Sèi un país e ua flor, e ua flor, e ua flor
que l’aperam la de l’amor, la de l’amor, la de l’amor…
Haut, Peiròt, vam caminar, vam caminar, de cap tà l’immortèla.
Haut, Peiròt, vam caminar, vam caminar, lo país vam cercar!
Honela hasten da Biarnoko himno ez ofizialtako hartzen den L’immortèla abestia. Immortela deitzen da Bigorra eta Biarno artean dagoen mendi bat. Baina lore baten izena ere bada, biarnesez horrela deitzen diote alemanez “edelweiss” den hari.
Maleruski, beldur naiz gutariko batzuek ez dutela, baitezpada hagitz ongi jakinen zer hizkuntza den biarnesa, non dauden Biarno eta Bigorra. Hego Euskal Herrian ez, bederen. Ez da beti horrela izan:
—Aitajína! Ikasi dúr biarnésa.
—Abér, erran zák.
—Ai! átze zitá, átze!
Gayérdiz, bi orenétan edo kolá:
—Aitajína! Ogártu náz biarnésa.
—Abér.
Eta “pása debán” ta “fráu délas”, y con eso remató. Ez zakien berzerik eta ikasi zien biarnesa.
(Uztarrozeko Doroteo de Miguelek kontatua)
Biarnesa, ordea, gurea den zerbait da. Lehen euskaldun izan zirenek sortu duten hizkuntza bat. Biarnon badaude euskaraz bizi diren herriak (Eskiula, bereziki, Jeruntze, Aramitze…) eta Zuberoan badaude biarnesez mintzatzen diren, edo izan diren, herriak (Montori, Ospitalepia).
Biarnoko hiriburuan, Paben, Nafarroako Parlamentua ikus daiteke. Norbaitek lerro hauek irakurriko balitza hara joatera eta bisitatzera animatu nahi nuke. Logikoa da Paben egotea, bertan kokatu baitziren Nafarroako errege-erreginak españolek Nafarroa Garaia konkistatu, zanpatu eta suntsitu zutenean.
Eta gure errege-erreginak han kokatzearen arrazoia Biarno eta Nafarroaren arteko mendeetako harremana izan zen. Mendeak erran dut, baina milaka urteak ere erran nezakeen. Erromatarrek inguru honi “Akitania” deitu zioten. Zesarrek bere mugak zehaztu zituen: Pirinio mendiak (euskaldunok “bortiak” deitu izan ditugun horiek), Garona ugaldea eta Ozeanoa. Pomponio Melak argitu zuen akitaniarrak ez zirela galoak, itxuraz eta hizkuntzaz iberoen antzekoagoak zirela. Hizkuntzaz iberoen antzekoak ez dakit, baina beren hizkuntza euskara zela ez dago inongo zalantzarik. Bigorran aurkitu dira gure hizkuntzaren testigantzarik zaharrenak, K.o. I eta III mendeen bitartean honelako hitzak agertzen zaizkigu: CISSON, ANDERE, NESCATO, HARBELX, AHER BELX…
Zorigaitzez, hegoaldetik bezala, ekialdetik eta iparraldetik ere gure hizkuntza galduz joan da, galduarazi digute. Eta antzinako Akitanian euskara galdu denean bertan hizkuntza berri bat sortu da: gaskoiera. Latinetik eratorritako hizkuntzen artean gaskoierak dituen hainbat berezitasun euskal sustratoari egokitzen zaizkio. Corominasek aipatu duen bezala, nonbait gaskoieraz hitz egiten bada, horrek erran nahi du han lehen euskara hitz egin dela.
Gaskoierak hainbat dialekto ditu. Gaur egun indartsuen dagoena aranesa da, Aran (< haran) ibarrean egiten dena eta Kataluniako hiru hizkuntza ofizialetako bat. Bertze dialekto bat biarnesa da, Biarnon egiten dena. Egun oso ahuldurik, baina garai batean Nafarroako hizkuntza ofiziala izan zena. XVI. mendean Nafarroako erresumako agiri ofizialak biarnesez idatzi zituzten.
Joana Albreteko, Nafarroako erreginak, protestantismo hedatzeko, Biblia bere erresumako hizkuntzetara itzultzeko agindu zuen. Euskarazko bertsioa Joanes Leizarraga beskoiztarrari enkargatu zion. Eta biarnesezkoa Arnaut de Saletteri.
Merezi du gure munduaren parte hau ezagutzea. Badakigu batzuek nora begira jarri nahi gaituzten, baina ez gaitezen etsaiaren tranpan eror. Gure mundua ez dago Ezkaraitik behera, ezta Garonatik gora ere. Behar bada pentsatu beharko genuke ez garela zazpi herrialde, baizik ere zortzi. Edo bederatzi, Errioxari buruz noizbait idatziko dut. Edo hamar, Bigorrari buruz ere badago zer kontatu. Eta zer Antsoz, Etxoz…?
Norbaitek l’immortela entzun nahi badu:
https://www.youtube.com/watch?v=-oeJB9Bvsrc
Nik, behinik behin, jende hura gu garela sentitu izan dut.
Biarnoko euskara entzuteko:
http://www.ahotsak.eus/eskiula/
Ez du balio erratea ez dela ulertzen, “porque” eta “bastante ondo” erraten ez duelakoz.