PUNTO DE VISTA JAIALDIAK NAFARROA BULTZATUKO DU NAZIOARTEKO ZINEMA DOKUMENTALAREN FOKUTZAT

Gaur aurkeztu da Punto de Vista jaialdiaren hemeretzigarren edizioa. Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdia Nafarroako Gobernuak sustatzen eta NICDO sozietate publikoak antolatzen du, eta erreferentetzat finkatzen jarraitzen du, estatuan eta nazioartean duen proiekzio nabarmenari esker. Jaialdiak bi hamarkadako historia izango du datorren urtean. Ekitaldia otsailaren 24tik martxoaren 1era itzuliko da Iruñera, foru erkidegoa kulturaren fokutzat bultzatzeko. Horixe adierazi dute gaur goitzean Rebeca Esnaolak Nafarroako Gobernuko Kultura, Kirol eta Turismo kontseilaria, Manuel Asínek —Punto de Vista jaialdiaren zuzendari artistikoa eta Teresa Morales de Álavak Punto de Vista jaialdiaren zuzendari exekutiboa.

Rebeca Esnaolak azpimarratu du «nazioarteko erreferentzia irmo izatera iritsi dela jaialdia, bai bertan proiektatzen diren obrengatik, bai bertara etortzen diren pertsonengatik, herritarren interesagatik eta hobetu eta berrikuntzak egiteko borondatearengatik. Sorkuntza, elkartrukea eta ezagutza bultzatzen dituen espazio berezi bat da, planteamendu eta lengoaia berriak mahai gainean jartzen dizkiguna; gure inguruko errealitateak irudien bidez islatzeko modu paregabeak». Bestalde, Manuel Asínek nabarmendu du «jaialdia aurten ere hitzordu gakoa izango dela zinema dokumentalaren panoramako proposamen kritiko eta berritzaileenetako batzuk aurkitzeko». Asín zuzendaritza artistikoaren kargu egingo den azken edizioa izango da. Azkenik, Teresa Morales de Álavak argi esan du «urteetako eta jaialdia osatu duten talde guztien lanari esker, Punto de Vista jaialdiak bere posizioa indartu duela bai estatuan, lankidetza sare gero eta indartsuagoak eratuz, bai nazioartean, eta hori erakusten duela Doc Alliance jaialdiak bere sarearen parte izatera gonbidatu izanak. Espero dugu horrek jaialdiaren balioari eutsiko diola zinemagileentzat eta foru erkidegoarentzat».

Jaialdiak saio guztietarako sarrerak salgai jarri ditu bere webgunearen eta Baluarteko txarteldegiaren bitartez. Gainera, aste osoan txartel leihatila osagarri bat jarriko da barrutiaren atondoan. Sarreren prezio orokorra 3 eurokoa da saioko, batzuenak izan ezik, doan sartu ahal izango baita horietara. Hitzorduak garrantzi handia dauka ikus-entzunezko sektorearen ingurune profesional eta akademikoan, eta kulturan eta zinema dokumentaleko azken joerak ezagutzean interesa duen orori irekita dago.