Pasa dugun azken hilabetea martxoa da, eurite eta elurte haundiak pasa eta gero martxoko ezkoren bila joan ginen. Baina, martxoko ezkoak zer dira? Ba, perretxikoak dira: Hygrophorus marzuolus (marzuela, seta de marzo, seta de ardillas), baita ere elur ezko edo lur ezko esaten diote, elurra urtzen denean agertzen direlako eta ia beti lurrez estalita daudelako.
Martxoaren 7a, larunbatarekin, goizeko 6ak dira, eguraldi polita egingo du, baina oraintxe bertan 2 grado besterik ez, etxetik atera nire anaiaren bila joateko eta hor dago, tahona baten aurrean txolarre bat janariaren bila, pixka bat aurrerago eta kotxeen artean, txantxangorri bat hegalaldi motz egiten bestea bezala janariaren bila iluntasunean. Aparkalekuan zozo batek bere lurraldetasuna farola baten gainean kantatzen du, pixka bat haratago,beste batek erantzuten dio.
Anaia hartu eta gero Otsagiko bidean Iso mendatea igotzen uso pare bat ikusi ditugu, hauek ez dira pagausoak (Columba palumbus, paloma torcaz, pigeon ramier) izan, txolomak (Columba oenas, paloma zurita, pigeon colombin) baizik. Txolomak garaietan uso arruntenak ziren, baina espezieak bere biotoporen galketaren ondorioz beherakada indartsu bat jasan du azken mendean zehar eta gaur egun oso eskasak dira. Pixka bat aurrerago eta Iso mendatearen kartelaren ondoan, errepidearen ezkerraldean hildako animalia bat dago, haren ondoan lau sai arrak (Gyps fulvus, buitre, vautour fauve) eta erroi bat (Corvus corax, cuervo, grand corveau) argitzen ari denez, zein animalia den, ezin dugu esan, bueltan ikusiko dugu.
Zaraitzu eta Erronkari ibarren artean kokatzen diren menditara heldu gara, goizeko 7 eta erdiak dira, lau grado zero azpitik, basoa nahiko isila dago, berehala mokoker (Loxia curvirrostra, piquituerto, bec-croise des sapins) batzuk ikusi ditugu, ez dute ezer esaten, basoan murgiltzen gara, laiotz batean gaude. Pagoak (Fagus silvatica, haya, hetre commun), ezpelak (Buxus sempervirens, boj, buis commun) eta gorostiak (Ilex aquifolium, acebo, houx) nahiko elurraren artean daude, eguteretan elur gutxiago espero dugu eta horrela da, berehala martxoko ezko haundi bat gure aurrean dugu nire anaiaren fedea saritzen, nik ez bainuen espero ezta bat ikustea. Gainetik beltza, azpitik grisa eta 12 zentrimetro gutxi gora behera, ez dago gaizki lehenengo martxoko ezko izateko, gainean haren ondoan eta nahiko estalita ale erabat txuri bat aurkitu dugu. Orduan txorien kantuetaz ohartzen gara: hortik okil beltzaren (Dryocopus martius, pito negro, pic noir) joak, handik txontaren (Fringilla coelebs, pinzon vulgar, pinson des arbres) melodia berberak eta hemendik garraztarroen (Turdus viscivorus, zorzal charlo, grive draine) doinu zoragarriak. Kilo eta erdi ziza bildu eta gero bueltan gaude, Iso mendatean hilik dagoen animalia basurde txiki bat da, bakarrik larrua ta hezurrak geratzen dira. Billabeta herrira heldu baino lehen, Ekai aldera joateko bidegurutzearen eskuinaldean, behorrak dauden larre batean bi kurrilo arrunt (Grus grus, grulla, grue cendree) ikusi ditugu, nahiko arraroa iruditu zaigu, jarraituko dugu zaintzen zertan geratzen diren ikusteko. Besterik gabe, berriz Iruñean 8 grado, eguraldi polita. Beste egun batean gaur aipatutako izaiei buruz hitzegingo dugu.
Atakomendi.