Daniel Lacheta Lecumberri NUPeko doktoregai industriala saritu dute Campus Iberusen X. Doktoretza Jardunaldietan
Haren poster sarituak industria eolikoaren aerosorgailuen kontrola azaltzen du, haren tesiak aztertzen duen gaia, zeina Vors Control enpresan ari baita garatzen
Daniel Lacheta Lecumberri (Iruñea, 1998) doktoretza industrial bat egiten ari da Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP), eta epaimahaiak emandako poster onenaren saria irabazi du Campus Iberusek duela gutxi Jakan (Oska) antolatu dituen Doktoretza Jardunaldietan. Campus Iberus Nafarroako erakunde akademikoa kide duen nazioarteko bikaintasun campusa da. Iruñeko doktoregaiaren lanak aztergai du industria eolikoan erabiltzen diren aerosorgailuen kontrola. Vors Control enpresan[1], NUPeko “spin-off” batean, ari da garatzen lana. Bestalde, parte-hartzaileek emandako poster onenaren saria María Foradada Pina Zaragozako Unibertsitateko doktoregaiari eman zioten. Doktoregaiak XX. mendearen lehen zatiko emakume ilustratzailei buruzko lan bat aurkeztu zuen. Sari horietako bakoitzak 300 euroko diru-saria du.
Energia eolikoa “Europan ekoizpen elektriko handiena duen hirugarren teknologia da, eta ekoizpen osoaren % 16 du”, Daniel Lachetaren arabera, Eurostaten 2022ko datuetan oinarrituta, eta gehiago garatu da “teknologia merkeenetako bat” baita. “Hedapen horren arrazoiak askotarikoak dira, besteak beste, doako baliabide natural agortezin baten aprobetxamendua, hobekuntza teknologikoetan egindako inbertsio handia eta aerosorgailuen tamainaren eskalatzea”, azaldu du ikertzaileak. Ikertzaileak hurrenez hurren Industria Teknologien Ingeniaritzako Gradua eta Industria Ingeniaritzako Unibertsitate Masterra egin zituen NUPen.
Aerosorgailuen tamaina eta efizientzia
Energia eolikoaren efizientziaren gakoetako bat aerosorgailuen palen tamaina etengabe handitzean datza. “Zenbat eta luzeagoak izan palak, orduan eta handiagoa da elektrizitatea sortzeko gaitasuna —esan du ikertzaileak—. Horren atzean dagoen arrazoia da aerosorgailu baten potentzia modu koadratikoan handitzen dela bere palen luzerarekin, eta horrek aukera ematen du ekoizpen-kostuak elektrizitatea sortzeko gaitasun handiagoan banatzeko eta, ondorioz, sortutako kilowatt orduko kostua murrizteko. Nolanahi ere, tamaina handitzeak erronka teknikoak sortzen ditu, bereziki, palek jasan behar dituzten zurruntasunari eta karga aerodinamikoei dagokienez, eta hori dela-eta errefortzu-materialetan inbertsio handia egin behar izan da orain arte”.
Testuinguru horretan, Daniel Lachetak bere doktoretza-tesian aztergai du kontrol automatikoaren aplikazioa palen zurruntasuna ziurtatzeko, errefortzu-materialen beharra minimizatzeko. “Kontrol automatikoa da gizakiaren esku-hartzerik gabeko prozesuak erregulatzeko erabiltzen den teknologia, eta horri esker sistemak nahi den portaera du. Industria eolikoan, kontrol automatikoa erabiltzen da efizientzia operatiboa hobetzeko, segurtasuna areagotzeko eta osagaien neke estrukturala murrizteko, eta horrela mantentze kostuak murriztu eta sistemaren bizitza baliagarria handitzen da”, adierazi du Daniel Lachetak. Haren doktoretza-tesia Irene Miquélez Madariaga eta Jorge Elso Torralba Smart Cities Institutuko (ISC)[2] ikertzaileek eta NUPeko Ingeniaritza Saileko irakasleek zuzentzen dute.
Bere ikerketan, palen luzera osoan zuntz optikozko sentsoreak erabiltzea proposatzen du Daniel Lachetak. “Sentsore horiek palek luzeran zehar duten portaera estrukturalari buruzko denbora errealeko datu-fluxua ematen dute, eta horrek, kontrol automatikoko teknika aurreratuekin konbinatuta, aukera ematen du aztertzeko ea pala malguagoek — eta, beraz, lehiakorragoek — ez ote dituzte arriskuan jartzen aerosorgailuaren efizientzia eta segurtasuna”, azaltzen du.
Nazioarteko jardunaldiak
Iberus Nazioarteko Bikaintasuneko Campusak antolatu ditu Doktoretza Jardunaldiak Campus Iberus osatzen duten lau unibertsitateetako Doktoretza Eskolekin lankidetzan: Errioxa, Lleida eta Zaragozako Unibertsitateak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoa. Aurtengo edizioan, hamar herrialdetatik etorritako doktoretzako 55 ikaslek hartu dute parte. Gehienak tesia prestatzen ari dira aliantzaren unibertsitateren batean. Horrez gain, Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitateko bi ordezkarik (Frantzia) eta Andeetako Unibertsitateko (Kolonbia) hiru ordezkarik hartu dute parte Partzuergoak Amerikako herrialdean kalitate handiko erakundeekin dituen hitzarmenei esker. Partzuergoak Bogotán, Kolonbiako hiriburuan duen egoitzan egindako lanaren emaitza dira hitzarmen horiek.
Jardunaldien prestakuntza-programaren barruan, Javier Valls Prieto Granadako Unibertsitateko Zuzenbide Penaleko eta Kriminologiako irakasleak hitzaldi hau eman zuen: Adimen artifizialaren auzi etikoak ikerketan: ikuspuntu europar bat”. Gainera, parte-hartzaileek zenbait lantegi egin dituzte, hala nola “Hitzezko eta hitzik gabeko komunikazioa”, “Nola hartu kontzientzia, ulertu eta kudeatu emozioak doktoretzan” edo “Nola aplikatu eraginkortasunez diseinu grafikoaren baliabideak komunikazio zientifikoetan”. Hurrenez hurren Óscar Orzaiz Resano NUPeko Antzerki Taldearen zuzendariak, Agnès Ros Morente Lleidako Unibertsitateko irakasleak eta Rosana Sanz Segura Zaragozako Unibertsitateko irakasleak eman dituzte lantegiak. Aldi berean beste zenbait saio ere egin dira, eta haietan ikasleek beren ikerketa-lanak azaldu dituzte, eta gero eztabaida egin da. Finean, gai anitz jarri dituzte jopuntuan.
Argazkia:
Daniel Lacheta (NUP) eta María Foradada (Zaragozako Unibertsitatea),
irabazle-diplomak aldean.
[2] https://www.unavarra.es/eu/sites/research-institutes/isc.html