ENAITZ ZESTAU TELLETXEA, KATTIN MADARIAGA APAOLAZA, ENEKO LAZKOZ MARTINEZ

 

Enaitz Zestau Telletxea, Kattin Madariaga Apaolaza eta Eneko Lazkoz Martinez izan dira V. Bertsopaper Lehiaketaren irabazleak

 

Guztira 27 sortzailek eman dute izena aurtengo edizioan, eta hiru kategoriatan banatutako 28 bertsopaper aurkeztu dituzte

 

Enaitz Zestau Telletxea, Kattin Madariaga Apaolaza eta Eneko Lazkoz Martinez izan dira V. Bertsopaper Lehiaketaren irabazleak. Guztira 27 sortzailek 28 bertsopaper aurkeztu dituzte Iruñeko Udalak eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak antolatutako lehiaketan: 11 A kategorian, haurrenean; 3 B kategorian, gazteenean; eta 14 C kategorian, helduenean. Kategoria bakoitzean, hiru lan hoberenak saritu dituzte. Sariak banatzeko ekitaldia otsailaren 6an izanen da, 18:30ean. Nafarroako Antzerki Eskolan eginen den ekitaldi hori laster aurkeztuko den Bertsoaroa programaren parte da.

 

Aurtengo edizioko epaimahaia Cesar Etxeberriak, Eneko Fernandezek eta Saioa Mitxelenak osatu dute. Enaitz Zestau Telletxeak irabazi du A kategoriako lehen saria, 2011n edo beranduago jaiotakoei zuzendutakoa. Epaimahaiaren arabera, Itzaleko argiai  bertso-sortak “gaurkotasun handiko Palestinako gaia jorratzen du, doinu solemne egokia erabiltzen du, eta bukaeran positibismo apur bat ere nabaritzen da”. Bigarren saria Araia Irigibel Terrerosentzat izan da, Mundu eder bat bada izeneko lanagatik. Sare sozialen inguruan diharduen lana da, “zortziko txiki arin eta polita”. Hirugarren saria Enaitz Zestau Telletxearen Sakelekoa lanarentzat izan da. “Neurriaren aukeraketa ausarta” azpimarratu du epaimahaiak, “txukuna eta freskoa”. Kategoria honetako irabazleek 150, 100 eta 50 euroko bonoak eskuratuko dituzte, hurrenez hurren.

 

2007 eta 2010 urteen artean jaiotako pertsonendako B kategorian 3 lan aurkeztu dituzte, eta iaz bezala, lehen saria Kattin Madariaga Apaolazarendako izan da, Hainbertze gauza pasatzen dira lanarengatik. Sorta horrek “neurri luzea baliatzen du, hitz joko onak ekarriz” epaileen arabera; “Palestinari buruz heldutasunarekin eta sakontasun handiarekin hitz egiten du, hausnarketara bideratuz”. Bigarren saria ere  Kattin Madariagarentzat izan da,  Hasieran ez zegoen ezer lanagatik. Epaimahaiaren arabera, “neurri motza bikaineko moduan erabiltzen du” sorta horrekin: “gai arin batekin, testuari kalte egin gabe hitz eta erritmo joko politak lortu ditu”. Hirugarren saria, azkenik, Kattalin Lizarraga Mendiak eskuratu du, Txirrina kantari lanarengatik. Testu horretako “xehetasun txiki askoren erabilera” nabarmendu du epaimahaiak: “nerabe baten egunerokotasunaren inguruko kontakizuna oso ongi irudikatzen da kontakizunean”. Irabazleek 350, 200 eta 150 euroko ordainsariak eramanen dituzte, hurrenez hurren.

 

C kategorian, 2006an edo lehenago jaiotakoenean, Eneko Lazkoz Martinezek irabazi du lehen saria, Inoiz ez da berandu! Edo agian bai? izenburuko lanarekin. Epaimahaiaren hitzetan, “teknikoki oso lan ona” da Lazkozena, “gai konplexua, bide ez errazenetik jorratua”. Bigarren saria Joanes Illarregi Marzolen Manuelen ahotik lanarentzat izan da. Epaimahaiak, kasu honetan, “Manuel Lasarte bertsolariaren azaletik, egungo gizartea erakusten digu”, horretarako “hitz joko eta errima izugarri aberatsak” erabiliz.  Hirugarren saria, azkenik, Erika Lagoma Pombarentzat izan da, Inozentzi: garbitzen duena lanagatik. “Hitanoaren erabilera egokia” nabarmendu du epaimahaiak, “emakume garbitzaile baten bizipenak deskribapen ederren bidez kontatzen ditu”. Irabazleek 1.500, 1.000 eta 500 euroko ordainsariak eramango dituzte, hurrenez hurren.

 

2024ko Bertsopaperak literatur-lehiaketak (bertsolaritzaren arauetan oinarritutako bertso idatziak) bertsolaritza eta bertsopaperak bultzatu eta sustatu nahi ditu. Nafarroakoak diren edo Nafarroan bizi diren bertsolariei zuzenduta dago. Lanek gai eta neurri librea dute, euskaraz idatziak izan behar dute, jatorrizkoak eta argitaragabeak. Udalak eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak, haien kabuz edo hirugarrenen bidez, saritutako lanak edozein bide eta modu erabilita argitaratzeko aukera izanen dute, lehiaketa ebatzi eta urtebeteko epean.

 

2024ko Bertsopaperak

  • A kategoria: 2011N edo beranduago jaiotakoak
    • Enaitz Zestau Telletxea, Itzaleko argiai (150 euroko kultura-bonua)
    • Araia Irigibel Terreros, Mundu eder bat bada(100 euroko kultura-bonua)
    • Enaitz Zestau Telletxea, Sakelekoa (50 euroko kultura-bonua)
  • B kategoria: 2007tik 2010era, biak barne, jaiotakoentzat
    • Kattin Madariaga Apaolaza, Hainbertze gauza pasatzen dira(350 euroko ordainsaria)
    • Kattin Madariaga Apaolaza, Hasieran ez zegoen ezer(200 euroko ordainsaria)
    • Kattalin Lizarraga Mendia, Txirrina kantari (150 euroko ordainsaria)
  • C kategoria:  urtean edo lehenago jaiotakoei zuzendua
    • Eneko Lazkoz Martinez, Inoiz ez da berandu! Edo agian bai?(1.500 euroko ordainsaria)
    • Joanes Illarregi Marzol, Manuelen ahotik(1.000 euroko ordainsaria)
    • Erika Lagoma Pombar, Inozentzi: garbitzen duena(500 euroko ordainsaria)