AINHOA GOÑI IRULEGUI

 

Froga elektronikoaren baliozkotasuna lan-zuzenbidearen esparruan, NUPen defendatutako tesi batean aztergai

Transformazio digitalaren egungo egoerak froga-zuzenbidean duen eragina aztertu du Ainhoa Goñi Irulegui ikertzaile eta abokatuak

 

Froga elektronikoak lan-arloko prozesu judizialen esparruan duen baliozkotasuna du aztergai Ainhoa Goñi ikertzaile eta abokatuak Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) defendatu duen doktoretza-tesiak. Honako hau da tesiaren izenburua: “La prueba electrónica en el entorno digital de la empresa”. Iñaki Riaño Brun eta Manuel Richard González NUPeko irakasleek zuzendu dute tesia.

Doktoretza-tesiaren xedea da froga elektronikoaren baliozkotasunak lan-prozesuaren esparruan sortzen duen arazo prozesala aztertzea, kontuan hartuta lan-harremaneko eskubide digitalen arauketa espezifikoaren berezitasuna.

Tesiaren egileak gogoratzen duenez, enpresa- eta ekonomia-digitalizazioko prozesuak aldaketak eragiten jarraitzen du enpresa-jardueraren egituran eta antolaketan. Horrez gain, enpresetako zuzendaritzek langileak kontrolatzeko dituzten bitarteko berriak ere aldatzen ari dira, eta orain badituzte bideozaintzako mekanismoak, telebistako zirkuitu itxiak, web kamerak, IP bideo sistemak, soinu grabaketa edo GPS bidez lokalizatzeko sistemak eta, oro har, teknologia informatikoa garatzeko beste sistema batzuk.

Ainhoa Goñik azaldu du teknologia berri horiek bi arazo nagusi sortzen dituztela froga-zuzenbideari dagokionez. Batetik, gertaeren froga elektroniko edo digitalak, hots “froga elektronikoa” deritzana eskuratzeko modua. Bestetik, froga mota hori edo froga-balioa aurkezteko modua, hor zalantza asko sortzen baitira. Esaterako, nola gorde gertaera elektronikoaren osotasuna? Zer formatan aurkezten ahal da froga mota hori? Nola egiaztatu froga-iturriaren egiazkotasuna eta osotasuna? “Doktrina prozesalak arazo horiek guztiak aztertu ditu prozesu zibilean eta penalean, baina ez hainbeste lan-prozesuaren esparruan, non froga elektronikoaren balorazioak zenbait berezitasun baititu, hala nola datuak babesteko printzipioak”, esan du tesiaren egileak. Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko Lege Organikoan (DBEDBLO) arautzen dira printzipio horiek.

 

Ikerketa-fasea eta fase prozesala

DPBEDBLOk jasotzen duen berritasun nagusia da aldez aurreko informazio- edo gardentasun-betebehar bat eskatzen dela, datu pertsonalen tratamendua eskatzen duen lantokiko oinarrizko eskubideak murrizteko edozein eragiketaren ezinbesteko baldintza gisa, Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren jurisprudentziak ezarrita zuen bezala. Aipatu denez, tesiaren xedea da froga elektronikoaren baliozkotasunak lan-prozesuren arloan sortzen duen arazo prozesala aztertzea, kontuan hartuta lan-harremaneko eskubide digitalen arauketa espezifikoaren berezitasuna. Azterketa hori egiteko bi fase bereizten dira: enpresa-ikerketako aldez aurretiko fasea, ebidentzia digitalek froga-iturri gisa duten balioa aztertzeko; eta fase prozesala, ebidentzia digitalek froga bitarteko gisa duten balioa aztertzeko.

“Bi alderdi horiek bereizi behar dira. Izan ere, gauza bat dira Konstituzioaren legezkotasunaren betekizunak, prozesuaren aurreko ikerketa-fasean froga-iturriak duen baliozkotasunari dagokionez, eta beste bat, prozesu-legezkotasunaren betekizunak betetzea, froga-iturria ohiko froga-bideen bidez sartzeari eta lan-arloko prozesuko praktikari dagokienez”, adierazi du tesiaren egileak.  “Lehenik eta behin, legezkotasun konstituzionalaren betekizunak bete behar dira ikerketarako bitarteko gisa, eta orduan bakarrik ikusi behar dira legezkotasun prozesalaren betekizunak, frogaren balorazioan sartzeko”, azaldu du Ainhoa Goñik.

Enpresa-ikerketako fasean gertaera elektroniko edo digitalen froga zilegi edo baliozkoa izateko betekizunei dagokienez, kontuan hartu behar dira ukitutako oinarrizko eskubideetatik eratorritako konstituzio-legezkotasuneko betekizunekin batera (funtsean, komunikazioen intimitatea eta sekretua), izaera pertsonaleko datuak babesteko araudiak langileen eskubide digitalei buruz ezartzen dituen premisak, Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren, Konstituzio Auzitegiaren eta Auzitegi Gorenaren jurisprudentziarekin bat etorriz. Eskubide horiek errespetatu egin behar dira lortutako gertaera elektronikoek froga-balio osoa izan dezaten prozesuan, zeren ez baita onartu behar oinarrizko eskubideren bat urratuz lortutako edozein froga-elementu.

 

Ainhoa Goñi Iruleguiren CV laburra

Ainhoa Goñi Iruleguik Euskal Herriko Unibertsitateak Donostian duen Zuzenbide Fakultateak egin zituen Zuzenbide ikasketak. Enpresaren Zuzenbideko Masterra Deustuko Unibertsitatean egin zuen (Bilbo). Gipuzkoako Abokatuen Elkargoko abokatu gisa jardun du, eta zuzenbide zibileko eta lan arloko gaiez arduratu da.

Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitateko Centre de Documentation et Recherches Européennes (CDR) deritzanean ikerketa-egonaldia egiteko beka bat lortu zuen. Zenbait argitalpen ditu gai batzuetan, hala nola “WhastAppeko mezuen froga-balioa”, “Berehalako mezularitzari buruzko aditu-froga” edo “Froga digitalaren iturrirako aurretiazko sarbidea eta hura ziurtatzea gizarte-arloko jurisdikzio-ordenan” eta “Froga elektronikoa enpresaren ingurune digitalean”. NUPen parte hartzen du “Gatazkak auzibidetik kanpo konpontzeko bideen etorkizuneko azterketa” izeneko ikerketa-proiektuan. Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak finantzatzen du proiektua.

 

Argazkia: Ainhoa Goñi Irulegui, NUPen.