MARTA CILDOZ ESQUÍROZ

 

NUPeko irakasle bat, osasun sistemak hobetzeko soluzio matematikoak garatzen dituen entitate baten buru

Marta Cildoz IO-Salude sareko zuzendarikide aukeratu dute. Sare hori Ikerketa Operatiboko Elkarte Latino Iberoamerikarrekoa da (ALIO)

 

Marta Cildoz Esquíroz Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) irakaslea IO-Salude sareko zuzendarikide aukeratu dute. Sare hori osasun sistemak hobetzeko soluzio matematikoen garapenean espezializatuta dagoen lantalde bat da, eta Ikerketa Operatiboko Elkarte Latino Iberoamerikarrean (ALIO) integratuta dago. Duela gutxi Guadalajarako Unibertsitate Panamerikarrean (Mexiko) egin zen Ikerketa Operatiboko XXII. Kongresu Latino Iberoamerikarrean izendatu zuten. Erakunde akademikoko Smart Cities Institutuko (ISC)[1] ikertzaileak azaltzen duenez, haren lanaren xedea izanen da “foro bat eratzea osasun zerbitzuak hobetzera bideratutako eredu, teknika eta esperientzia praktikoak partekatzeko”.

Ikerketa operatiboa, IO-Salude sarearen lanaren oinarria, zientzia bat da eredu matematikoak modu konputazionalean garatu eta praktikan jartzen dituena, erabaki-arazoak aztertzeko eta konpontzeko. Arazo horiek sistema konplexuen kudeaketarekin lotuta egoten dira. Haren aplikazioek giza jardueraren hainbat esparru hartzen dituzte barnean, hala nola ekonomiaren, gizartearen eta ingurumenaren esparruak.

 

Soluzio industrial eta sanitarioak

Bere ibilbidean zehar, Marta Cildoz irakasleak ikerketa operatiboko tresnak erabili ditu, hala nola datuen analisia, simulazioa eta optimizazioa, industria sektoreetan aplikatutako soluzioak garatzeko, Volkswagen eta Azkoyen bezalako enpresekin lankidetzan, eta osasun sektorean aplikatutako soluzioak garatzeko, Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuarekin eta Nafarroako Ospitale Unibertsitarioarekin proiektuak eginez. Komunikabideetan asko agertzen ez bada ere, ikerketa operatiboa, konputazioko eta datuen analisiko aurrerapenekin batera, sistema konplexuak aztertzeko eta hobetzeko dagoen tresna indartsuena da egun”, esan du ikertzaileak.

Marta Cildoz NUPeko q-UPHS ikerketa taldekoa da (Osasun Zerbitzuen Errendimendua Hobetzeko Metodo Kuantitatiboen ingelesezko siglak)[2]. Fermín Mallor Giménez katedradunak zuzentzen du ikerketa-taldea, eta Osasunbideko eta beste unibertsitate batzuetako ikertzaileekin lankidetzan jarduten du. Talde horren helburuak azterketa akademikoa gainditzen du, eredu eta soluzioak praktikara hurbiltzea baitu helburu, osasun zerbitzuak egiaz hobetzeko.

Helburu hori betetzeko, taldeak jardunaldi mistoak antolatzen ditu erregularki, eta arloko ikertzaile eta profesionalek osasun sistemekin lotutako gai aipagarriak eztabaidatzen dituzte jardunaldi horietan. Azken urtean, larrialdi zerbitzuen lokalizazioari eta programazio kirurgikoari buruzko saioak egin dira. Bi kasuetan, Kanadako CIRRELT ikerketa zentroko bi espezialistak, Nadia Lahrichik eta Ángel Ruizek, parte hartu zuten, eta beren esperientzien berri eman eta ikertzaileekin eta Nafarroako osasun arloko hogeitik gora profesionalekin eztabaidatu zuten.

 

Argazkia: Marta Cildoz Esquíroz, NUPeko ikertzailea.

 

 

 

 

 

[1] https://www.unavarra.es/eu/sites/research-institutes/isc.html

[2] https://www.unavarra.es/quphs