LEMNISKATA: OIHANA GARAIALDE OCAÑA

 

Datorren ostiralean, hilak 24, 19:00tan, Beasaingo Igartzako jauregian, Urtarrila, Matematikaren bila zikloko hirugarren hitzaldia izango dugu Oihana Garaialderen eskutik, “Zulo matematikoak eta matematikaren zuloak“.

Ekitaldiaren hasieran XI. Lemniskata Matematika argazki lehiaketaren sari banaketa egingo dugu. Aldi berean, erakusketa aretoan, Matematika argazki lehiaketako argazki aukeratuak izango dira ikusgai.

 

Oihana Garaialde Ocaña Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU) Matematikan lizentziatua eta doktorea da, 2010 eta 2016 geroztik, hurrenez hurren.

Alemanian ikerlari modura bi urtez lanean egon ondoren, 2019ko otsailaz geroztik UPV/EHU-ko Matematika Saileko irakaslea da. Bertan, irakasle eta ikertzaile gisa dihardu. Bere ikerketa lanak aljebra eta topologia aljebraikoaren baitan (edo mugan) kokatzen dira.

Jakintza arloan indexatutako 12 artikulu argitaratu ditu, doktoretza tesi bat zuzendu du, nazioarteko 25 bat kongresutan bere lanak aurkezteko hitzaldiak eman ditu, hainbat Unibertsitateetan egonaldiak egiteko aukera izan du (Alemania, Estatu Batuak, Frantzia, Herbeerak, etab.), eta dozenatik gora ikerketa proiektutan parte hartu du. 

Aukera duen aldiro, Matematikak gizartera gerturatzeko ahalegina egiten du.

 

Zer da zuretzat Matematika? Zenbakiak? Eta haratago? Dena omen da matematika, baina non ikusten duzu eguneroko bizitzan? Matematikaren zuloetako bat izan daiteke, zenbakiez haratago, matematika zer den gizartean (nahi beste) ezin erakustea.

Eta gaurkoan, zuloei buruz hitz egingo dugu. Ez, galtzerdi puntako zuloei buruz ez, zulo matematikoei buruz baizik. Matematikako teoria edo hastapen klasikoetatik abiatuz, hitzaldi honen helburua da zulo horiek kontatzeak gaur egun izan dezakeen garrantzia erakustea eta aplikazio praktikoren batera iristea.