertzeko eta Ikertzeko Fundazioa, frantsesez) Frantziako erakundeari.
Lan akademiko zabala
Aitor Ercek lan profesionala eta irakasle-lana uztartu ditu, eta irakaslea izan da Madrilgo Unibertsitate Autonomoan, Florentziako Unibertsitate Institutu Europarrean, Erromako Guido Carli Nazioarteko Unibertsitate Librean (LUISS, italierazko sigletan), NUPen (Unibertsitateen Ministerioaren María Zambrano laguntza bati esker) eta Clermont-Ferrandeko (Frantzia) Clermont-Auvergne Unibertsitatean, non eskolak ematen jarraitzen baitu Nazioarteko Garapenari buruzko Ikasketa eta Ikerketa Zentroan.
Aldi berean, ikertzaile-lanetan aritu da Warwickeko Unibertsitatean eta Politika Ekonomikoaren Ikerketa Zentroan (CEPR, ingelesko sigletan) (bi erakundeak Erresuma Batukoak) eta Erreserba Federalaren Dallasko Bankuan (Estatu Batuak).
Bere ikerketa-lanak nazioarteko aldizkari zientifikoetan argitaratu dira edo liburu-kapitulu gisa. Horrez gain, Aitor Erce “ESM Working Papers Series” Europako Egonkortasun Mekanismoaren argitalpen-sailaren lehen editorea izan da, eta mundu mailako hainbat aldizkari espezializatutarako ebaluatzailea da.
Epaimahaiaren osaera
Cristina Bayona Sáez izan da epaimahaiburua, hau da, Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako errektoreordea; eta hauek beste kideak: Iosune Pascual Azcárate, Unibertsitate-Gizarte Fundazioko kudeatzailea; Ramo Barrena Figueroa, Nekazaritzako Ingeniaritzako eta Biozientzietako Goi Mailako Eskola Teknikoko (NIBGMET) zuzendaria; Juan Miguel Benito Ostolaza, Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko dekanoa; Ignacio Ugalde Barbería, NUPeko Gizarte Kontseiluko kidea; Ana Burusco Juandeaburre, Nafarroako Gobernuaren Unibertsitateetako zuzendari nagusia; Mikel Zabaleta Aramendia, Nafarroako Parlamentuko mahaiko bigarren idazkaria; eta Idoia Zabaleta Arregui, Alumni programaren arduraduna, zeina epaimahaiko idazkari aritu baita.
- argazkia: Aitor Erce Domínguez, NUPeko Alumni Nabarmenaren Sariaren irabazlea.
- argazkia: Sariaren epaimahaia. Ezkerretik eskuinera: Iosune Pascual, Mikel Zabaleta, Ramo Barrena, Juan Miguel Benito, Cristina Bayona, Ana Burusco, Idoia Zabaleta eta Ignacio Ugalde, NUPen.
You must be logged in to post a comment.