Kontua duk han ortziral, larunbat eta igande arratsaldeetan sekulako giroa zegoela, bazituan tabernetan gabe, Antsoain bideo klubean elkartzekotan geratzen zirenak. Han asteko gorabeherak trukatzen zituan adiskideen artean, xextoak, pasadizoak. Era guztietako litxarreriak saltzen baitziren, txikitan bezalaxe egoiten gintuan, solasean eta ahoa bete litxarreria. Gero pelikula alokatzeko unea heldu zelarik, nehork ez zian batere presarik txandan lehena izaiteko, hain giro ederra egonik gutienekoa zuan bila joandako pelikula hartzea. Batzuetan bi oreneko saioak izaiten genitian soilik egun eta toki hartan ikusten genituenekin hizketan. Hondarrean, bideo kluba ixten baitzen, etxeratzeko tenorea iristen zuan eta, jakina, filma ikustekoa.
Dena ongi zegoan ia beti, nahi genuena pelikula berria bazen, orok nahi baitzuen, arazotxoren bat izaiten zuan txanda erdiesteko. Zaharra bazen, aldiz, arazo bakarra suertatzen zuan bideo klubean pelikula hori ez zegoenean. Orduan zian eskatzen, ez zekiat nori eskatzen zion, baina aste beteko epean (gehienez) ikusteko moduan zegoan.
Gero aro digilata hastearekin baterat, hau guztia pikutarat joan zuan eta disko-dendekin gertatu zen bezalaxe, bideo klub gehienak (denak ez erraiteagatik) desagertu egin zituan. Zinezko mina sentitzen diat amarengandik amaginarrebarenganat noanean, alegia, Txantreatik Arrotxapearat noanean, Atarrabia etorbidean barna. Bideo kluba han zegok, hertsirik, bazter utzirik, sitsak janik, egoeraren tamalgarria salatzen duen SE VENDE txartela atean daukala. Edozein orenetan eskaturiko pelikula eman dezaketen makina horietarikoa paratu zitean, hondar buztankadak emaiteko baizik ez zian balio izan.