Ereduak

Gaur egungo gizarte ereduak, eta arlo guztiei erreparatzen diet (ekonomia, kontsumoa, aisialdia…), “nekazaritza” eredu jakin bat behar dute hauek mantenduak izan daitezen. Behin, lagun batekin hizketan ari nintzela, honek esaten zidan handizkariak direla katua uretara eramaten dutenak, eta hauek direla ere gure egoera kaxkarraren erantzule zuzenak. Hein handi batean arrazoia zuen, baina handizkaririk gabe Iruñea edo Bilbo bezalako hiri handiak hornitzea posiblea litzateke? Ez. Asko aldatu beharko lirateke gauzak edo hobe esanda, ereduak, ez da hala?

Gaur egungo gizarte antolaketak “nekazaritza” mota jakin bat behar du; basatia eta handizkako ekoizpena burutzen duena, zenbakiei soilik erreparatuz, lurrari eta bertan bizi diren eta bizitza ematen diguten bizidunei bizkarra ematen diena, are gehiago, hauek behin eta berriro suntsitzen dituena.

Negozio bat da, eta negozioetan badakigu zeintzuek agintzen duten: zenbakiek. Gaur egungo bizitza eredu eta gizarte antolaketarekin gure lurraren suntsiketa bultzatzen ari gara, eta berarekin gure arbasoek mimo handiz utzitako ondare ikaragarria. Ni bezalako lau zorook ezin dugu Iruñea edo Bilbo bat elikatu. Zoro gehiago behar dira.

Zoro gehiago bai, baina, zoroak ulertzen dituzten pertsonak ere bai. Modu iraunkor batean ekoizteak eta kontsumitzeak ahalegina eskatzen du (garaiko jakiak jatea, bere benetako balioaren aitortza…). Gaur egungo gizarteak ordea, arrazoi ezberdinak direla medio ez dago ahalegin hori egiteko prest.

Izen-Abizenen aferara itzuliz, Nekazaritzaren definizio zuzen bat egin beharko litzateke. Zer da orduan nekazaritza? Fabrika batean bezala soilik faktore ekonomikoak aintzat hartzen dituen ogibidea? Orduan, gauza bera al da torlojuak edota tomateak ekoiztea zenbakiak ateratzen diren bitartean? Berdina ere al da ekoizpen mota horiek eragiten duten suntsiketa naturala eta pertsonala? (erabilitako produktu toxikoak osasunean eragiten baitituzte kalteak ere). Berdina al da, edo ez?