Norengandik etortzen dira, nolakoak dira, zergatik hegan egiten dute, argiarekin zer harreman duten eta nola dakigu hainbeste beren bidaiei buruz ikusi eta gero, goazen orain beste ezaugarri berezi batzuk ezagutzera. Baina horretarako, hirian, herrian, bidean, errepidean, erreka eta ibaien ertzean, baso ilunean, baratzean, landan eta abarretan ez da begiratu behar, ikusi baizik.
Hiriko txori bat ikusiko dugu lehendabizi: kalera atera eta txolarrea (gorrion – moineau domestique) ikusiko dugu, lur osoan zehar hedaturik (bakarrik Antartikan ez dago), baso ilunetan eta oso herri txikietan ere ez dugu aurkituko.
Denek berdinak diruditen arren, ongi ikusita sexu ezberdintasunak ikusiko ditugu: arrek txapela grisa eta bizar beltza bularretik mokoraino (azken hau udan nabariagoa da), sabela grisa eta dortsala marroi iluna marra beltzez jantzita dute. Emeak eta gazteak apalagoak dira.
Kabia teilatuetan, hormetako zuloetan eta zuhaitzetan ere bai egiten dute. Emeak gai dira 50 arrautza erruteko errutaldia bukatu baino lehen kentzen badizkiegu. Nola dakite errutaldia noiz bukatzen den? Misterio bat da, normalki 6 eta 8 arrautza jarri eta gero inkubazioa hasten dute. Bikoteak bizitza osoa iraun dezake.
Orojaleak dira, udan intsektu asko (askotan kotxeko aurrealdean hilik daudenak) jaten dituzte.
Euskal herrian hamaika izenez ezagutzen ditugu, besteak beste honako hauek: artatxori, elizatxori, errotatxori, gurringoi (gaztelaniazko izenatik etor daiteke, euskaldunak ez ziren eremuetan “pardal” esaten baitiote), kurloi, lastatxori, hormatxori, dorretxori, txau-txau, txolarre, txori eta abar. Hauek eta beste 20 gehiago Euskal herrian, pentsa ezazue munduan zehar zenbat izango dituen, horregatik bere izen zientifikoa erabiltzea hoberena da: passer domesticus.
Atakomendi