Historia garaileek idatzia dela hamaika aldiz entzun dudan arren, badira ene ustez galtzaileen bandoan ere ongi idazten dutenak, eta aunitzetan azken horien bidez historiaren beste aldea ezagutzera iristen gara. Horien lana ez da alferrikakoa izaten.
Martin Hiribarren 1810. urtean sortu zen Lapurdiko Azkaine herrian. Gazte zelarik apaiztu zen eta laster Baionako kalonje ezarri zuten. Euskal Herria zinez maite zuen eta bizitza osoan euskararen eta Euskal Herriaren alde lan egin zuen. Idazle emankor eta trebea izan zen, zoritxarrez, ez zaizkigu idatzi zituen lan guztiak iritsi. Hiru liburu plazaratu zituen: Euskaldunak izeneko bertso liburua. Euskal Herria du ardatz eta bost mila bertsoz osatua dago. Liburu honen bidez garai bateko ohitura zaharrak, antzinako erran eta atsotitzak, eta arbasoen bizimodu gogor eta jatorra dakarzkigu gogora. Euskaraz egia da bere bigarren liburuaren izenburua. Erlijioa du mintzagai. Eta azken liburua, Montevideoko berriak izenekoa dugu, 1853. urtean argitaratu zuena.
Lehen aipatu dudan bezala, idazki gehiago egin zituen, horien artean hiztegi eder bat zelarik, baina tamalez ez dira inoiz argitaratu.
Hainbat denbora huntan nagusi tokiaren,
gutik jakin herrian nondik heldu diren,
zer egin duten aitek hemen egoteko,
bere sorleku maiten armez beiratzeko.
Haur osteak ikusi, buraso gastutan,
urte multzo egoten eskola handitan,
mihi arroz zenbeitez ikasi mintzatzen,
euskaraz jakin gabe kasik irakurtzen.
Espainolek espainol nahi dute jakin,
frantsesek ere frantses bere arantzekin;
Zertako euskaldunak utziren euskara,
bilatzeko non gasta bertzetan denbora?
Hauexek dira Euskaldunak liburuaren hasieran irakur ditzakegun lehen bertsoak, arrunt adierazgarriak. Beraien bidez garbi ikusten ahal dugu nor eta nolakoa zen liburuaren egilea, hau da, Martin Hiribarren azkaindarra. Liburu osoan, behin eta berriz, garbi uzten duenez, ongi asko ezagutzen zituen bere garaikideak, bai euskaldunak eta baita frantsesak ere. Ongi zekien Frantziako erregeek euskararekin eta Euskal Herriarekin egindakoez, eta horiek gogor salatu zituen bihotzetik jalgi zitzaizkion bertsoetan. Garaiko euskal mutilak filosofia eta pentsamendua ikasten ari ziren frantsesez, euskaraz irakurtzen ez zekiten arren, eta horrek bihotzeko min handia eragiten zion azkaindar idazleari. Ikusten dugun bezala, horrelako gauzak orduan gertatu ziren, Hiribarrenen garaian, eta, tamalez, gaur egun ere antzekoak ari dira gure artean gertatzen. Badira gure artean, ingelesez eta, ikasten ari diren neska-mutilak euskaraz ongi jakin gabe.
Liburuan zehar Aita Manuel Larramendiren ideia iberista eta kultistak agerian uzten dizkigu. Hiribarren iberismoaren jarraitzaile sutsua zen. Larramendik azaldutako teoriak bere egin zituen eta horietan oinarriturik egindako bertsoak ondu zituen. Horrela, bere bertsoetan lehen euskaldunak iberoak izan zirela aldarrikatu zuen, eta euskara eta iberiera hizkuntza berbera zirela defendatu.
Liburuko lehen bertsoetan Iberiako historia kontatzen digu, hurrengoetan Kantabriaren defentsa eta aldarria egiten ditu, eta ondorengoetan Euskal Herriaren berri ematen digu. Haren ustetan, euskaldunon historia hiru atal edo arotan bana liteke: Iberia, Kantabria eta Euskal Herria, alegia. Hiru atal horietan euskarak mendez mende izan duen atzerakada handiaz mintzo zaigu. Hori ongi azaldu ondoren, Iruñeko eta Nafarroako erregeen berri ematen digu, eta horien segidan zazpi herrialdeen ezaugarri eta berezitasunak. Azkenik, Lapurdi jorratzen du, eta hori eginda, Lapurdiko herri guzti-guztien berri aurkezten digu, bere sorterri den Azkaine maitearekin bukatzeko. Hori dena azaldun ondoren, Tomas Zumalakarregi eta beste hainbat euskal pertsonaia handiz aritzen zaigu sutsu eta gartsu.
Bukaera aldera, eta liburuan kontatu digun guztia egoera larrian ikustean, Kanta mina izeneko bertso multzo sentituaz agurtzen zaigu. Ikus dezagun azkena:
Egia zare, Jauna, bidea, bizia;
gida zazu zerorrek euskaldun guzia.
Luze diozu eman bidia menditan,
balinba izanen da zurea mendetan!
Gazte-gaztetik euskaltzale handia izan zen. Haren idazlanetan Euskal Herriaren izaera eta nortasuna agertzen ahalegindu zen. Larramendiren jarraitzailea zenez gero, biziki euskara kultua erabili zuen, Larramendiren hiztegian azaltzen ziren neologismoak barra-barra sartuz, eta berak asmatutako hitzak tartekatuz. Horiek alde batera utzirik, esan dezakegu oso euskara onez idatzi zuela, idazteko erraztasun handi baitzeukan.
Ondotxo dakigu zein egoeratan gauden gaurko euskaldunok, eta zein den gure gazteek euskal kulturaz duten ezjakintasuna. Hiribarren ere hor ahantzita dugun nonbait, nahiz eta ene ustez, askoz gehiago merezi zuen. Haatik, ziur naiz biharko egunean egoera arruntean aldatuko dela, eta garai berri horietan gure gazteek gure historia, gure kultura eta gure literatura errotik ezagutuko dituztela. Garai berri horretan Martin Hiribarren azkaindarrak ongi merezitako txokoa ukanen du.