2010. urtera arte, ni oraindik moldatzen nintzen oheratzeko eta jaikitzeko bakarrik, asko kostata baldin bazen ere. Baina gau jakin batean, zoritxarrez, oheratzeko unean, zerbaitek huts egin zidan eta lurreraino joan nintzen; ohatzeak altuera txikia zuen. Dena den, eserita gelditu nintzen, eta, hura ez zen inola ere jarrerarik txarrena, alegia, askoz ere postura okerragoan ere geratu ahal nintzen, esate baterako, ahuspez eta abar.
Gogotik saiatu banintzen ere, berehalaxe ohartu nintzen nire kabuz bakarrik ezetz, inola ere ez nuela modurik ohatzeraino igotzeko, beraz, amari deitzea erabaki nuen, ea entzun eta etortzen ote zen lagun ziezadan, azken finean, ondoko logela batean egiten baitzuen lo; urte haietan, bera eta biok bakarrik bizi ginen etxe hartan… Baina, deitu eta deitu, eta deus ez! Antza denez, inola ere ez zegoen modurik aditu eta esna zedin, eta, noski, esnatu gabe, nekez etorriko zen niregana laguntzera. Kontuan eduki behar da, bera eta bion artean bi ate zeudela, eta biak itxita. Beste alde batetik ere, gogoan izan behar dugu, bere adinagatik, entzumena ez zeukala guztiz zolia.
Gauzak hala zeudela, ez nuen beste erremediorik izan, lagun bati telefonoz deitzea baino. Halako egoeretan, telefonoa beti aldamenean izaten bainuen, zer gerta ere, eta, aldi hartan ere halaxe pasatu zen. Lagun hura, une hartan, Mendillorri auzoan bizi zen: ohetik jaiki, prestatu, autoa hartu eta minutu gutxiren buruan gure etxean zegoen. Giltzak ere bazeuzkan, baina goiko atea ireki nahi izan zuenean, ohartu zen, giltza ezin zuela sartu sarrailan, izan ere, gure amak oso ohitura errotua zeukan, giltza sarrailan jarrita uzteko, etxe barrutik, segurtasunarengatik, alegia, lapurretak, atrakoak-eta saihesteko. Horren ondorioz, noski, laguna etxean ezin sartuta gelditu zen. Jarraian, etxeko txirrina behin eta berriz jo zuen, luzaro samarrean, ama esnatzeko eta atea ireki zezan, baina alfer-alferrik!
Honenbestez, lagunak udaltzainei deitu eta arazoa azaletik kontatu zien. Handik minutu batzuetara, bikote bat agertu zen, baina ikusi zutenean, sartu ahal izateko, sarraila kendu edo hautsi egin beharko zutela, erabaki zuten suhiltzaileei deitzea. Suhiltzaileak ere, handik minutu gutxira iritsi omen ziren. Ni bitartean, lurrean eserita, zain, ohatzearen ondoan, eta, hartan bertan, bizkarra bermatuta.
Bien bitartean, komenigarria da jakitea, gure amak bazeukala ohitura bitxi bat, alegia, bere logelako leihoa, ia-ia gauero uzten baitzuen pixka bat irekita, era hartan, gela egurasteko; salbuespen bakarrak negu minean izaten ziren, hotz handi-handia zegoenean, baina, bestela, ez, leihoa beti pixkatxo bat irekita edukitzen zuen. Lagunak xehetasun hori gogoratu eta suhiltzaileei kontatu zien. Gainera, suertatu zen, gure etxebizitza lehenengo solairuan zegoela, eta, beraz, suhiltzaileei oso lan erraza gertatu zitzaien: etxadiko atzealdera joan, zurubi bat jarri balkoira igotzeko, balkoitik amaren logelako leihoa pixka bat bultzatu zabaltzeko, barrura sartu eta
-Gabon, andrea! Lasai!
-Aurrera, aurrera! -amak erdi lo, zerbait ikusita, baina zer gertatzen ari zen batere ongi ulertu gabe; emakumea, hala ere, lasaiki.
Jarraian, suhiltzaileak sarrera nagusiko ateari giltza kendu zion sarrailatik eta nire laguna, azkenean, sartu ahal izan zen etxera. Logelara etorrita, bien artean ohatzera igo ninduten, eta, ondoren, bakoitza lasai-lasai joan zen bere zereginetara. Amari, biharamunean, azaldu nion ikusitakoa ez zela ametsetan izan, baizik eta benetako errealitatea; orduan zeharo harrituta gelditu zen.