Ez, naturak ez du jaberik.
Hala ere, naturak jaberik ez izan arren, gizakiok geroz eta barneratuago daukagu gurea dela eta berarekin nahi duguna egin dezakegula dioen ideia. Etxeak eraikitzen ditugu, errekei edo itsasoari tokia kenduz; autopistak eraikitzen ditugu, mendia zulatuz; eta arbolak botatzen ditugu, animaliei etxea kenduz. Izugarrizko eraikinak, zerua zeharkatzen duten metalezko hegaztiak zein ur azpitik mugitu daitezken makinak sortu ditugu. Naturaren mugak gainditzea lortu dugu hainbat kasutan, baina naturaren jabeak al gara?
Baliabide naturalak erauztea, eskuratzea eta kontrolatzea geopolitika berriaren arazoa da eta gatazka nazional eta nazioartekoak eragiten edo elikatzen ditu.
Betidanik potentzia handiek uste izan dugu herrialde azpigaratuak gure menpe izan ditzakegula eta haiek baino eskubide eta kapazitate gehiago daukagula gauzak erabaki eta zenbait ekintza egiteko. Uste dugu haien lurraldeen baliabide naturalak ustiatzeko libreak garela eta inolako arazorik gabe modu ilegal eta bortitz batean ustiatzen ditugu. Beti ere bertakoen eskubideetan eta bizimoduan arazoak sortzen. Nork ematen digu guri eskubidea haien lurraldeetan lurrean, baliabideetan, bizitzan eta kulturan eskuan sartzeko?
Ez gara konturatzen, azkenean, hau guztia gure kontra etorriko dela. Eta ez, hau ez da beste herrialdeetan gertatzen den arazoa soilik. Baliteke, ustiaketa neurrigabeak beste herrialdeetan burutzea baina gurean ere, arazo hauek agerikoak dira. Izan ere, askotan irakurri daiteke egunkarietan nola ibaiek hiriko garaje guztiak suntsitu dituzten, edota gure Donostiako “La Kontxa” paregabeko itsas pasealekua nola suntsitu duen itsasoak. Norena da errua, gurea ez bada? Naturari bere lekua kendu diogu gu baino indartsuagoa dela ahaztuz!
Naturak bere oreka dauka eta poliki-poliki hau apurtzen ari gara honek ekar ditzakeen ondorioak kontuan hartu gabe.
Beharbada, hau da behar duguna, naturak gu izorra gaitzala, guztiz gainera. Orduan konturatuko baikara nor den gure benetako jabea. Natura.