ATURRI IBAIAREN BIDE ALDAKORRA ETA DONOSTIAKO GASKOIAK

    Baionak hastapenetatik Aturri eta Errobi ibaien elkargunetik atera ditu indarra eta hiri izateko oinarrizko arrazoia. Hortik omen datorkio izena: Ibai + gunea = Baiona. Horixe da, bederen, gaur sinesgarrien dugun teoria. Itsasoaren  hurbiltasunak eta ibai nabigagarri horien bokaleak eman zion hasiera-hasieratik ukan duen merkatal hiriaren ospea. Errobi ibaiak Nafarroa Behereko ipar muga zehaztu ondoren,  Lapurdin sartzen da, Baionaren barruan Biarnotik datorren Aturri ibaiarekin lotzeko eta biak elkarturik itsasoratzeko. Errobi ibaiak eman dio hiriari sortzezko euskalduntasuna eta Atturri ibaiak ekarri zituen gaskoiak hirira. Hauek biziki trebeak ziren merkataritza kontuetan eta laster hiria indarberritu zuten.

Haatik, XII. mendean zerbait gertatu zen Baionan, eta bertako merkatari gaskoiak (kaskoinak eta kaskoiak ere deituak) Gipuzkoako kostaldera hedatu ziren, bertako hirietako merkataritza euren eskuetan hartuz. Hondarribian, Pasai Donibanen, Lezon, Errenterian, Lezon, Herreran eta Donostian finkatu ziren, gehien bat. Hiri horietan Baionako gaskoierak indar handia hartu zuen, eta Hondarribiko eta Donostiako hirietan, esate baterako, mintzaira nagusia izatera ere iritsi omen zen, herri horietako toponimo ugarik, gaur egun oraindik ere, ederki oroitarazten diguten bezala.

Baina zergatik joan ziren Baionako gaskoiak Gipuzkoako itsas bazterreko herrietara? Kristobal Gamon izan zen gaskoiek Gipuzkoako kostaldean izan zuten indarraz hitz egin zuen lehenengoetakoa, baina zalantzarik gabe, Serapio Mujika izan zen migrazio hori hobekien aztertu zuena eta gaskoien hedatzeari buruz lehen teoria plazaratu zuena. Lapurdi Nafarroako Erresumaren eta Frantziako Erresumaren artean kokatu zen luzaz, garai zaharreko lotura feudalei jarraituz. Gaztelak Nafarroari Bizkaiko eta Gipuzkoako itsasertza kendu zionean, Baiona Nafarroako Erresumaren portu nagusi bilakatu zen, eta horrek sekulako indar ekonomikoa eman zion. XII. mendean, lotura feudalak aldatzerakoan, Frantziako erregearen menpekoa izatetik Ingalaterrako erregearen menpekoa izatera pasatu zen, eta hor zenbait gerra eta liskar piztu ziren. Serapio Mujikak bere idazkietan defendatu zuenez, horixe izan zen Baionako merkatari gaskoiak Gipuzkoarantz bultzatu zituen arrazoi nagusia. Teoria honek bere bidea egin zuen eta liburuz liburu, egilez egile errepikatu egin da gaurko egunera arte.

Hala eta guztiz ere, erran beharra daukagu hau ez dela gaskoiek Gipuzkoara burutu zuten migrazio handia ulertzeko plazaratu den teoria bakarra. Jose Luis Banus Agirrek bigarren teoria bat aldarrikatu zuen, ene ustetan, errealitatearekin uztartuagoa dena. Ikus dezagun. XII. mendean, hondarrek Baionako bokalea blokatu zuten eta honen ondorioz Atturri ibaiak beste bide bat bilatu behar izan zuen, eta Capbretonen, hemezortzi kilometro iparrerago, itsasoratu zen. Honek desesperazio handia zabaldu zuen Baionako merkatari gaskoien artean, ezin baitzituzten Nafarroako Erresumaren merkantziak ez atera eta ez sartu. Horrek beste portu bat xerkatzera bultzatu zituen, eta berehala topatu zituzten leku egokiak Bidasoa, Oiartzun eta Urumea ibaien bokaletan.

Hondarribia, Pasaia eta Donostia izan ziren gehien populatu zituzten hiriak. Izurun zaharra Donostia (Done + Sebastia) izatera pasatu zen gaskoien eraginez, 1000. urte inguruan bertako baserritarrek San Sebastian martiriaren omenez eraikitako monasterioaren izena erabiltzen hasi baitziren hiri gaskoi berritua izendatzeko. Gaskoien garai haietatik datorkie donostiarrei inguruko herrietakoek ematen dieten goitizena: kaxkarinak, hau da, kaskoi arinak.  Pasaiako Badiari Passage deitu zioten, eta hortik datorkio gaur euskaraz duen izena. Hondarribia (hondar + ibia) toponimo zaharra ahoskatzeko zail samarra egiten zitzaienez gero, beraien sistema fonetikora hurbildu zuten Fonterrabia/Fuenterrabia famatua sortuz.

Eta zer gertatu zen Atturri ibaiarekin? Capbretonen bilatutako irteera ere emeki-emeki hondarrez betetzen joan zen, eta ibaiak  Vieus-Boucau-n (Bokale Zaharrean) bilatu zuen itsasoratzeko bokale berria, hogeita hamabi kilometrotara. XVII. mendean ibaiak hegoalderantz jo zuen, berriz ere, Miarritzetik hasieran eta Donibane Lohizunetik gero itsasoratuz. XIX. mendean, Napoleonen garaian, Baionak Atturri ibaiaren itsasoratzea berreskuratu zuen, ordutik Bokale Berria (gaur Bokale bakarrik) deitu izan dugun ahotik itsasoratzen da.

Ederki asmatu zuten gure arbaso euskaldunek hiriari eman zioten izena, ibai + gunea, garai ilun haietatik gaurko egunera arte Baiona hiriaren bizimodu komertziala Aturri eta Errobi ibaiekin arrunt loturik egon baita.