Cristina García-Vivar NUPeko irakasleari eman diote Familia eta Komunitateko Erizaintzako Irakaskuntzako Bikaintasun Saria
Alacanteko Unibertsitateko Familia eta Komunitateko Erizaintzako Katedrak eman dio saria
Cristina García-Vivar Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Osasun Zientzien Saileko irakasleari eman diote Familia eta Komunitateko Erizaintzako Irakaskuntzako Bikaintasun Saria. Alacanteko Unibertsitateko Familia eta Komunitateko Erizaintzako Katedrak eman dio saria. Sariak irakaslearen eta erizainaren ibilbidea aitortu du, 23 urte baino gehiago igaro baititu arlo horretako etorkizuneko profesionalak trebatzen.
Joan den ostiralean, Alacanteko Unibertsitatearen egoitzan egin zen sariak emateko ekitaldia. Urtero egiten den ekitaldian, José Ramón Martínez-Riera Katedrako zuzendaria buru dela, familiako eta komunitateko erizaintzaren garapenean eta osasun publikoari ekarpena egiten nabarmendu diren ikasle, profesional eta entitateen lana aitortzen da.
Cristina García-Vivarren CV laburra
Cristina García-Vivar NUPeko Osasun Zientzien Saileko irakasle titularra eta idazkari akademikoa da. Orobat Nafarroako Unibertsitateko Erizaintza Fakultateko ikerketako dekanordea izan da, bai eta Erizaintzako Kontseilu Nagusiko nazioarteko harremanetarako zuzendaria eta Erizaintzako Ikerketako Institutuko Erizaintzako Behatokiko zuzendaria ere. Nafarroako Erizaintza Elkargo Ofizialeko ikerketako aholkularia ere bada.
Haren irakaslana batez ere familiako eta komunitateko erizaintzan, ikerketa kualitatiboan eta erizaintzako praktika aurreratuan zentratu da. Bestalde, haren ikerketa lanak batez ere bi ildo nagusi izan ditu: minbizia pasatu ondoren epe luzera bizirik jarraitzen duten pertsonen zainketak, batetik, eta gaixotasun kroniko batekin bizi diren familien osasun arreta, bestetik. 121 artikulu argitaratu ditu nazioarteko eragin handiko aldizkari zientifikoetan, eta 18 ikerketa-proiektutan parte hartu du. Lehen kuartilean indexatutako nazioarteko 5 aldizkariren argitalpen kontseiluko kidea era bada.
NUPeko “Inno-CARE: Zainketetako ikerketa eta berrikuntza” taldeko eta Nafarroako Osasun Ikerketako Institutuko (IdiSNA) arduraduna da. Orobat lotura jarraitua du nazioarteko zenbait ikerketa-talderekin.
International Family Nursing Association (IFNA) erakundearen zuzendaritza-batzordeko kidea izan da, eta “European Centre of Research Excellence – Continuing professional development for Nursing and Midwifery” erakundearen kide fundatzailea eta zuzendaritza-batzordeko kidea da. 2024ko maiatzean, Europako ordezkari aukeratu zuten, Erizaintzako Kontseilu Orokorraren izenean, Hezkuntzako Erizain Adituen Aholku Batzordean.
Argazkia: Cristina García Vivar, NUPen, artxiboko argazki batean.