LORALDIBERRI 2024

 

LORALDIBERRI 2024

 

Loraldiberri

2024ko abenduaren 1a.

EGITARAUA

 

10:00 ………………… Harrera

10:30 ………………… Makila Kixki txotxongiloa haurrendako,

Maddi Zubeldia eta Bernadette Luroren eskutik.

11:15 ………………… Xokolata dastaketa, Rafa Gorrotxategi

sukaldariarekin. Xokolata egiteko, Euskal Herrian,

XVI. mendean erabiltzen zen errezeta baliatzen du.

Urririk.

11:45 ………………… Ixabel Milletek euskal ipuin mitologiko bat

kontatuko  die haurrei.

12:15 ………………… Xerar Urrutiaren Barne Galderak  olerki-

liburuaren aurkezpena. Olerki errezitaldia.

12:30 ………………..  Asisko Urmenetaren mintzaldia.

14:00 ………………..  Bukaera

Oharra: Kuxkuxtu txarangak goiza eta azoka animatuko ditu.

Antolatzaileak:  Urrunaga eta Berttoli elkarteak.

Laguntzaileak: Urruñako Herriko Etxea eta Iparraldeko Eusko Ikaskuntza.

 

 

 

 

 

 

Aitzin-solasa

Badira behin kolore ederrez jantzita agertzen zaizkigun liliak, denon arreta pizten dutenak; denboraldi bat egiten dute gure artean, eta gero zimeltzen hasi, eta desagertzen zaizkigu betiko. Badira, berriz, urtero kolore ederrez eta usain erakargarriz pizten zaizkigun liliak, hauek ere denborarekin zapuzten zaizkigu, baina hurrengo urtean, berriro ere, loratzen dira indar eta poztasun ikaragarria gure artera ekarriz.

Xerar Urrutia Jorajuria urruñarra azken horietako bat dugu, behin eta berriz, loratzen zaiguna, beti freskotasun pozgarria gure artera ekarriz. 1959ko martxoaren 19an sortu zen, eta ordutik, beti ibili zaigu euskararen, euskal kulturaren eta Euskal Herriaren aldeko saltsa guztietan murgilduta. Gaztetan, Hegoak talde ospetsuan ibili zen kantari, geroago Kuxkuxtu txarangan, sortu zenez geroztik, duela 40 urte, gaurko egunera arte, hiru disko baditu plazaratuta, eta gaur Ekilore taldean abesten du.  Urruñako ikastolaren sortzaileetako bat dugu, Euskal Herriko Mus Txapelketaren sortzaileetako eta antolatzaileetako bat, 2014an Urruñak jokatu zuen kabalkada-zintzarrotsaren arduradun nagusia, Urruña aldizkariaren editore eta Urrunaga kultur elkartearen arduraduna, lau libururen egilea, euskal prentsan maiz kolaboratzen duena, Urruñako karrikaldi mitologikoen antolatzaile eta arduraduna, eta abar luze-luze-luzea.

Euskara ahoan du eta Euskal Herria bihotz-bihotzean, eta hortik abiaturik, behin eta berriz, loratzen zaigu, ustekabe ederrak ekarriz. Kantari, kanta-egile, olerkari, idazle, antolatzaile… eta ekintzaile porrokatua, hori dugu Xerar Urrutia urruñarra, aldiro kolore ederrez eta pozgarriz loratzen zaigun lili baliosa.

Oraingo honetan, “Barneko galderak”  izeneko olerki-liburuarekin datorkigu, eta bertan, betidanik barnean piztu zaizkion arrangura eta kezkei erantzuna ematen saiatzen zaigu: bizia, natura, ama-lurra, aberria, familia, adiskidetasuna, mintzaira, transmisioa, eguneroko borroka, geroa… dira olerki polit eta samin horietan katramilatuko zaizkigun gaiak. Sentimendu handiko gizona eta olerkaria dugu, hitzak briken modura ezarriz, bata bestearen gainean, mezuak eta gogoetak eraikitzen eta plazaratzen dakiena.

Musikari sena hor du berekin, eta hainbat olerkitan ikusten ahal da, ainitzetan poemak metrikaz eta errimaz osatuak baitira; eta frangotan, koblak eta errepika, eta baita doinua ere badituzte. Horietako batzuk bere diskoetan entzun daitezke.

Xerar Urrutiaren olerkiak irakurtzeko arinak badira ere, mezuan sakonak direla erran beharra daukat, lerro arteko gogoeta aberatsak erakusten baitizkigute, gure barneko sentimenduak piztuz eta irauliz.

Nik, atsegin handiz irakurri ditut urruñarraren poemak, atsegintasunez eta arreta handiz, Xerarren barne munduko galderak eta  erantzunak olerki horietan ederki plazaratuak direla jakinki. Baina, utz dezadan hitz aspertua albo batean, eta utz diezazudan zuri, irakurle, irakurtzen eta gozatzen, horixe baita liburu honi egin diezaiokegun ekarpenik hoberena.

Joseba Aurkenerena Barandiaran

Urruñan, 2024ko uztailaren 2an.