NIK EZ DUT ORDAINDUKO BESTEEK ORDAINTZEN EZ DUTEN ARTE!!!
Zenbat aldiz entzun dugu esaldi hau bizilagunen bileretan? Are gehixeago, bizilagunen komunitateak baldin baditu holako baldintzak: 8 – 12 bizilagun eta bizpahiru etxabe, eraikuntza 40-50 urte eta bizilagun baten bat sekulako zorrarekin edo bankuak enbargua egitear.
Jakina! Hori bakarrik deskribapen txiki bat da; gainera, okerrena edo arriskutsuena zera da, duela hiru egun zati batzuk erori zirela eraikuntzako hegazpitik karrikara espaloira, eta gutxigatik ez zuen jo agure zahar bat buru gainean; suhiltzaileak agertu ziren, eta erortzear zeuden zatiak bota zituzten, arriskua gutxitzeko.
Udaletxeak, erantzule ez denez eta zergak lortzeko, bi eskakizun bidali ditu bizilagunen komunitatera obrak egiteko: hegazpi eta teilatupe osoa berritzeko, eta, ez bada egiten hiru hilabeteren buruko, isuna. Gainera, Jabetza Horizontalaren Legeko 06/2013 Legeko 10. artikulua aldatu egin zen, eta administrazio publiko batek horrelako obrak eskatzen dituenean ez da beharrezkoa bizilagunen batzarraren akordioa egotea; EIT eraikinen ikuskapen teknikoak eskatzen baditu ere ez dago akordioen beharrik.
Baina, egia esanda, Jabetza Horizontoalaren Legea aldatuta ere, ez dago erraza berritzeko edo premiazko obrak egitea. Hasieran, deskribatutako egoera aurkitzen badugu, 45 urteko eraikuntza bat eta teilatupea eta fatxada berritu egin behar dira. Zortzi etxebizitza eta bi lokal daude; lokalak eta bertze bi etxebizitza erabat abandonaturik daude; zurrumurrua, bankuarenak edo enbargatuak direla. Sei lagun bizi dira bakarrik, bi erretiratu, bikote bat 30 eta 35 urtekoak —biak langabezian— eta bi atzerritar —langabezian horiek ere—. Udaletxearen errekerimenduak eta aipatutako legearen aldaketa alde batera utzita, argi dago eraikuntzaren mantenimenduan gastu bat egin behar dela eraikina baldintza arruntetan egon dadin. Bestalde holako kasuetan, gerta daiteke ere azkenean beharrezko ez diren obrak ez badira egiten, jubilatuak eta komunitatearen betiko jendeak pisua saltzen du, eta beste leku batera joaten da bizitzera. Azkenean, kale osoa zahartuta, ghetto bihurtzen da.
Bankuak, normalean dokumentazioa hiru aldiz eskatu ondoren, zergak-eta ordaintzen ditu —gero bertze gauza bat da enbargatu duenean aitzineko jabearen zorra ordaintzea; legez, azken hiru urteak ordaindu behar ditu—. Eta bizilagunak obrak egitea adosten badute hasten dira zorrak judizialki eskatzen ordaintzen ez dutenei, eta bitartean, udaletxeari epea luzatzeko eskatzen dio. Horrelakoetan, tenorez lor dezake komunitateak obrak aurrera egitea, gutxienez obrarik oinarrizkoenak. Bestalde, diru laguntzak ez dira oso aproposak, bederen aipatzen ari garen egoeretan. Alde batetik, hasiera batean, bizilagunak obra osoa ordaindu behar du gero dirulaguntza lortzeko, eta, beste alde batetik, efizientzia energetikoa bultzatzen ari direlako lelopean fatxada bentilatu egin behar da diru laguntza eskuratzeko. Eta horrek obra haundia eta oso garestia egitea dakar.
Zoritzarrez, aipatu egoeran efizientzia energetikoaren diru laguntzak ez dute balio, eta bertze araudi batzuk beharko lirateke, eta diru laguntza egokituagoak.