JOSEPH ABEBERRI, ZIBURUKO AUZAPEZ DEPORTATUA

Egia erran behar badizuet Joseph Abeberri arras ezezaguna nuen, 2012ko martxoaren 14an, Enbata aldizkarian, Mikel Dalbret ziburutar margolari ezagunari egin elkarrizketa argitaratu zuten arte. Zenbat eta zenbat horrelako gure historian, ahanzturaren ilunetan galduak, pentsatu nuen orduan, eta handik aitzina, gizon miresgarri honi buruz topatu izan dudan guztia pasioz irakurtzeari ekin nion. Zoritxarrez, ez dut gauza ainitz topatu.

Joseph Abeberri  1895eko urriaren 2an Arrangoitzen sortu zen. Lehen Gerla Handian armetara deitua izan zen eta bi aldiz larriki zauritua suertatu. Euskal Herrira elbarri itzuli zen arren Baionako Suprefeturan lanpostu bat atzeman zuen. 1919an Ziburuko herriko etxeko idazkari izendatu zuten eta horrela aritu zen 1935era arte. Luzaz, Ipar Euskal Herriko gerlako zauritu eta elbarrituen ordezkari gisa aritu zen. 1935eko maiatzean, Ziburuko hauteskundeen kari, Herri Fronte ezkertiarraren zerrenda baten buru aurkeztu eta auzapez zen bilakatu. Bere agirietan gure mintzaira erabili zuen euskara hutsezko afixak zabaldu zituelarik. Horrek garai hartako Ziburu euskaldunaren berri ematen digu.

1936an espainiar faxistak altxatu ziren eta Hegoaldeko euskal lurraldeak odoldu eta zanpatu zituzten. Ainitz izan ziren Iparraldeko lurretan babesa bilatu zutenak. Garai hartan Lapurdiko hautetsi gehienak eskuindarrak zirenez gero, ez zituzten biziki ongi hartu. Joseph Abeberri izan zen, eskuak zabalik, paperak emanez eta era guztietako erraztasunak eskainiz, hartu zituen bakanetako bat.

1940. urtetik goiti, hau da, Vichy-ko gobernamenduaren garaian, horrelakoak egitea edota ezkerreko politikan aritzea ez zuten begi onez ikusten, eta azkenean, Petain presidentak garbiketa politikoa agindu zuen. Agindu honek hainbat eta hainbat hautetsiren kargugabetzea ekarri zuen, eta horrela, Baionako Suprefetak Joseph Abeberri auzapez kargutik kendu zuen.

Baina Joseph Abeberriren lan politikoa ez zen kargugabetze triste horrekin bukatu. Ilunpeko lanetan zebilen, erresistentzian sarturik, eta horrela jarraitu zuen 1944ko ekainean salatu zuten arte. Ekainaren 8an, Normandiako lehorreratzearen biharamunean, alemaniarrek eta heien aldekoek sarekada bat burutu zuten Lapurdiko itsas-hegian. Hendaian hamar bat lagun atxilotu zituzten, horien artean Leon Lannepouquet, hamabi urtez auzapez izana Vichy-ko agintariek 1941ean kargugabetu zuten arte, hondartza aldeko Santa Ana elizako jaun erretora zen Paul Simon apeza, Julien Karrikaburu irakaslea, Jérome Faget herriko etxean axuanta izana, Dominique Testavin herriko etxeko idazkari nagusi izana, Aita Armand Fily, Jospeh Artola eta Jean Courrège ostalerak, Jean Darbouet zinegotzi ohia…

Donibane Lohizunen saltoki bateko nagusi ziren Lafargue anaiak, Pierre Larramendi ostalera, Jean Sous osteopata, Louis Lafitte, Raymond Marchand, Britannia hoteleko nagusia, Jean-Louis Dupreuilh asegurantza agentea, Georges Chaillou jendarma …  Ziburun ere jende andana espetxeratu zuten: Philippe Blazy medikua, Paul Gelos Herriko etxeko idazkaria, Jean-Antoine Poletti herriko etxeko ingeniari eta obra guztien kudeatzaile zena,  Jospeh-Henri Mintegi Ziburun arno-saltzaile zena…, eta baita Joseph Abeberri herriko auzapez izandakoa ere. Hauetako gehienak Alemaniako preso-eremuetara eraman zituzten eta horietako ainitz bertan hil ziren.

Joseph Abeberri atxilotu zutenean, Baionako Villa Chagrin presondegira eraman zuten, eta bi hilabeteren buruan, hau da, 1944ko agorrilean Alemaniara deportatu zuten. Han, Mathausen-eko preso eremuko Melk eranskinean, hil zen 1944ko azaroaren 18an. Ziburun bada karrika bat bere izena duena, baina horretaz gain, gizon honen oroitzapena guztiz ahantzia da. Domaia da horrelakoak gertatzea. Ziburu Bizi abertzale taldekoak hor dabiltza gizon honen sua pizturik iraunarazi nahian. Ez da lan makala, baina bai egin beharrekoa, gaurko belaunaldiek ezagutu dezaten gure aitzinekoek egindakoak eta sufritutakoak. Ahanzturak ez du nehoiz deus onik ekartzen eta berriro horrelakoak errepikatzea ahalbidetzen du.

Artikulu ttipi hau egin ahal izateko, lehen aipatu bezala, ez dut iturri handirik topatu. Mikel Dalbreten lanak, Ziburu Bizi herri taldearen agerkarian plazaratutakoa, Enbatan azalduriko elkarrizketa, Jakintza elkarteak egin aldizkari berezian eta Herrian, 1944ko sarekada oroitarazteko, Muslarik izenpeturik plazaratu artikulu mamitsua erabili ditut. Milesker, beraz, horiei guztiei.

  Joseph Abeberri
auzapez ziburutarraren
omenez eta oroitzapenez

Arrangoitzeko hazia
larogoita hamabostean sortua,
herritarren artean hezia,
besteen zerbitzuan ondua
giza baloreetan hasia,
aita-amen goxoan gizondua,
zapalketa ororendako hesia,
bizitza osoan izandua.

Aita zuen maisu eta bidelagun,
gizon eta emazteen libertate ikur,
askatasun eza ez hemen eta ez inun
jasaten ez zuen gizon leun.

Joseph izan zen auzapez gisako eta leial,
Ziburuko herritarren itxaropen eta izar,
nazi eta heien lagunendako  aurkari zital
borrokaren bidean, ez iduzki eta ez itzal.

Erresistentzian zen sartu buru-belarri,
borrokalari  ainitzen bizia salbatu zuen sarri,
eskuindarrez gainezka zen gizarte hartan harrigarri,
Ziburuko altxorrean ezkerreko perla eder eta zoragarri.

Etsaia erne zen eta aiduru,
mendekuz eta esker txarrez mukuru,
Abeberri zeukaten heien amorruaren buru,
hori zuten, bederen, uste eta aburu.

Zakur amorratuek zuten atxilotu,
Baionako jendarmerian egurtu eta txehetu,
herio-treinean Baionatik Austriara bialdu,
berrogoita lauko azaroaren 18an zioten bizia kendu.

Olerki honen bidez nahi zaitut oroitu
eta zure lan handia bihotzez eskertu,
zu bezalako gizonak behar ditugu goratu
ez daiten nehoiz holakoak berriz gertatu.