Goizeko bortzak eta hamar. Esnaoilarrak halaxe adierazi du. Jaikitzeko garaia. Zer espero daiteke hain goiz iratzarri behar dugun egunean? Zer on ekarri ote dio gizateriari ohatzea oilaritean uzteko ohitura ulergaitz horrek? Nor kontxori otu zitzaion halakorik? Uler dezaket zubipean bizi behar dutenek goiz altxatu nahi izaitea, behearen gaina ez baita lastairarik onena; ulertu, halaber, ezin lo egin duen zaharraren habia abandonatzeko premia, baina egoera normalean dagoen bati nola bururatu zitzaion gorputza gehien bizkortzen duena saihestea halako ordutegi basatiekin?
Nehoiz endelegatuko ez dudan gurpil zoroan sarturik baikaude, ezinbertzean jaiki behar dut, hilaren bukaeran sos batzuk emanen badizkidate bederen. Sos batzuk izerdi gaitzen truk, sos batzuk teilatupeko bizileku hutsa (lau pareta eta komun bat, halaxe eman ziguten etxebizitza, ez pentsa Buckingham Palacen bizi garenik) ordaintzeko, sos batzuk etxetresnak (elektrikoak zein ez-elektrikoak) erosteko, mirariak egiteko balio ez duten sos batzuk, banketxearen magal batere ez gozorat bultzatu ninduten sos batzuk. Gurpil zoroan sarturik bizi gara, gurpil zoroan segitzeko baino bertze ezertarako balio ez duen gurpil zoroan, itzulinguruka ibiltzeko baino ez. Batzuk ateratzen saiatu ziren, han bizi dira herri txikietan Naturak emaiten dizkienetatik eusten, soberako fitsik gabe, oinarri-oinarrizko baliabideekin, baina odol (eta poltsa) zurgatzaileen aginduak pairatu behar izan gabe. Adorea eta kemena behar dira hala bizitzeko, indarra eguneroko ezustekoei aitzi egiteko propagandan saltzen diguten laguntza berezirik gabe, auzokoen elkartasuna lagun izanen dutelakoan, gaur zuri bihar niri, gurpil zoroko “zu ala ni” “zu eta ni” bihurtuz egunero, uneoro, zorigaitzoro. Aspaldian genituen egitasmoak itzaliz joan dira gurpil zoroak irentsi dituelako, ezabatu, desagerrarazi, haiei buruz oldoztea bera ere debekatu dutelako. Orduan izan nuen joaiteko aukera baliatu izan banu, nork daki! beharbada gauza gutxiagorekin biziko nintzateke, menturaz ez nukeen egundaino beribilik izanen, apika oraino zuri-beltzezko telebista nuke, baina agian, agian, ez nioke hilero neronen arima deabruari saldu beharko. Nola jakin, nork jakin, nola asmatu?
Oldozpenotan nabileino esnea berotzen paratu dut, mikrouhin labeak lan egiten duen bitarte exkaxean bizarra eginen dut. Bertze ohitura ergel bat, bizarra egin, zertarako? Lantegian bi oren gabe arras zikindurik edukiko dut begitartea, orduan, zertarako egin bizarra? Azturak aginduta nonbait. Beti bezala mazelan behar ez zena moztu dut, komuneko paper puskatxoa paratu dut odol isuria eteteko (hobe odol isuria etetea zainak baino). Gisa horretan hurbildu naiz mahairaino eskuan esne katilua daramadalarik. Eztia eta ogi puskak emanik, goizeko lehen otamena egin dut. Goizero bezala esne ttilikak gainera erori zaizkit, ez dago problemarik, aspaldian asmatu nuen prakarik gabe gosaltzeko ohitura aisa lasterrago garbitzen baitira zangoak galtzak baino.
Eguneroko ohiturari jarraikiz, jantzi egin naiz eta ispiluan neronen burua (eta soilik burua) ikusi dut, hasieran histen baninduen ere, orain ohartu naiz kontu ona dela ile adatsa ia txoil galdu izana, horrela ez dut egunero orraztu behar. Bi hilabetez behin inausten dizkit ile-apaintzaileak nehoiz adar bihurtuko ez diren itxura exkax bezain barregarriko sasi kimutxoak. Hor ere antzemaiten da denboraren joana, gaztetan zinezko trauma zen Jimmy Hendrixena bezalako buru ile joria ez edukitzea, orain adinkide ia guztiok onetsi dugu soiltzea, ezinbertzean. Joanak joan.
Etxetik lantegirat hamartsu minutuko ibilaldia dago. Lanerat noalarik abantaila iduri dezakeenak erabat goibeltzen eta mikazten dit aldartea jaiegunetan. Ezin pasa dezaket egun bakar bat lantegia ikusi gabe, ezin ken dezaket burutik eguneroko sufrikarioa hori egosten den eraikina begian aitzinean dudalako etxeko leihotik so eginez gero. Hasierako urteetan, sortauzoan bizi nintzelarik, lan egiterat autobusez joaiten nintzen, tartea burua prestatzeko nerabilen eta lantegitik itzultzen nintzen bitarte pozgarria aski nuen han gertaturiko putakeria oro atzentzeko. Orain, aldiz, ezin halakorik egin. Ogi erosterat joaitekotan, ikusi egiten dut. Beribila gasoilez hornitzerat joanez gero, ikusi egiten dut. Semearekin ezker paretan aritzerat abiatzen hasi orduko ikusi egiten dut, areago, haren aitzinetik iragan behar dut eta arratsaldeko txandako kideak ere ikusi egiten ditut, eta haien itxura zikindua, eta haien aurpegietan denboraren joanak utzi dien etsipena, eta, halarik ere, haien irria gu agurtzeko tenorean “aupa ezker bikain hori, Irujo!” diotsote semeari haren idoloarekin konparatuz. Oporretarat joan behar dugunean ongi dago lantegia ikustea gibelean gustura uzteko; oporralditik itzultzean, ordea, jaiegunen bukaerari era ezinago itsusian erreparatzen diogu, lantegi zaharkitu eta hilgarriak bere irririk maltzurrena erakusten baitit, berehala harrapatuko nauela gogoratuz. Ez. Ez dut gogoko lantegitik hain hurbil bizitzea. Tartean jarri izan balute halako etxe orratz erraldoia eskertuko nukeen, nahiz eta ondoko mendi zoragarria ikusteko parada kenduko zidakeen. Orain mendiari ez diot ia sorik egiten bide batez, bide nazkagarri batez, lantegia ere ikusten dudalako.
Lantegiko fitxategian nago, jendea agurtzen hasi naiz, Etxaurikoa, Berbintzanakoa, beti jaten dagoen larraundarra, “bere burua beti aurrena” ere agurtu dut (halaxe deitzen dugu hagitz berekoia delako, egia erran aspaldian ahaztu zait haren izena goitizena aisa aproposagoa delako). Fitxa sartu dut, bortz eta erdiak, ortzeguna. Ortzeguna! Oraino! Gorrotatzen ditut ortzegunak. Bere garaian garrantzi handia izanen zuten, doike, Ortziren eguna, Thor edo eta Jupiter jainkoena bertze kultur batzuetan, baina gaur egun gehien gorrotatzen dudan eguna da ortzeguna, osteguna, eguena. Hiru hitz egunetan den nazkagarriena izendatzeko. Nazkagarria, bai. Ez dakit nolakoak izanen diren ortzegunak erretretan sartu direnendako, baina ni bezalako langile batendako nazkagarria da. Astearen astuna ederki aski nabaritu eta pairatu arren, oraino ez da jairik hurbilean, ez! Neka eginda egonagatik, ezin bota dezakezu ixuxúrik (asturiar adiskideak dioen bezala, Asturiesen halaxe erraiten omen diete irrintziei, ixuxú) larunbaterat iristeko oraindik lanegun bat gainditu behar duzulako. Joan den asteburua lekutan dago, larunbatean adiskideekin egindako afari-askaria (honek errusiar neska baten deitura emaiten du: “Lilit Afariaskaria”) atzendu duzu, bertan botatako irriak eta xextoak ere ahantzirik. Asteleheneko, astearteko eta asteazkeneko neke-lanek ezker besoko lesioa iratzarri didate, minberaturik lan egitea ez da gozoa eta mutuako petrikiloek zaharreriaren ondorioa dela erran dute sendatzeko ardura beren gain ez dagoela argi utzi didatelarik. Eskuin besoa ebakuntza-gelatik iragan ondoren, halabeharrez ezker bihurtu behar izan nuen nik, ia eskuin hutsa nintzen honek. Ohiturak aldatu behar izan nituen dena ezkerrari egokitzeko. Eta dena ongi zihoan, guti goiti-beheiti, ezkerra izorratu zitzaidan arte. Geroztik halako masajista igurzlearekin hitzordua dut ortzirale arratsean. Ortziralean! Ez ortzegunean. Dena du txar ortzegunak. Ezin duzu gehiago, nazkaturik zaude, nagusiari muturrak odoletan uzteko gogoari nekez eusten diozu; haraitzina (mesozoikoan-edo) jubilaturik egon behar izan arren, nagusiaren idazkariarena egiten duen atso zahar koipe-emaileari Perurenaren harria bizkarrezur makurtuaren gainean jartzeko daukazun gogoa sekula baino handiagoa da ez aste-haste eta ez aste-bukatzea ez den ortzegunetan. Ezin duzu gehiago eta, halarik ere, lan egiten segitu behar duzu. Makineriaren asotsak entzumena net xumetu digu langile guztioi, kontuaren bitxia: gero eta ozenago mintzatu arren, gero eta gutiago aditzen diogu elkarri. Banago ez ote genukeen gormutuen hizkuntza ikasi beharko, baina banago, halaber, ez ote den makurrago izanen lantegian egoiten diren hautsak eta txinpartek kalte handia eragin baitiote gure ikusmenari. Ene bada, honela bagaude orain, Estatuko kontulariak ez dik lorik galduko gure erretiro pentsioarekin, jubilatu bezain agudo hilko gara, jubilatzekotan, naski.
Orenak hagitz poliki iragaiten dira, polikiegi. Komunerat joan naizelarik ordularian goizeko zortziak direla ikusi dut, zortziak! Ortzegun buruzuri nazkagarri honetako zortziak. Ez aste-haste ez aste-bukatzea ez den erdi-erdiko egun honetako zortzigarren orena pairatzen ari gara. Oraino sei ordu ateratzeko eta gainera eskerrak eman behar!, hagitzez okerrago daude arratseko txandakoak lantegirat eguneko unerik beroenean sartzen dira eta.
Lasai, lehen geldialdia hurbil dago, zortzi eta erdietan ogitartekoa janen dugu. Hamabortz minutu exkaxetan, baina jan eginen dugu. Telebistan osasuna bizkortzeko aholkuak emaiten dituztenean, horretarako programa gaitzak prestatzen dituztelarik, emandako gomendioei egiten zaien kasuari halako jarraipena egin beharko liokete. Bizitza musika gozoaz laguntzea osasungarria da, guk, aldiz, lauretan hogeita hamabi dezibelioko metala dugu entzungai egunean zortzi orduz. Metala, bai, heavy metala balitz, bederen. Metal hutsa da, mailuen tiriki-traukia, nahasgailuaren pisoiaren kixki-kaxka mingarria, jasogailuen txirrinek nahiz balaztak sortzen dituzten kirrinka hotsak, jendearen elkarrizketen bolumena bera ere ez dira belarriak goza litzaketen musikarik onena, aukeran Su Ta Gar hobe. Betetzen ez dugun bertze aholku bat da lasai jatearena. Larraundarra gauza da ogi oso bat bete xingar-azpi hamabortz minututan irensteko, nehork ez dik ulertzen nola erdiets dezakeen lastertasun hori, baina egin egiten du, alajainkoa! Gure txegosteek, nahitaez, astun suertatu behar dute, gainontzeko orduetan ogitartekoa-eta aise eta astun nabaritzen dugu urdailean, masadera bera lan egin nahian, baina alferrik.
Goiza iragaiten ari da, lankideen bekoki izerditsuetan antzeman daiteke. Laster hamarrak izanen dira, bisitarien txanda iritsiko da, gero eta usuago suertatzen dira bisitak lantegian. Kanpotik heldu diren bezero-gaiak lantegian zehar ibiliko dira makinak-eta ikusten. Hori dela eta garbiketa arreta ezinago zurrunaz txukundu behar dugu geure lanpostua. Komuneko papera joan den astean bukatu bazen ere, lantegiak txukun egon behar du. Makinen azpiak gero eta zikinago dauden arren, lantegiak txukun egon behar du. Nagusiak hondar bi hilabeteak ordaintzeke baditu, halarik ere lantegiak txukun egon behar du. Zure lan-prakak zirtzil hutsa dira, nahiz eta duela hilabete osoa Giza Baliabideen Arduradunari berriak eskatu zenizkion, ipurdia antzemaiteaz gain, ikusi ere egiten zaizu, guztiaz ere lantegiak txukun egon behar du. Eta zuk ez duzu aste hastapeneko indarrik, ez ergelkeria gehiago jasaiteko gogorik, ez nagusiaren koipe-emaile ofizialaren irri hipokritari so egiteko pairamenik. Harri eta zur uzteko modukoa da batzuen egonarria egiaztatzea. Lantegiko zaharrenak dira, zargalduenak; baina, era berean, jakintsuenak, ekandu eta okermin guztien jabeak. Gauza dira astakeriarik handienak entzuteko begitartean neholako aldaketarik islatu gabe. Ohitu egin dira, lehen “joditu” eta gero ohitu. Bisita etorri aitzin denak garbi egon behar du, dena xahu-xahu, bertzenaz xahu gara
Gorputza lehertzear dago, belarrietako mina gero eta bortitzago da, buruko mina berdin. Eutsi zeniezaioke bihar jai bazenu, edo atzo izan bazenu, edo lankideen aldartea ona balitz, baina denak berdin daude, zapaldurik, okaztaturik, buruaz bertze egin hurren.
Berbitzanakoa etorri zait galde egiterat ea lagun diezaiokedan. Harekin joan naiz eta ohartu, enegarrenez, lanpostu bakoitzak atsedenlekuak ez ezik, bere putadalekuak ere badauzkala. Kanpotik ikusirik iduri duke norberaren lanpostua dela gogorrena, bat-bedera dela lantegiaren alderik gogorrena jasaiten duena. Lekuz leku ibili ondotik agudo egiazta daiteke zakurrek toki guztietan ortotsik ibiltzeko joera dutela. Laguntzen emaniko orenean izerdia litroka isuri zait. Nekea (eta asperra, eta kiratsa, eta azantza, eta herotsa) leuntzeko lankideak eman dizkidan kutxa ezkutuko pastak gorabehera, eguna nekaturik jasaiten ari naiz. Mahukekin izerdia idortu baitut, bekokia zikin daukat, minduta, gorri-gorri. Are gorriago jartzen zait begitartea nagusiak bere kohorte osoarekin bezero-gaiarensasi-xextoei barre egiten dielarik. Oraingo honetan, aldiz, nabari agertu nahi izan dut eta, asmo horrek gidaturik, “ilustreen” talderat hurbildu naiz, ni eta komunaren artean kokaturik daudenez, estakuru ederra kausitu dut egin behar dudana egiteko. Presa aurpegia jarri, hankak arras estuturik ibiltzen hasi naiz komunerako premia daukatenen itxura egiteko, bezeroak ikusi nau eta barre egin du, nire kontura, irrigarria iduritu zaio bidean kaka egitear dagoenaren larritasunezko ibilera. Aditzerik izan ez dudan zerbait erran dio aldamenean daukan koipe emaileari.
Kasu, kasu, komunerat noa — jakinarazi diet larritasuna azpimarratu nahian. Bezeroak, ordea, hor segitzen du, komuneko atetik txoil hurbil. Orain duk unea, bota puzkerra-–erran diot neure buruari. Hausnartu eta burutu. Hutsik gabeko gibel hatsa bota dut, aditu gabe ere, orok sentitzen ahal izan duen puzkerra. Gero komunerat sartu eta jendearen erantzunaren zain geratu naiz. Taldea agudo barreiatu da.
Hamar minutu eman dut komunaren barnean, “libraldi” arrunt batek dirauena. Atera naizelarik Berbintzanakoa topatu dut, barrez lehertzen
-Ez zekiat zer janen huen atzo afaltzen, baina erbia baino lasterrago joan dituk. Ongi-ongi, egin itzak halakoak astun hauek hurbiltzen direlarik.
Eginikoaz harro, lanposturat itzuli nauk. Erlojuan hamabiak direla ikusi dut, bi ordu, bi ordu eta etxerat! Ea agudo eta kontu txarrik gabe doazen.
Makinaren olioa aldatzen hasi berri naizelarik, arduraduna etorri zait, haserre, hagitz haserre.
-Hi, txerri halakoa, etor hadi kamioia deskargatzerat.
-Hago heure mihiaren jabe, hemen txerririk ikusi nahi izanez gero, begiratu hor —erran diot bulegoa erakusten niono.
-Txerria, bai, ez al duk hik bota puzker handi bat bisitarien aurrean.
-Nik? Ez. Hor makina honen betiko kiratsa zegok, nabari duk ez haizela maizegi hurbiltzen makinen ingururat.
Kabroi hark susmatuko zuen, doike, kamioi bat deskargatzerat eraman nau, eskuz deskargatzerat, besoa nola daukadan adierazi badiot ere, segi nezan agindu dit. Kasurik ez egitea erabaki dut eta makina hartu dut. Ortzeguna da, laugarren laneguna, denetan nazkagarriena, jarduera desberdinak pairatzen eman dugu gaur arteko lau lanegunak, hauxe da aste honetan egokitu zaidan berrogeigarren lana. Zeharo moderno bihurtu nahi duen lantegi honetan denoi egokitzen zaigu hamaika lan izaitea. Hamabortz ofizio, hamasei miseri. Halaxe da, Muzkiztarrak zioen bezala: langileak tokiz toki eta lanik lan ibilarazten dituen zuzendaritza ez da serioa. Alfer lana da aldatu nahi izaitea. Mehatxuak beti hor daude, atea bezala. Ateaz haraindian langabezia dago, exkaxia, landerreria, apoita. Ateaz honaindian, aldiz, joputza, nekea, izerdia, odola, osti txarra eta hilaren bukaeran, ontsalaz, sos batzuk.
Atetik beribilak etortzen ikusi ditut, arratseko txandakoak dira. Aparkatzen hasi dira, xextoarixexto ari dira ibilgailuetatik jaisten direino, erretzaileek zigarroen hondar puxkak dastatzen dihardute, batzuek atearen ondo-ondoan hondarra kanporat botatzeko, lantegian ezin erre daiteke. Lantegian ezin erre daiteke!, mila lurrun bapore hilgarri sudurrera ditzakegu, hamaika olio kutsakor irensteko arriskua dugu, zoru irristakorrean sekulako ipurdikoak ikusi ditugu, halarik ere, debekatzen duten bakarra erretzea da.
Jendea sartzen hasi da, gazteenek irri egiten dute asteburuko plana elkarri kontatzen dioten bitarte alaigarrian. Zaharrenek, aldiz, ortzegun aurpegia dakarte, jota egonik ere oraino hamasei lanoren jo eta ke burutu behar dituztenen aurpegia, alegia. Sentimendu kontrajarriak dauzkat. Alde batetik gaizki nago arratseko zaharrei geratzen zaiena ikusirik, baina bertze alde batetik pozik eni ortziral aurpegia jarri zaidalako. Makurrena gainditu dugu, ortzeguna, bertze ortzegun bat gainditu dugu. Gaur zortzi arte errepikatuko ez den egoera nazkagarria gibelean utzi dugu, lan egutegitik ezabatu beharko luketen eguna, ortzeguna, menperatu dugu.
Orain etxerat joanen naiz, eta leihotik begiratzen dudalarik lantegia ikusiko dut, eta ogi erosterat jaisten naizenean lantegia ikusiko dut, eta beribila erregaiz hornitzerat noanean lantegia ikusiko dut, eta semearekin ezker paretan aritzerat abiatzen naizenean lantegia ikusiko dut, baina kanpotik, horixe dut kontsolamendu bakarra. Ez da guti.