NUP: NAZIOARTEKO SARIA

 

Nazioarteko saria eraikinen hoztea modu naturalean hobetzen duen NUPeko zementu batentzat

ISC Institutuko ikertzaileek teknologia bat asmatu dute material hori egiteko, zeinak tenperatura modu pasiboan eta energia-gasturik gabe jaisten baitu

 

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Smart Cities Institutuko (ISC)[1] ikertzaile batzuek, Miguel Beruete Díaz buru dutela, teknologia berri bat garatu dute, eta horri esker zementuak modu naturalean eta energia gehigarririk gabe jaisten du eraikinetako tenperatura. Hala material hori funtsezkoa da erradiazio bidezko hozterako. Aurrerapen horrek nazioarteko sari bat jaso du, Nanophotonics Research Award for Innovative Sustainability deritzona. Duela gutxi Kretan (Grezia) egin den Metamaterials 2024 biltzarrean eman diote saria ikertzaileari.

Ikerketa sarituak zementuaren propietate islatzaileak hobetzen ditu eguzki-erradiazioaren aurrean, porositatea kontrolatuz eta material jasangarrien partikula txikiak tamaina mikroskopiko eta nanometrikoetan gehituz. Aurrerapen horiekin, zementuak eguzki-erradiazio handiagoa islatzen ahal du, eta, aldi berean, beroa kanporantz igorri, eta horri esker gainazalak fresko mantentzen dira.

Laborategian saiakuntzak egiteaz gain, NUPeko ikertzaile taldeak ikerketa klimatiko zehatzak egin ditu, teknologia horrek munduko hainbat eskualdetan duen potentziala ebaluatzeko. Horretarako, azken hamar urteotako datu klimatikoak ordubeteko zehaztasunez aztertu ditu. Aurretiazko landa-probak ere egin ditu, eta emaitzak “oso itxaropentsuak” dira, Miguel Beruete ikertzailearen hitzetan.

 

Material jasangarrien belaunaldi berria

“Lan honek atea irekitzen dio eraikuntza-material jasangarrien belaunaldi berri bati, eraginkortasun energetikoa hobetzeaz gain, klima-aldaketa arintzen ere nabarmen laguntzen baitute”, gaineratu du Miguel Beruetek.

NUPi dagokionez, Miguel Beruete izan da lanaren burua, Íñigo Liberal Olletarekin batera, eta Alicia Elena Torres Garcíaren laguntzarekin. Gainera, Laura Carlosena Remirezek eta Unai Jiménez Martínezek ere bat egin dute taldearekin. Proiektuaren hastapenetan, Carlos Lezáun Capdevilak, José Manuel Pérez Escuderok eta Angie Torres Betancourtek ere hartu zuten parte.

Lan saritua MIRACLE europar proiektuaren[2]  eta haren jarraipena den COOLCRETEren barruan dago. Jorge Sánchez Dolado Donostiako Materialen Fisika Zentroko (CSIC-EHU) ikertzailea da proiektuaren burua, eta haren xedea da ikerketa heldutasun teknologiko eta komertzialeko maila aurreratuagoetara eramatea, egiten ari diren zenbait patenterekin.

 

Argazkia: Ezkerretik eskuinera: Unai Jiménez, Miguel Beruete (aurrean), Carlos Lezáun, Alicia Torres, José Manuel Pérez eta Iñigo Liberal.

 

 

 

[1] https://www.unavarra.es/eu/sites/research-institutes/isc.html

[2] https://miracle-concrete.eu/