ALETXA ETA MIKEL – 16

 

Udaberriko arratsalde bero honetan, kostaldeko apartamendu aberatsean, Mikelek Mireni errepikatzen zizkion “Ni, hi, hura, gu, zu,… Ni naiz, hi haiz, hura da, gu gara, zu zara,… Nik dut, hik duk, hark du, guk dugu, zuk duzu,…” goizean hamar aldiz kopiatuak zituen funtsezko hasi berrien lehen urratsak. Ariketa hauetaz Mirenek jadanik, lehen egunetik, ergatiboaren misterioak aurkiarazten zizkion.

Ekitaldi hauetan pixka bat ahanzten zituzten goizeko berri txarrak. Galdaniz inspektoreak eginiko bisita laburraz, gehien beldurtzen zituen egoeran zirela orduan zekiten Miren eta Mikelek. Mirenen senar ohiak, Ekaitzek, Mikelen kontrako erasoa manatua zion erasotzaile erraldoiari. Hau ikasia zuen poliziak Aletxak emaniko erasotzailearen mugikor zenbakia aztertuz. Baita hirian ere zegoela Ekaitz, urruntze aginduaren errespeturik gabe. Baita bizikletaren bultzada hasierako fasea baizik ez zela ere, tratamendu txarrena etortzekoan.

Izutzekoa zen horrez gain Ekaitzek Mikelen izatea ezagut zezala. Ea zelatan zegoen bulegoaren ondoan Mikel eta Miren irribarre elkarri egiten ziotenean bizikleten aparkatzearekin? Hori gertatu zena bazen, Mireni ere poliziaren babesa eman behar zitzaion! Hipotesi hau biziki sinesgarria izanez gero Galdaniz inspektoreak galdetua zien ea Mikelen apartamenduan babesa aurkitu zezakeela Mirenek. Baiezkoan hor zegoen brigadierrak biak babes zitzakeen beste hiru lankide mobilizaturik gabe.

– Hemen badugu bigarren logela, inspektore —Aletxak, berriz laguntzeko kontentegia— eta “Gustatzen Zaidana”-rekin dugun tratuaz nahi ditugun guztiak elika ditzakegu!

– Baina Mikel, lankide baten etxean izateak zure pribatutasuna murriztuko dizu. —Mirenek, pixka bat urduri— Zer diozu?

– Niretzat arazorik ez Miren. Iraganean jadanik partekatu nuen apartamendua etxekideekin, bai ikasketen denboran eta lanetan hasi berria nintzenean ere. Nola portatzen badakit eta pribatutasun gutxi badut jadanik gaurko egoeran. —Mikelek, berriz ametsetan zuen emakumearen harengana etortzearekin liluratua.

– Beraz arratsalde apalean brigadier batek gidaturiko autoa bidaliko dizut Miren, zure etxeratzeko jantzi eta gauza batzuk hartzera hemen egun batzuk pasatzeko, ados? —Galdaniz inspektoreak— Bihar ikusiko dugu zure enpresaren nagusiarekin lanari buruz zer egin dezakegun.

Erran eta egin. Seietan apartamenduan zegoen brigadierrak lankidearen deia jaso zuen eta Aletxari lurpeko aparkalekuko autoen atea ireki ziezaiola galdetu zion. Hiru minutu berantago, atea jo zuen lankideak eta brigadierrak ateko miraz nor zen frogatu eta ireki, eskua Sig Saueren gainean, badaezpada.

– Barka iezadazu pistola Koldo, ez gara inoiz zuhur aski horrelako gaizkileekin! —brigadierrak.

– Ongi egiten duzu, Piarres! —etorri berriak— Prest nauzu andrea, abiatu nahi baduzu. —gehitu zuen Koldok, Miren ikusirik.

– Bi hitz hala ere abiatu aurretik, andrea. Mikelekin egin genuen bezala, ahal bezain ongi kukutua geldituko zara eserlekuen artean. Piarresek erran bezala, inoiz ez gara zuhur aski! Autoa, itxura arruntekoa dut. Etortzekoan, zure lurpeko aparkalekuan sartuko gara, zu kalean ez agertzeko. Autotik ateratzeko lehena izanen naiz eta nik inguruko begirada eman ondotik baizik ez zara aterako, nik erran eta gero. Sig Sauera tiro egiteko prest eskuan gordeko dut zure apartamenduraino. Nire ezkerrean ibiliko zara zure eskuineko eskua nire gerrikotik irmoki heltzen, zure zakua esker eskuan. Eskaileratik igoko gara igogailuan preso ez egoteko eta asotsa ez egiteko. Ados?

– Baietz brigadierra! Prest nauzu! Beldurtua baina prest. —Mirenek

– Beraz hemendik atera gaitezen modu berdinean autoraino. Laster arte Piarres.

Bidean zehar ez zen arazorik agertu. Protokolo azaldua segituz Mirenen ateraino etorri ziren Koldo eta babesten zuen Miren gaixoa, gero et urduriagoa, hiru estairengatik pixka bat arnasestuka. Metro batera zuten atea noiz bat-batean brigadierra gelditu zen et Sig Sauera altxatu bi eskuekin, belaunak erreflexuz plegatuak, tiro zelaiako entrenamenduan bezala.

– Atea irekia da… —xuxurlatu zuen Mirenen belarrian— utzi gerrikoa eta hementxe geldi zaitez kokoriko bizkarra horman bermatuz. Zu sartu aurretik, lekua frogatuko dut.

Etengabeko bi minuturen buruan, Koldo brigadierra atera zen eta Mireni ahots normalaz erran zion:

– Ez da inor barnean baina prestatu zaitez andrea! Ez da polita zure apartamendua nola utzi duen!

Miren emeki-emeki apartamenduan sartu zen, pixkanaka pixkanaka ohartzen hondamen neurriaz.

Tiradera ia guztiek hustuek, zorura igorriek, altzariek hankaz gora, kuxin eta bururdiek urratuek, baso, loreontzi eta botilek zoruan edo hormen kontra hautsiek, ur, ardo edo beste edariak denetan isuraraziz, bulegotxo paperek hegaldaka zoko guztietan barreiatuek besteek beste, egilearen errabia indarraren ideia ematen zuten.

Malkoak begi izkinetan isurtzen hasi zitzaizkion Mireni baina txarrena oraindik ez zuen ikusia. Hormetan letra handietan tindu gorriko espraiz margotuak ziren irainik txarrenak eta zikinenak: urdanga, puta zikina, emagaldu madarikatua, ahobeltza, polizia zalea, gezurrontzia…

Izugarrienak zirenak, hormetan kolatuak, argazkiak ziren: Miren bizikletaz lanera eta etxera, bulegoko aparkalekuan Mikelekin, irribarre egiten Mikeli, Mikelen eraikinean sartzekoan, Mikel bizikletaz biribilgunean, bultzadaren aurretik, hegaldaka eta lurretan eroria baita haren eraikinaren aparkalekuan sartzeko prest ere.

Izua handitzeko, Mikelen argazki denetan X gorri bat marraztua zen Mikelen aurpegian.

Bat-batean, kolpe batez sabelean zuena goitika bota zuen Mirenek. Negar sotinka, lekuan izoztua bezala gelditu zen, mugitu gabe.

Emeki-emeki brigadierra Mirengana hurbildu zen eta leunki ukondoa eskuan hartu zion.

– Andrea, zu eta zure lankidea Mikel oso eta bizirik zaudete. Hau da garrantzitsuena. Asurantzatik berritze kostuak kobratuko dituzu, ziur aski, guk neurtze zientifikoak egin ondotik. —brigadierrak.

Mirenek, bere onera pixka bat itzulirik, laster bildu zituen jantzi batzuk, ordenagailua eta garbiketa zorroa. Etxetik abiatu nahi zuen orduan, lehenbailehen.

 

 

2024/04/01

“Maiatz” aldizkarian argitaratuta (79. zenbakian)