EKINAZEA, NOIZ ETA NOLA HARTU

Ekinazea oso landare ezaguna zen Ipar Amerikako indiar aborigenentzat. Sugearen zauriak eta hozkadak tratatzeko erabiltzen zuten.

1930. urte inguruan hasi zen ekinazea landatzen eta erabiltzen, batez ere Alemanian. Urte haietan Alemania izan zen ekinazearen propietateei buruzko ikerketa eta lan zientifiko nagusiak egin zituen herrialdea.

Bere propietateak direla eta, ekinazea goiko eta beheko arnas traktuko infekzio errepikakorren profilaxi gisa gomendatzen da, baita hotzeri arrunta, gripea, eztul lehorra, bronkitisa, estomatitisa eta faringitisa eragiten dituzten afekzioen tratamenduan ere.

Medikamentuen Europako Agentziak (EMA) onartu du ekinazea ahotik erabiltzea hotzeri arrunta prebenitzeko eta tratatzeko.

Halaber, bide topikotik, ekinazea orbaintze geldoko azaleko zauriak, ekzemak, erredurak, hanturak edo dermiseko ultzerazioak tratatzeko, lagungarri gisa, erabiltzen da.

Posologiari dagokionez, ahotik, sustrai zatituaren edo birrinduaren 900-1000 miligramo artean hartzen da egunean, hiru hartualditan banatuta. Prestakin galenikoak desberdinak izan daitezke: kapsulak, konprimituak, infusioak, egosketak, estraktu fluidoa edo tintura. Kanpoko erabileran, zukutze-prozesuaren bidez lorturiko zukuaren ehuneko 15a duten prestakin erdisolidoak erabiltzen dira.

Halaber, ekinazea ez da gomendatzen hiru urtetik beherako haurrentzat. Hiru urtetik gorako haurrei, berriz, helduen dosiarekiko proportzionalak diren dosietan emango zaizkie, haurraren adinaren eta gorputz-pisuaren arabera.

Ekinazearen balizko interakzioei dagokienez, bere eragin immunoestimulatzaileak interakzioak sor ditzake terapia immunosupresoreekin; beraz, prekauzio-neurri gisa ez da hartu behar kortikoideekin, immunosupresoreekin edo zitostatikoekin.

Azkenik, ekinazea-prestakinek ez dute ia toxikotasunik aho bidetik.

Erreferentzia:

Echinácea, cuándo y cómo tomarla. Tu Farmacéutico Informa. Jon Ruiz Golvano farmazialariak emandako bideo-aholkua (Kantabriako Farmazialarien Elkargo Ofizialeko Sendabelarren Batzordeko kidea). Farmazialarien Kontseilu Nagusiak egina eta Medicina TV-ek ekoiztuta, Arkopharmaren laguntzarekin. 2019/02/13.