Nekazaria zenbakiez haratago begiratzen duen pertsona da, lurraz bizi baino lurrarekin bizi dena. Hau begirunez tratatzen duena, era berean bertan bizi diren izaki bizidun ezberdinak zaintzen dituena.
Askotan izurrite bat agertzen zaigunean eskuak burura eramaten ditugu; akabo gure uzta! Ez da horrela, izurriteak zerbaiten erakusle dira, desorekaren bat daukagula esaten digute. Lurra ongi zainduz gero, oreka bakarrik etorriko da, izurritea kontrolatzen duen harraparia agertuz. Horrelakoa da natura, beti orekara jotzen du, gu gara askotan, oreka hori behin eta berriz apurtzen dugunok.
Nekazaria izatea ez da soilik etekin ekonomikoak bilatzen aritzea, gizarte etekinak ere hor daude; zein balio du natura ez suntsitzeaz gain zuk ekoiztutakoa osasuntsua izateak? Aski probatua dago gaur egungo gaitz askoren atzetik elikatze ohitura desegokiak ditugula. Eta zer esanik ez produktua ekoizteko erabiltzen diren hainbat produktu toxikok eragindako kaltea. Eta produktu toxiko hauek eragindako kaltea tratatzeko produktuak! Sokatik tira eta botika-industria atzean ere dagoela ikusiko dugu, kasualitatea? Ez, negozioa. Ereduak.
Nekazaria izatea bizi eredu mota jakin batean datza, non faktore asko elkarri lotuak agertzen diren, ez produktiboak soilik. Faktore ezberdin hauek aintzat hartzen ez dituen nekazaritza ez da nekazaritza, negozioa baizik, eta dirua tartean dagoenean…
Beraz, orain zer motatako nekazaritza egiten dudan galdetzen didatenean, nekazaritza egiten dudala erantzuten dut. Eta puntu.