Ilargiaren karta

Zenbat malko lehortu ditut…zenbat irribarre, zenbat gorroto konpartitu. Zenbat izerdik berotu naute… zenbat odolek zauritu. Sekretu izkutu eta amets guztien babesleku naiz. Zeru beltzeko argia naiz eta mila izen dauzkat, zuretzat baina , ILARGIA naiz. Oholtza beltzan, gauero dantzatzen dabilen ipurtargia, baina beti bakarrik, izarrak urrunegi baitaude.

Bihotz mutu, gor eta itsuen maitalea naiz, bakartiena. Gudari zapalduarena eta ziegako preso ameslariarena, ahate itsusiarena eta dorreko printzesa ahaztuarena, partxedun piratarena eta pailazo negartiarena… denak datoz niregana babes bila, nire altzora, beldurren saretik ihes egin ezin dutenean, nire besoarteen estutasunean aske sentitu nahiean.

Baina eguzkiak itzaltzen eta eguneroko giltzapera bidaltzen nauenean, muxu eman gabe, agur esan gabe doaz denak, inor ez dator ni askatzera, inork ez du nire aurpegi ezkutua, hotz eta ezezagunera hurbildu nahi, inor ez dator iluntasunean argitzera.

Euripean ur tantek nire gorputza laztantzea nahi dut, gauaren zuri beltza atzean utzi eta koloreekin asetu nahi dut, ortzadarra ikusi, ortzadarra eskutik helduta zeharkatzea.

Bitartean ordea, gauero gauero etorriko naiz bisitan, zuen ametsekin elikatuz, amesten jarraitzeko. Eta inoiz, gora begira eta izarrik baino ez baduzu ikusten… ez negarrik egin, ez burua makurtu, ez utzi amesteari, norberak baitu bere ilargia barruan, bila joan eta giltzapetik atera baino ez duzu egin behar.

GABON!!

LLUNA, LUA, ILARGIA… IPURTARGI DANTZARIA.