ERAKUSKETA: IZENA DUEN GUZTIA, BADA

Ziudadelako labea. 2024ko abenduaren 20tik 2025eko otsailaren 9ra. Erakusketa: Izena duen guztia, bada. Tea en la azotea-ren eskutik.

Tea en la azotearen Todo lo que tiene nombre, existe (Izena duen guztia bada) instalazioa Ziudadelako Labean dago ikusgai. Otsailaren 9ra arte Marik, euskal mitologiaren jainkosak, bere unibertsoan sartzera gonbidatzen ditu ikusleak; unibertso hori, narrazioaren, argi-itzalen arteko jokoaren, ehunduren eta usainen bitartez sortu eta ezkutatzen da. Izan ere, erakusketaren izenburuak islatzen duen moduan, euskal kulturan zerbaiti izena ematen zaionean benetako bihurtzen da, eta presentzia ematen dio. Izena ematea bada, era berean, ondare kulturala mantentzeko modu bat.   

Erakusketa ikusteko zirkulu formako ibilbidea egin behar da, eskuinetik ezkerrerako noranzkoan; murgiltze-ibilaldia da, bizipen goxo eta ia errituala. Ventura Ruizen testuak eta ahots goxoak gidaturik eta oinez ibili ahala, ikusleen aurrean  pertsonaiak agertu eta desagertu eginen dira, hala nola Mari, Tartalo eta beste erraldoi batzuk, jentilak, Basajaun eta herensugeak, ipotxak eta galtzagorri izaki magiko eta txikiak, eta unibertso femeninoko lamiak eta itsas-lamiak.

Aretoa bera zirkulu formakoa denez, gunea kosmosaren edo unibertsoaren isla bihurtzen da. Tea en la azotea artistarentzat, mitoak eta kondairak ez dira iraganeko kontu soilak. Bizirik dauden kontakizunak dira, oraindik ere euskal herritarrak gidatu eta erroekin lotzen dituztenak. Berezko balioa dute, ez soilik kulturaren aldetik aberatsak direlako, baizik eta beren baitan gordetzen dutelako herriak bere ohiturekin duen lotura sakona. Kondairek euskal unibertsoaren izaera eta alderdi gizatiarra lotzen dituzte, eta taupaka ari dira egungo emakumeen eta gizonen barne-barnean. 

Instalazio hau ehunezko baso bat da, eta han gordeta daude pertsonaia mitologikoak, isilpean, zuk aurkitzeko zain. Oro har, Tea en la azoteak berezko unibertso bat sortu du, gogoetarako eta arakatzeko eremu goxo bat, zeinetan formek, ehundurek eta zentzumenek bat egiten duten, eta zeinak ikuslea deskubritzera gonbidatzen duen mitologian zein gutako bakoitzaren barrenean ezkutuan den hura.

Tea en la azoteari buruz
Tea en la azotea Gabriela Barrio da (Iruña, 1970): Artearen Historian lizentziaduna Salamancako unibertsitatean, artista eta sortzailea. Irakaskuntzan eta prestakuntza artistikoan espezializatu da, irakasle aritu baita araututako hezkuntzan; eta, horrez gain, hainbat sormen-lantegi eman eta prestakuntza-erakusketa egin ditu udal, museo, elkarte eta abarretarako. Historia, antzerkia eta artea ikus-entzuleengana gerturatzeko modu berri bat sortu du.(sartuk NORA eskatzen dit) Diziplina horiek guztiak hartu, aldatu eta berritu egin ditu, adin guztietako hartzaileengana iristeko.

Bere artista senak akuilatuta, gizakiaren eta naturaren arteko loturaren bila dabil etenik gabe, edertasuna tarteko. Hala, irrika hori bere lanetan islatzen du, oihalezko pertsonaiak, trapuzko animaliak, loreak, ehun naturalak, agendak, krisketak eta beste katalizatzaile maitagarri batzuk lagun hartuta. Haren sorkuntzetan, birziklatutako oihalak eta materialak erabiltzen ditu, pieza bakoitzari xarma eta arima txertatuz. Haren obra bilduma publikoetan (Kulturako Zuzendaritza Nagusiko Vianako Printzea Erakundea) zein pribatuetan dago jasota.