Kaixo lagunok,
“Elinberri argibide hiria” proiektu honetan parte hartzeko gonbidapena luzatu didate eta zalantzarik gabe hementxe nauzue. Ez naiz oso zaharra baina bizi osoa naturarekin harremanetan eman dut. Gehienetan perretxikoak eta txoriak nire begiradaren helmuga izan dira, baina landareak, ugaztunak eta narraztiak ahaztu gabe. Arrainak, lehorreko animalia naizenez ez zaizkit horren interesgarri iruditu. Elinberri proiektu honetan norbaitek arrainei buruzko argibideak niri ematea espero dut.
Egun txoriei buruz argibide batzuk emango ditugu, gehienak ezagunak egingo zaizkizue, baina beste batzuk interesgarriak izango dira, edo gutxienez nik hori espero dut.
Txoriak narraztiengandik datoz. Baina nola dakigu hori?
1861ean Bavieran bustinezko losen artean txori narrazti baten aztarnak aurkitu zituzten, 1877an bigarren aztarna aurkitu zuten eta horretan luma baten litografia argi eta garbi ikusten zen, lehen aztarna museo britanikoan dago eta bigarrena Berlinen. Gero 1958an leku berean txori berberaren hirugarren aztarna agertu zen. Horrek orain dela 150 milioi urtera eramaten gaitu. Baina nola zen narrazti hegazti hori?
Mika(urraca) baten tamaina zeukan eta besoak, hegoak ziren lumekin, buztana muskerrarena zen, baina lumekin bi aldetara, eskuko hiru atzamarrak mugitu ahal zituen eta atzaparrez jantzita zeuden. Ikus dezakegu narrazti baten eskua, baina txorien hegoa bezala hiru atzamarrekin eta masailean hortz txiki batzuk zituen. Horrela seguraski zuhaitzen artean mugitzen zen, beraz narrazti-hegazti baten aurrean gaude, izena: Archaeopteryx lithographica edo euskaraz esana: “Hegalaria”.
Atakomendi