TABERNARIA

Egia erran ez zekiat noiz gelditu dudan kamioia hondarrekoz. Eskuin zango hau azeleragailuari itsatsirik geratu dela emaiten dik. Aldapan goiti goazelarik, oinetakoa beheko aldetik atera arren, lastertasuna ez duk lastertzen. Maaaaantso goazak, arrasmaaaantso. Oro aitzintzen zaiguk, kamioiak hizketan baleki, solasaldi luze bezain sakonak ukan genitzakek aldapotan. Gaiez behar den hausnar eta beta harturik, erlojuaren diktaduratik aske.
Kasua, aldiz, txoil bertzelakoa duk, gaua duk, duela hiru oren-edo afaldu diat eta Morfeo gaiztoa bisitan etorri zaidak, indarrak alde egin nahi didala susmatzen hasia nauk eta, dagoeneko, hirugarren burukada eman zioat bolanteari. Trailerrekin ibiltzen hasi nintzelarik ez nitian sobera gogoko bihurgunez beteriko errepideak, beribilarekin ibiltzerat ohiturik, bazter guztiak zapaltzen nitian garraioaren gurpil erraldoiekin; ezkerrerako bihurgunetan zuzen zetozkidan gidariek txistu egiten zidatean, haserre, ene iaiotasunari buruz halako iritzi bereziak botaz, neholaz ere neure egiten ez nituen iritziak botaz. Eskuinerako bihurgunetan, ordea, ezpondak ederki zotalarrotzen nitian nahiz eta gurpiletan garesti suertatzen zitzaidaan.
Orain, aldiz, gauez ibili behar dudalarik horiexek ditiat maitatuenak, bihurgunez beteriko errepideak. Nekez har hazake loak arreta zeharo eskaintzen badiek bideari, kamioiari, bizitzeari berari. “Lur arrotz honek infernua dirudi” kantatzen ditek Ken Zazpi taldekoek Malen abesti zoragarri bezain hunkigarrian. Halaxe sentitzen nauk ni orain, infernuan, otserrian, jende-basamortu honetan; dunarik gabekoa izanagatik eremu hutsa den honetan; etxeak sakabanaturik gabe, sakon banaturik dauden honetan;  bertze nehon ez diat halako etxerik ikusi, lurraren azpian zeudek, nekez antzeman daitezkek egunez, eta gauez, jakina, ezin ikus ditzakek, desagertu bezala egiten dituk etxeak nahiz biztanleak Eguzki Anderea bere amaren baitarat doanetan. Agentziakoak azaldu zidalarik burutik joana zela erran nioan, “nolatan egon daitezke etxeak lurpean?” izan zituan ene eleak. Oker nengoan, halaxe zeudek, antza denez neguan hotz gaitza egiten dik eta udan, aldiz, sekulako beroa. Urez beti urri ei zebiltzak eta etxearen giroari eustea ditek helburu nagusia halako “ehorzketekin”.
Uler zezakeat eguzki gupidagabeari ihes egin nahi izaitea, oraino gogoan  zeukaat iaz gibeleko gurpil bat zulatuta aldatu ondoko izerdialdia. Hil uste nian, ura behar nian eskuak xahutzeko nahiz zintzurra bustitzeko eta nehor agertu ez. Jakina, agorril itogarrian eskualdeko jendea etxean geratzen duk, ez ditek pasatzerat ausartzen direnak sorosterat joan nahi, etxeko babesa nahiago ditek jaso ditzaketen adiskidantzazko besarkadak baino. Eta ez duk harritzekoa, haien ikuspegitik, jakina.
Geroztik beti gauez iragaiten saiatzen nauk, ez idortzeko. Baina gauak ere baditik bere arriskuak, eta ez guti. Handiena eta hilgarriena, gezurra badirudi ere, loa duk. Ongi joanez gero neholaz ere arriskurik ez luketen tokirik erraxenetan izugarrizko istripuak ikusten dituk, loak eraginik. Nekea, asperdura, lanez gogaitzea, logalea gauaren kide gaiztoak dituk eta eragin gorra izan zezaketek bolantearen aitzinean eguneko oren gehienak eman behar dituenarengan. Hagitz gutitan ikusiko dituk istripuak (salbuespenak salbuespen, jakina) abiadurak tai gabe aldatzerat behartzen hauten tokietan. Uneon nekea gailentzen ari zaidak, abaildura borroka irabaziz zoak, ene defentsek behera eginen ditek berehala kontraerasoa egin ezean. Ziplo lokartu nahi ez banuen ere, amesten nuen txartela ikusi diat: Urlia taberna 20 kilometrora, 24 orduetan irekirik. Behar nuena!
Taberna bat behar diat, eta kafea, ongi prestatua. Eta tabernaria ere, gidarion lagun paregabeak dituk tabernariak. Tabernari kalakaria behar diat orain, urpean ere isilduko ez liratekeenetarikoa. Berritsu nekagaitz horietarik bat. Orojakina, solasturi erraldoietakoa. Eleari ele mihiztatzen dakiena. Nagikeria  hitzez uxatzen duena. Ohatzea atzenarazten duena. Eta, nola ez, bere lanbidea ederki ezagutzen duena, “kafegintza” ogibide duena, behar den bero nahiz aparra emaiten dakiena. Egia duk kafe txarrek, gaizki prestatuek batez ere, iratzartzen hautela … ondoko bihotzerrearen laguntzaz. Halaxe joan zaiguk diru gaitza bikarbonatotan.
Ez diat txarrik nahi. Tabernari on bat behar diat orain bizirik aterako banaiz ataka honetatik. 24 orduetan irekirik egoiteko handia behar dik izan, langileak txandaka aritzen diren horietarik. Zeharkatzen duen ororendako atzerri den lurralde lehor honetan taberna guti baitago, irekita segitzea erdiesten duenak jendez mukuru behar dik egon. Bidaiariak hartarat sartuko dituk edari bizigarriaren bila, ahamen bizkorgarri eske, komun libragarriaren xerka. 24 orduetakoa bada, beti egonen duk gero bidaian, irratiz bada ere, lagun hazakeenik, elkarren iratzartzeko baliagarri izanen den solasari eutsiko dionik. Taberna hiriguneetan besta zaleen topaleku izan daitekeen bitartean, belarrik gabeko zelaiotan etsien berpiztoki bihurtzen duk, hondar bizirauleek beren buruak hilets ez ditzaten mirarizko jainkotegia.
Hurbiltzen ari nauk, gero eta kilometro gutiago behar duk iristeko, eutsi! Han bertze garraiolari batzuk egonen dituk, doike, eta bidaiariak, eta hala izan ezik, solas esnagarria emanen didan tabernaria (Txalaparta ostatuko zerbitzariaren antzerat, erdi lotan ikusten hauelarik burura dakizkiokeen gai guztiak etengabe jorratzen dituena, bere hitz-jarioari esker feniziar bati itsasontzi bat sal liezaiokeena), kafe ebakia punttun prestatuko didana (Txoko tabernako emaztekiak prestatzen zuena gogoratzen zaidan bakoitzean listu jariatzen hasten nauk, hura zen trebezia!), esne ukitu doia emanen diona (lar emon barik, bestela kafesne txikerra dok, Bilboko tabernari batek behin ilustratu zigunez). Aiherrak nagok, behar diat.
Tabernaren kartela ikusi diat, aldameneko aparkalekua ere. Ez diat ibilgailurik ikusi ordea. Zinez toki hila hau, hustua. Lehenagoko etxe lurperatuez gain, deus guti. Tabernako ezkaratzeko argia pizturik zegok, barneko aldea, aldiz, ilun. Beharbada bezero guti izanik, nehor ez dagoen bitarte luzeetan kanpoko argia baizik ez ditek pizten. Bai, eiki, horixe izanen duk. Irratia, bertze garraiolariekin mintzatzeko darabilguna, aspaldixko zegok isilik.
Aparkalekua zabala duk, zinez handia. Ez diat deus berezirik kamioia uzteko nahi bezainbat toki baitago, Jeseus! Nahi bezainbat?! Ez zegok nehor. Halako froga paratu baligute azterketaren egunean aiseago gaindituko nikean. Tira, onena ebaki bat eskatzea izanen duk eta gero bertze bat, edo bi, edo hiru, etxeraino oren batzuk beharko baititut.
Lehen atea ireki diat, ezkaratzekoa. Plastikozko landare luzea ikusi diat, hautsez gainezka, nonbait ez dituk hagitz xahutu zaleak taberna honetakoak. Ondoan bi aulki xahar eta ahul, nekez eutsiko zietek gidariok ohi dauzkagun ipurdi potoloei. Barneko egoitzarat sartzeko ateraino hurbildu nauk eta bultzatu egin diat, hertsirik zegok. Kox-kox jo diat, aiduru nagok, tabernaria noiz agertuko zain. Ez diat astunarena egin nahi, baina haren etorrerari berantetsirik nagok. Berriz jo diat oraingo honetan bizkorrago, indartsuago. Loa uxatzeko kafeinaren beharra zaukaat eta kafeina desiratu eta ez ukaiteak ekurugaizten ohi naik. Non arraiotan dago hogeita lau orenetan lanean diharduen tabernari hau? Komunean egoiteko denbora gehiegi iduritzen zaidak, bikotekidearekin (edo taldearekin) “aferan” harrapatu badut, tamalez, goixko duk deiari erantzuteko (zein unetan harrapatu ditudan). Ez zekiat, kommmtxo! Negozio bat badu, arduratu beharko dik hartaz, bezerooz eta abarrez. Ezin jar zezakek txartel bat erranez beti irekirik egonen dela eta gero itxirik eduki. Goxokia muturrean paratu eta gero kentzea bezala duk hori. Ez duk gizalegekoa.
Kanporat jalgi nauk, ondoko leihoetatik so egin diat ea barnean norbait ikusten dudan. Alfer lana, ordea. Argi guztiak itzalirik zeudek, hotsik ere ez diat aditu, ez zegok etengabeko tabernen usainik antzemaiten hemen, zainak eman zidak txartelekoa gezurra dela. Ai ene! Xahu nauk! Agur ene ebakiari. Gibeleko aldean bazegok ate tipi bat,  jo egin diat, biga bortzetan, gero eta ostia gogorragoak eman zizkioat. Ez zegok nehor.
Madarikazioka nagoelarik bertze kamioi baten argiak ikusi ditiat, aparkatzen ari duk. Nirearen aldamenean utzi dik, egia erran ez zian haren beharrik aski toki baita hain hurbil utzi behar izan gabe ere. Kamioiaren argiak itzali dituk, irratia ere, atea ireki duk eta gidaria jaisten hasi duk. Atea gakoz hertsi ondotik ni nagoen ezkaratzeraino etorri duk haserre, oihuka, biraoka
-Lanbidearen nazkagarria! Hobe okindegia utzi ez bahu, ergel horrek!  –bere buruarekin ari duk bertze batekin ariko balitz bezala.
-Lasai,gizona!—hasi natzaio lasaitu nahian—laster etorriko duk tabernaria eta. Eginen diagu kafetxo bat elkarrekin.
-Tabernaria diok? Zer tabernari eta zer arraio! Hauxe duk tabernaria, 24 orduetan dagoena!—eta behatz erakusleaz paretaren ondoan dagoen makinatxoa erakutsi zidak.
-Nola hauxe? Makina bat?
-Bai, jauna. Hogeita lau orenez lankide bat mantentzea garestiegi omen duk, hobe halako kakaputa bat paratzea, bi egunez behin-edo etortzen duk hornitzailea eta kitto. Ez zegok gastu gehiagorik.
-Baina, baina—urduritzen hasia nauk—taberna bat zegok, lokala baditek, erakusmahai eta guzti.
-Bazegok, ez, bazegoan. Itxi egin zitean duela bi urte etxeko anderea, sukaldariarena egiten zuena, hil zelarik—erran zidak gidari etorri berriak txanpon bat makina kakaputan sartzen ari den bitarte etsigarrian—bakarrik zegok geroztik, haren senarra potroso hutsa zuan eta zian saldu. Hark saldu eta guk galdu. Emaztea sukaldari ona zuan, haren almandrongilak! Haren arrain zopa! Haren pastizak! Beti zian solas bat bidaiariekin partekatzeko, beti kontuñoren bat, xexto bat. Emakume atsegina zuan, tabernari aparta, bezerook merezi bezala artatzen zekiena. Ondikotz trenak harrapatu zian. Eta ordura arteko hori guztia, akitu egin zuan. Orain tabernarikakaputa aparta hau diagu… Zer hartuko duk? Errondatxo hau ene kontu.
-Ebaki bat, mesedez—etsirik erran zioat—estimaturik zegok gonbidapena, hurrengoan neronek ordainduko diat. Esker aunitz.
Taberna on baten giroa nahi nian eta tabernarik ez, ezta tabernaririk ere. Solaskidea, ordea, erdietsi diat eta eskertu. Erotuko nindukean hemen okin ohi hau agertu ez balitz. Haren hitzek, osti txarrak eta eskaerak, ebaki hilgarri bihotzerre-sortzaile honek, iratzarrien mundurat itzuli naitek. Nehor ez dagoen leku hits honetan, logalean, aldarte txarrean, kinka gaiztoan lagundu egin naik, lagun diat. Zeinen hitz ederra: lagun. Nola eskertzen den halako egoeretan.
-Urrutirat joan behar?—galde egin zidak jakin-minez, edo bertzerik gabe mintzatzeagatik.
-Bai, sei orduko bidaia diat, ontsalaz.
-Nik gehixeago. Nahi baduk irratiaz mintza gaitezkek hedadurak diraueino.
-Jakina.
Halaxe agurtu eta joan gaituk, nor bere ibilgailuan, nor bere ibilbidean, nor bere gogoetan, baina solaskide hedadurak eutsi dion arte.