Joseba Esparza Gorraizek jaso du “Iruña Hiria” Nazioarteko XVIII. Poesia Saria euskarazko modalitateetan.
Sari ekonomikoaren 3.000 euroak jasotzeaz gain, Ttau eta biok poema-liburu gisa argitaratu dira
Kondestablearen jauregiko patioan banatu dute gaur goizean Iruñea Hiria Nazioarteko XVIII. Poesia Saria. Joseba Esparza Gorraizek, Ttau eta biok obrarekin, euskarazko modalitatean, jaso du saria Maider Beloki Unzu Kulturako, Jaietako, Hezkuntzako eta Kiroleko zinegotzi ordezkariaren eta Pedro Salaberri Zunzarren Nafar Ateneoko presidentearen eskutik.
Sariak 3.000 euroko osagai ekonomikoa du kategoria bakoitzerako, eta baita zabalkunderako zati bat ere, poema-liburu irabazleak edizio inprimatuan argitaratzen baitira, hiriko liburu-dendetan salgai jartzeko. Hemezortzigarren edizio honetan, 453 poema-liburu aurkeztu dira, 336 gizonek eta 95 emakumek sortuak; horietatik 438k gaztelaniazko modalitatean parte hartu dute, eta 15ek euskarazko modalitatean. Madril, Andaluzia, Nafarroa eta Gaztela eta Leongo autonomia-erkidegoetatik bidali dituzte lan gehien. Beste hogeita hamar bat herrialdetatik ere iritsi ziren lanak, eta Argentina, Kolonbia eta Kuba gailendu ziren nazioartetik jasotako poema-bildumei dagokienez. Lanen % 97 posta elektroniko bidez iritsi ziren sariketara.
Joseba Esparza Gorraizen Ttau eta biok obran, epaimahaiak osotasunean duen kohesioa nabarmendu zuen, hitz-joko eta irudiei esker, aurrera egin ahala sakontasuna hartzen baitu, fonetika landuz, eta, azken finean, bertsoak irakurtzen dituena harrapatuz. Estilo propio eta originala erakusten du lanak.
Edizio honetako epaimahaia honako hauek osatu dute euskarazko modalitatean: Iban Garro Alzuri (iazko irabazlea); Unai Pascual Loyarte Denonartean argitaletxeko editorea; Ines Castiella Imaz Nafar Ateneoko idazkari eta Euskarako batzordekidea, eta Pedro Salaberri Nafar Ateneoko presidentea.