AUZO LOTSA 71 GAIARRE ANTZOKIAN

 

Gaiarre antzokian, hamarkada askotan, modu kaxkarrean ibili gara gurpil aulkian joaten ginen pertsonak, alegia, lehenik eta behin, barrura sartzeko, luzaroan ez baitzen egon arrapalarik, baina, gero, arrapala egin ondoren ere, areto hark ez zeukan leku egokirik gurpil aulkiak behar bezala aparkatzeko. Hura zela eta, beti jarrarazten gintuzten behean, baina azken ilararen atzean, sarrerarik garestiena ordainduta eta tokirik urrutienean, atzeko ate nagusiaren ondo-ondoan. Horrek guztiak desabantaila ugari ekartzen zizkigun, noski, hasteko, musika kontzertuak, antzerkiak eta abar, ikus-entzuteko askoz ere zailagoa zelako, batez ere, gogoan hartuta, hantxe bertan, gure ondoan, soinu eta argi-teknikariek beren lanak egiterakoan, sortzen zituzten mugimenduak, zaratatxoak eta bat eta beste; zalaparta haiek guztiak ez ziren batere lagungarriak, ongi kontzentratu eta obraz gozatzeko. Nahi eta nahi ez nozitu egin behar eragozpen haiek.

 

Gainera, kokaleku hartan, gurpil aulkiak maldan behera gelditzen ziren, eta, hark, neke handia ekartzen zuen gure bizkar delikatuentzat. Horri guztiari erantsi edo gehitu behar zaio, garai hartan ez zeudela gaur egun dauden baliabide teknologiko batzuk, esate baterako, belarri-entzungailuak, hitzak askoz hobeki aditu eta ulertu ahal izateko.

 

Behin batean, adibidez, oso ongi gogoratzen dut, egoera harekin asper-asper eginda nengoela, eta, Gaiarre antzokiko beheko areto nagusian oso jende gutxi zegoela ikusirik, laguntzaileak bultzatu ninduen dezente aurrera joatera, hau da, oholtzaren ondo-ondoraino, inori enbarazurik egin gabe, jakina, askoz hobeki ikusi eta entzun ahal izateko, eta, gainera, han, noski, zorua biziki horizontalagoa zen, beraz, baita askozaz erosoagoa ere.

 

Bueno, ba, hala eta guztiz ere, bakeak oso gutxi iraun zigun, zeren eta, emanaldia hasi eta berehalaxe, antzokiko langile erretxin bat etorri eta berehalaxe erreguka eta aginduka hasi baitzitzaigun, mesedez eta faborez handik alde egiteko, haren arabera, han egoteko ez genuelako baimenik, segurtasun neurriengatik, eta, onean ez baldin bagenuen nahi, txarrean botako gintuzketela toki hartatik. Beraz, belarriak apal-apalki jaitsi eta jende guztiaren aurrean joan behar izan genuen atzeraino, hau da, azken eserleku-ilara baino gibelago, bizkarra malda hartan deseroso edukitzeko, eta, gainera, urrutitik ikusi eta gutxiago entzuteko, beheko areto nagusi gehien-gehiena hutsik zegoenean, baina, bueno, badakigu, aginduak aginduak dira eta bete egin behar, ez badugu ondorio txarragorik jasan nahi behinik behin, eta, egun hartan ere, halaxe eman behar izan genuen amore, beste askotan bezalaxe, erremediorik gabe.

 

Azkenean, egoera aspergarri hartaz guztiz nazkaturik, Joseba Asiron alkate jaunaren lehenengo agintaldian, animatu nintzen idazki bat bidaltzera Iruñeko Udalera, gure egoera azalduta eta konponbideren bat eskatzeko, aurreko agintaldietakoek, hau da, UPNkoek, ez baitziguten batere kasurik egin.

 

Eta, azkenez, 2018 urtean lortu genuen: Gaiarre antzokian, oso atzean bada ere, gutxienez deskontu on bat eskuratu zen, zorua horizontala izatea ere bai, eta baita entzungailu egokiak ongi aditzeko eta toki zabala laguntzaileentzat ere. Sarrerako arrapala ere, azkenik, behar den duintasunarekin egin zuten.

 

Jakina da: haurrak negarrik ez, titirik ez.