Imajinatutakoaren arintasuna. Iruñean bizi den Carmen Salgado artista perutarraren pintura-erakusketa. Ziudadelako Bolborategia. Azaroak 28 – Urtarrilak 19.
Ziudadelako Bolborategian ikusgai dago Imajinatutakoaren arintasuna, Carmen Salgado Amado artistak azken bost urteetan eginiko pintura eta eszenografien hautaketa. Erakusketa urtarrilaren 19ra arte egonen da zabalik eta sortzailearen unibertso berezian murgiltzeko aukera ematen du; izan ere, esanahiz betetako kutxatxo txikietan biltzen ditu bere oharrak eta hausnarketak.
Imajinatutakoaren arintasuna erakusketak mihise gainean, formatu karratuan, akrilikoz eta koloreak nabarmen erabiliz eginiko hainbat pintura barne hartzen ditu. Karratuek eta lerro geometrikoek mugatzen dituzte eszenak, formatu txikiko kutxetan, eta horien barruan jakin-mina eta misterioa uztartzen dituzten istorio txikiak garatzen dira. Kutxetako giroek pinturekin lotura duten kontakizunak sortzen dituzte.
Artistak sorkuntza-prozesuaz gozatzen du, jolas moduan eszena surrealistak imajinatzen ditu eta, horretarako, besteak beste, formak, testurak eta collageak baliatzen ditu. Eszenek bidaiak, obsesioak, pertsonaiak eta natura irudikatzen dituzte, eta horiek guztiak elkarren artean eta haiei begira dauden publikoarekin hartu-emanean jartzen dira, mikrokosmosak eta istorio oso iradokitzaileak osatuz eta kontatzen duten istorioan murgiltzera gonbidatuz.
Carmen Salgadok ñimiñoarekiko duen lilura mikrokosmosetan islatzen da; Mikrokosmosak sei kutxa-multzotan banatzen dira, karratu bat eratuz, eta 25 kaxak osatutako multzo bakoitzak, elkarren artean bereizita eta lotuta funtzionatzen dute. Multzo bakoitzak gai bat osatzen du: itsasoa, bizitza, kosmosa, erokeria, ahultasuna, taupada… Horiek guztiak hari eroale papera egiten duen esfera gorri batek lotzen ditu.
Beste kutxa-multzo batzuk modu desordenatuan aurkezten ditu, sistemaren aurkako alegatu gisa funtzionatzen duten asmatutako istorioak baliatuz, ezarritakoa eta eguneroko errutina hausteko modu gisa. Artistak artearen bidez kontatzen ditu hunkitzen duten gaiak, txundidura eta aurkikuntza sustatzen dituzten argazkiak, ebakinak, beira-aleak eta objektu txikiak uztartuz.